En direct

Garazi Castaño
Entrevue
June Fernandez Casete
Kazetari eta militante feminista

«Azken urteetan mugimendu lesbofeminista euskaldundu egin da»

Txalaparta argitaletxearen eskutik aurkeztu dute 'Mariokerrak. Nola esan/izan bollera euskaraz' liburua Amaia Alvarez Uriak eta June Fernandez Casetek. Zinegoak elkarteak egindako proposamenari tiraka, euskararen eta lesbianen komunitatearen arteko uztarketaz eta intersekzioaz hausnartu dute.

Audio_placeholder

«Azken urteetan mugimendu lesbofeminista euskaldundu egin da»

Loading player...
Zinegoak elkartearen proposamenaren ondorio izan da 'Mariokerrak. Nola esan/iizan bollera euskaraz'.
Zinegoak elkartearen proposamenaren ondorio izan da 'Mariokerrak. Nola esan/iizan bollera euskaraz'. (NAIZ)

2023 ekainean kaleratu da liburua, baina bi urteko lana izan da guztira. Pozik emaitzarekin?

Bai. Liburu hau Zinegoak jaialdiarekin bi urtez egindako proiektu baten egokitzapena da. Proiektu hori orain arte webgune batean izan da ikusgai, topaketa batzuk ere egin ditugu. Eta bat-batean paperezko euskarri bat iritsi da. Oraindik ere bagara paper-zaleak, nahi dugu proiektua ukitu eta usaindu eta liburutegi eta liburu-dendatan ikusi. Beraz poz-pozik gaude.

Hasieran Aitor Aranaren ‘Gay hiztegiaren’ baliokide bat sortzea zen asmoa. Konplexuagoa da emaitza.

Zinegoak elkartea ezaguna da izen bereko zinema jaialdia antolatzeagatik, baina azken urteetan proiektu kulturalak ekoizten hasi da. Testuinguru horretan proposatu zidaten euskalzaletasuna eta LGTBI identitateak uztartzen zituen egitasmo bat diseinatzea. Aranaren ‘Gay hiztegia’-ren baliokide bat lesbianismotik sortzea izan zen nire hasierako ideia. Amaia Alvarez Uriarekin jarri nintzen harremanetan, besteak beste, euskararen erabilera inklusiboa landu duelako berak. Militantzia eremuan ere egin du ekaprena. Bere garaian kide batekin batera ‘bollera’ esateko ‘zoropila’ berba proposatu zuen mugimendu lesbofeministan. Oroitzapen hori nuen eta proposamena luzatu nionean berak esan zidan aberasgarriagoa izango zela proiektu kolektibo eta parte-hartzaile gisa planteatuta.

Eta nolakoa izan da bidea?

Lehen urtean Euskal Herriko hainbat bollera euskalduni galdera sorta bat luzatu genion. Haien erantzunetatik glosari moduko bat atera genuen eta haien ekarpenak Zinegoak-eko web atarian argitaratu genituen, hitzez gain hausnarketa pilo bat zeudelako presente. Bigarren urtean, konturatu ginenez, hitzez harago, bollera eta euskaldun gurutzaketari buruz hausnartzea interesgarria zela, sakoneko elkarrizketak egin genituen bollera kolektibo eta norbanakoekin. Azken ardatza sorkuntza izan zen, euskal bollera artistei (bertsolari, idazle, ilustratzaileei…) gure lanerako piezaren bat sortu edo lagatzeko proposatu genien.

Landutakoen artean daude euskal bolleroen errealitate eta praktika linguistikoak. Horien artean askotan kontraesanak daudela sumatu duzue. Zeintzuk dira kontraesan horiek?

Belaunaldi eta lurralde artean egoera ezberdina da. 40 urtetik gorakoek aukeratu beharra izan zuten: giro euskaldun heterosexualetan bizi edo giro LGTBI erdaldunean, alegia. Hala ere, batzuk espazioak sortzen saiatu ziren, bollera euskaldunen topaketak egiten esaterako. Duela 20 urte inguru izan zen hori. Azken urteetan mugimendu lesbofeminista euskaldundu egin da. Gasteizkoa adibide garbia da: 7menos20 kolektiboko Txikiri ‘La vasca’ deitzen zioten, arraroa zelako giro LGTBIan euskaraz bizitzea. Eta gaur egun, BALA kolektiboak euskaraz militatzen du eta euskarazko iruditegia sortzen ari dira. Esaterako, ahobizi sinbolodun pegatina bat egin zuten cunnilingusaren irudiarekin jolastuz. Kontraesanei dagokionez, bestalde, askok aipatzen dute euskararen normalizazioaren aldeko borroka eta aniztasunaren kudeaketan sumatzen dituztela.

Erreferentzia eta erreferente faltaz gain, euskal bolleren errepresentazioaz ere hausnartu duzue.

Libururako berariaz sortu dugun edukia da hori. Esentzialismoan erori gabe, nahiko agerikoa da begirada heterosexualetik pertsonai bat sortzen denean gertatzen dena. Deigarria da, adibidez, zein joera dagoen lesbianak telesailetan polizia izan daitezen. Itziar Ituñoren pertsonaiarekin gertatu zen bere garaian Goenkalen. Eta orain dela gutxi ‘Intimidad’ telesailean; beste pertsonaia bat da, baina berriro ere Ituño lesbiana eta ertzaina da. Maitasun erromantikoa ere ageri da… Horrelako mainstream produktuetan ez dira gure disidentziak irudikatzen.

Hala ere, azken urteetan halako kultura bollo-euskaldun baten eztanda izan da. Bollo-bertso saioak nabarmenduko nituzke eta orohar bertsolaritzan dagoen ikusgarritasun lesbikoa. Beste adibide bat eRRe emanaldia izan daiteke. Edota Edurne Azkarate bezalako aktore batek, egun duen proiekzioa ikusgarritasun bolleroa sustatzeko erabiltzea. Baita Olatz Salvador musikariak ere. Halako erradiografia bat osatu dugu eta horri gehitzen zaizkio laugarren kapituluan hainbat artistek egindako ekarpenak.
                   
Euskalgintza eta feminismoaren arteko uztarketaren inguruko hausnarketetan dezente aurreratu da. Zuek urrats bat harago eman duzue eta hegemonia linguistikoaren eta hetero-arauaren arteko harremanean jarri duzue fokua. Zein lotura topatu dituzue?

Elementu komun asko topatu ditugu, armairua eta estres-linguistikoarena, adibidez. Euskaltzaletasunean armairuaren analogia erabili izan da. Hala sentitzen da: bollera izatea eta euskaraz bizitzea normaltasunaren aurka egitea da. Eta alde batetik edo bestetik borrokatzea dagokizu, baita bi zentzutan ere. Horrek estres-linguistiko bat sortzen du, argi eta garbi, eta zama sentipena. Eztabaida mahaigainean dago: ikusgaitasuna exijitu behar al diegu pertsonaia publikoei? ‘Outing’-aren debatea da hori. Zilegi al da aipatzea pertsonaia bat bollera dela, demagun bertsolari bat, jakinda berak ez duela bere burua horrela posizionatzen?

Feminismoaren eta euskaltzaletasunaren arteko lotura asko landu da, baita estrategien inguruko eztabaidak ere. Gure kasura ekarrita gauza bera da. Zer egin behar dugu: seduzitu, konfrontatu…? Produktu kultural propioak izatearen beharra beste elementu komun bat da. Kezka hori presente dago bietan, baita komunitatea indartzearen beharra ere.

Kulturgintzatik emandako aurrera-urratsak aipatu ditugu. Baina, militantzia eremuan, oraindik ere kontrajarri moduan sentitzen diren bi mundu al dira euskalgintza eta mugimendu transmaribibolloa?

Egia da pandemiaren ondorioz nahiko momentu likidoan dagoela militantzia, baina badaude azpimarratzeko kasuak. EHGAM esaterako, 90eko hamarkadan sortu zen eta euskalduna zen. Berpizten ari da orain eta euskaratik egiten ari da hori berriz ere. Belaunaldi berri bat egon da, orain malkartsu dagoena, baina espazio berriak sortu dituena. Bollo-bertso saioak aipatu ditut aurrez, militantzia eta kulturgintzaren arteko mugak lausotzen direlako. Egia da azken urteotan hiriburuetako elkarte bolleroak ahuldu direla, baina herrietan talde berriak sortu dira eta kasu askotan euskaraz jarduten dute edo elebidunak dira. Beraz nabari da Euskal Herriko errealitate linguistikoa aldatu dela eta ulertu dela euskara badela militatzeko hizkuntza aporpos bat. Koherentzia moduko bat eskaintzen du: hegemonia baten kontra egiten duzunean koherentea da gainontzeko hegemoniak ere zalantzan jartzea.

Lesbiana eta bollera izendapenen artean bada desberdintasunik. Pisuzkoa askotan. Zein hautu egin duzue zuek terminologikoki?

Partaideen esku utzi genuen hori. Belaunaldien arteko desberdintasuna sumatzen da. Nagusientzat lesbiana bada termino politiko bat, bere garaian ikusgai izatea lesbiana moduan oso apurtzailea izan zelako eta lesbianismo politikoan kokatzen direlako. Azken urteotan, LGTBI identitateak neurri batean normalizatu direnez, gazteek beharra ikusten dute ‘bollera’ edo ‘gouine’ bezalako termino konfrontatiboak erabiltzeko, iraina apropiatzearen ariketatik datozenak. Desberdintzeko hetero-arauean nahiko eroso txertatu diren lesbiana aberats, txuri, lirain.. horietatik. Identitate ez-politikoetatik, alegia.

Mariokerrak hitza asmatu dugu guk. Amaia Alvarez Uriaen ekarpena izan da, queer-en baliokide moduan erabiltzeko. Azken boladako beste eztabaida bat da ea identitateen politikatik atera eta zishetero-arauaren aurkako fronte bateratua osatu behar dugun, proiektua politiko amankomuna osatuz. Ondarroan, adibidez, ‘desbiderau’ hitza erabiltzen dute. Beste bide posible bat iruditzen zait. Ez soilik sexu orientazioak izendatzeko, baita arautik ateratzen garen pertsona arraro eta desbideratuak modu zabalagoan izendatzeko ere.

Bollojabetza gisa definitu duzue bi urtetako lana. Zer esan nahi duzue zehazki horrekin?

BALA kolektiboaren ekarpena da oraingoan ere. Durangon ospatutako azken Jardunaldi Feministetan haien ponentziarako erabili zuten hitza. Iruditzen zaigu azkenean ikusgaitasun lesbikoa ardatz duen proiektu profesional edo militante batek ere behartzen zaituela zure eguneroko bizitza signifikatzeko. Adibidez, gertatu zaigu, gazte sortzaileak liburuan parte hartzera gonbidatzean, zalantza egitea. Oraindik badirudi norbaiti  galdetzea «zu bollera zara?» arraroa dela. Eta hori ere gertatu zaigu errepresentazioen kapituluan, zein artista aipatu eta zein ez zalantza egitea. Armairuekin topo egin dugu proiektuan zehar, barnekoak zein kanpokoak. Horregatik, bollojabetza ariketa kolektiboa izan da, baina baita norbanakoena ere.

Jaurlaritza Logoa