En direct

Ion Garate
NAIZ Irratia. KirolHaria saioko gidaria
Entrevue
Haimar Zubeldia
Txirrindulari ohia

«Tourra turismo kanpaina handi bat da eta Euskal Herria munduko txoko guztietara iritsiko da»

Usurbildarra 1998tik 2017ra bitartean profesional mailan aritu zen. Tartean hamasei aldiz lehiatu zen Tourrean, urte askotan Top10ean sarturik, gainera. 2017an Donostiako Klasikoan erretiroa hartu zuen. Mendian ondo moldatzen zen arren, erlojuaren aurkako probak ziren bere berezitasuna.

Audio_placeholder

«Tourra turismo kanpaina handi bat da eta Euskal Herria munduko txoko guztietara iritsiko da»

Loading player...

Haimar Zubeldia, Tourrari begira, NAIZ Irratitik igaro den bigarren protagonista da. Meritu handiko ibilbidea du usurbildarrak. Tourrean bakarrik, adibidez, Euskaltel Euskadirekin 2003an bosgarrena izan zen, 2006an zortzigarrena, 2007 berriro ere bosgarrena, 2012an Trekekin seigarrena, 2014an zortzigarrena... Umiltasuna lagun, ez du txirrindularitza mundua baztertu, eta haren esperientziaren lekuko izan gara irratian.

Zergatik da Tourra hain berezia?

Hitzekin azaltzeko zaila da. Galdera hau askotan egin didate. Lehenengo aldiz korritu nuenean, segituan ikusi nuen oso berezia zela. Beste lasterketa batzuetan egona nintzen, baina hura ikusitakoan, aurretik ere telebistan ikusten genuen eta ikusten genuen noraino iristen zen, nolako zabalkuntza zuen bertan egindako edozerk. Eta lehenengo aldiz korritu nuenean, ikusi nuen uste baino gehiago zela, gainera, eta handik hona Tourrak zerbait egin badu, handitzera egin duela eta bertan egon den edozein txirrindularik lasterketarik handiena dela esango dizu.

Giroan ere izan zara, Vueltan akaso gehiago... Zerk egiten du desberdina Tourra?

Hirurek egun berdinak dituzte, 23 egunetan konpetitzen diren lasterketak dira. Baina Giroak badu halako erromantizismo bat. Italiarrek Giroa bere lasterketa oso kutuna bezala dute, eta, nolabait, aspaldiko txirrindularitza usaintzen da bertan. Zerbait badu Giroak, lehenengo astean bolatak dira; eta batez ere azken urteetan ikusi dugun bezala, azken asteko gogortasun hori.

Tourra, aipatu dugun bezala, txirrindulari orok joan nahi duen lasterketa da. Hara iristen diren txirrindulariek eta taldeek beti zertxobait gehiago jartzen dute. Motibazio extra bat dago, batik bat urteko jomugarik garrantzitsuenetarikoa delako eta bertan egiten denak mundua zeharkatzen duelako. Izugarrizko oihartzuna dauka Tourrean egindako edozerk.

Espainiako Itzulia, berriz, agian hiruretan errazena da egiteko. Lehenengo aldiz handi bat egiteko egokiena da. Baina irailean jokatzen da, beste biak egin ondoren, eta esan genezake, nolabait urtea ez bada ondo joan, urtea salbatzeko lasterketa egokia dela.

Aritu gara erredakzioan galdezka, eta denek dugu Tourraren inguruko txikitako oroitzapen bat. Zein zen zure txikitako oroitzapena Tourrarekin?

Gaztetan oroitzen dudana da, batik bat, Miguel Indurain handia bost Tour horietako bat irabazten. Aurten Tourra Bilbon hasten denez, gogora etortzen zait ere Donostian hasi zenekoa, 1992an. Gogoan dut bigarrengo etapa: Donostiatik irten eta Zarautz aldera egin zuten. Ni usurbildarra naiz, eta bertan egon nintzen goiz osoa errepide ertzean.

Erreferenteengatik galdetu behar nizun. Indurain aipatu duzu. Besterik ba al duzu?

Bai, bai. Dudarik gabe, Indurain. Gainera, nire ezaugarriak ikusita, zerbait antzekoa baldin bageneukan, erlojupekoa genuen eta batik bat mendiak defendatu. Pertsona bezala ere ezagutzeko aukera izan dut eta erreferente izaten jarraitzen du. Marino (Lejarreta), Julian (Gorospe) eta asko daude ere, baina batik bat Miguel (Indurain), batez ere nire gazte denboretan txirrindularitzarekin halako amodio bat sortu zenean, bera zegoelako hor puri-purian.

«Roberto Laisekak Luz Ardidenen irabaztea lortu zuenean, euskaldun asko zeudela, nolabait orru egin zuen mendiak, halako oihu handi bat entzun zen bertan»

2001ean dator zure lehen Tourra, baina 2003an bosgarren izan zinen Tourreko sailkapen nagusian. Dagoeneko hitz handiak dira. Iban Mayo ere seigarren izan zen. Euskaltelek Tourrean ordurarte izan zuen parte hartzerik onena. Nola gogoratzen duzu une hori?

Guk espero baino lehenago etorri zen emaitza hori. Oker ez banago, hirugarren Tourra izan zen bai niretzat eta bai Euskaltel Euskadirentzat, eta gogoan dut batez ere lehenengoa asko sufritzeko urtea izan zela. Konturatu ginen, hara iristerakoan, lasterketa erabat ezberdina zela, han asko genuela ikasteko, halako zaplasteko batzuk ere jaso genituen. Batik bat, gogoan dut lehenengo astean abaniko batzuetan atzean geratu ginela ia talde osoa eta denbora askora iritsi ginela eta barrez batean. Baina emaitza ona ere lortu genuen. Baina Laisekak Luz Ardidenen azken astean, azken aukeretan gainera, irabaztea lortu zuen eta momentu hura berezia izan zen. Askotan aipatu dut Laiseka helmugara iristerakoan, bertan euskaldun asko zeuden, eta momentu horretan ni eta beste taldekide batzuk Luz Ardiden hastear ginen eta nolabaiteko orru egin zuen mendiak. Nolabait futbolarekin alderatuz gero, gola sartzen denean edo halako oihu handi bat entzun zen, eta hori gogoan dut.

Aipatu duzun hirugarren urte horretan, urtetik urtera lasterketa ezagutzen joan ginen, baina gazteak ginela, aukera hori etorri zen. Gogoan dut oso ondo hasi genuela Tour hura ere. Ni hasierako erlojupekoan lehenengo hiruren artean geratu nintzen; lehenengo mendian, Alpe D'Huezen, Iban Mayok garaipena lortu zuen; eta Tour oso ona egin genuen, onenen pare ibili ginen mendian ere Pirinioetan eta emaitza on hori lortu genuen bukaeran ere.

Nola doa bat lehenengo Tourrera: harrotuta, errespetuarekin...?

Nik uste dut, errespetuarekin. Iritsi ginenean, nik gogoan dut Iñigo Chaurreau eta David Etxebarria zirela Tourra eginda zuten bakarrak taldean, eta haiei aholkuak eskatzen genizkien, gehienbat lehenengo aste hori gainditzeko, erorketa horiek ekiditeko. Hala ere, izan genituen erorketak; baina uste dut garrantzitsua dela lehenengo Tourra edo itzuli handi batean lehenengo aldiz egiten duena bukaerara iristea. Nahiz eta sufritu eta emaitza onak ez lortu, asko ikasten da, irakaspen handia da.

2004an, ordea, Tourra utzi behar izan zenuen. Esperantza eta itxaropena izango zen seguru aurreko deboraldian erakutsitako maila kontuan hartuta. Dezepzio bat izan zen zuretzako une hori?

Bai, bai, dudarik gabe. Gogoan dut, adibidez, urte osoa horretan pentsatzen aritu ginela, Tourrean, eta mimoarekin prestatu genuela. Baina gauzak kontran etorri ziren, belauneko tendinitis batekin Pirinioetan etxera etorri behar izan nuen eta gogorra izan zen. Gauza guztietatik ikasten da eta zerbait ikasi bagenuen, gogor saiatu behar genuela lanean berriz ere. Etorri ziren urte hobeak besteak baino, baina irakaspen ona izan zen hura.

16 aldiz hartu duzu parte Tourrean. Nolakoa da egun tipiko bat bertan? Zein zen zure errutina esaterako?

Azkenean robotak bezala egiten dugu txirrindulariok. Dena oso ondo barneratuta duzu. Kontzentratuta zaude, halako burbuila batean sartuta zaude ere bai taldearen barruan. Automatikoki egiten dituzu gauzak. Badakizu goizean jaiki eta lehenengo gauza gosaltzea dela; saiatzen zara etapa begiratu eta hausnartuta duzu hurrengo egunean zer edukiko duzun eta gauza bat edo bestea jaten duzu; gauzak prestatu logelara joan ondoren; eta gaur egun talde guztiek dute autobusa eta honekin iristen zara ordu eta erdi edo ordubete lehenago irteerara eta bertan kirol zuzendariarekin azken bilera egiten da. Azken xehetasunak ematen dizkizu etapara begira, non dauden puntu kritikoak, taldearen estrategia nolakoa izango den eta irteerarako prest. Behin lasterketa amaitzen duzunean, automatikoki hurrengo egunerako pentsatzen hasten zara. Iritsi eta segituan taldeko masajistek izaten dituzte bakoitzaren bidoiak prest errekuperazioa hasteko, autobusean dutxatu, bidean zerbait jan, hotelera iristerakoan masajistak prest egoten dira eta segidan afaldu eta berriro buklea hasten da. Horrela egunero.

Egia esan, oso kontzentratuta zaude eta nahiko azkar pasatzen da. Egun bat pasatzen denean, hurrengoan hasten zara pentsatzen eta horrela automatikoki hiru aste. Gero, bukatzerakoan, atzera begiratzen duzunean, badirudi denbora asko dela, baina azkar pasatzen den denbora da.

Aipatu duzu robotak bezala aritzen zaretela. Hain justu, Mikel Artarlozak aipatu zigun monotonia hori beretzat bereziki oso nekagarria zela.

Bai, eta horretarako ere entrenatuta zaude. Estres puntu hori ere gainditzen jakin behar da, batez ere lehenengo astean indarrak bizi-bizi daudenean eta errepideak estuak direnean eta denok aurrean joan nahi dugunean, horrek sortzen duen estresa; zuzendaria ere pinganillotik aurrean egoteko esaten ari zaizunean... Zerbait ez badut orain faltan botatzen, egun horiek dira.

Asko aipatzen da mendiko etapak. Hauek garrantzitsuak dira, baina gainontzekoak, lauak izanagatik ere, 200 kilometro, tentsioa, erorketak... Gaur egun sekulako tentsioa ikusten da etapa horietan.

Bai, bai. Gainera, uste dut okerrera joan dela. Askotan esaten genuen taldearen barruan bakoitzak nolabaiteko txarteltxoak bazituela bakoitzak eta kasu horretan, tokatzea baino, nahiago zenuen ez tokatzea. Bazenekien erorketak egongo zirela, baina ekiditea da garrantzitsuena. Erorketa bat duzunean, errekuperazioa nolabait eten egiten da eta karga bat gehiago duzu; indarra ere xahutzen joaten dira eta hobe ez izatea erorketa horiek.

Kuriositatez, maiz kirolariek badituzte maniak edo superstizio txikiak. Zuk izan dituzu?

Nik uste dut ez naizela superstiziosoa, baina nonbait gauzak ondo irten direnean beti saiatzen zara gauzak berdinak egiten. Ez dakit superstizioa den ala ez, baina gauza horietan saiatzen nintzen gauzak nolabaiteko metodo batekin egiten.

Hiru aste irauten dituzte itzuli handiek. Fisikoki sekulako exijentzia duen lasterketa, baita psikologikoa ere. Zein da bietatik zailena eramaten?

Fisikoa, dudarik gabe. Azkenean, hirugarren aste horretan ia fisikoak kontatzen du. Norberaren gaitasunak ere bai, baina fisikoki hirugarren aste horretara indarrekin iristea garrantzitsua da. Ia denak gainbeheran hasten dutela uste dut, baina batzuk zertxobait hobeto. Oso garrantzitsua da ere prestakuntza nola joan den eta nola iritsi zaren Tour horretara. Oraindik pixka bat gora jotako aukeran iritsi zaren edo batez ere oso ondo eta gainbeheran zoazen. Diferentziak horiek markatzen dituzte.

«Gogoan dut Tourmaleten gora, Tourreko mendate mitiko bat delako, nola goian pasa ginen Armstrong, Ullrich, Iban Mayo eta ni. Behera begiratuta marea laranja marraztuta zegoen mendian. Urte horietan euskal zalegoak goia jo zuen»

Aipatu dugu txirrindularitza exijentea dela, itzuli handiak zer esanik ez, eta gogortasun horretan zaletuek ere laguntzen dute noski. Zer esanik zure euskal zatuek eta marea laranjak. Nola gogoratzen duzu zuk aro hori?

Momentu oso oso polit bat bezala. Euskaltel taldea lehenengo aldiz joan zenean gonbidapen bidez lortu zuen eta gero pixkanaka taldea gorantz joan zen. Gu gazteak ginen lehenengo aldiz joan ginenean, baina hazten joan ginen bezala, taldea ere hazi zen. Marea laranja nahigabe etorri zen berarekin eta momentu oso politak izan ziren. Gogoan dut 2003an, agian etxera etorritakoan gehiago konturatzen zara gauza horietaz batez ere ikusten dituzun bideoak eta abarrengatik, baina momentu oso politak izan ziren. Gogoan dut Tourmaleten gora, Tourreko mendate mitiko bat delako, nola goian pasa ginen Armstrong, Ullrich, Iban Mayo eta ni. Behera begiratuta marea laranja marraztuta zegoen mendian. Urte oso politak izan ziren. Jendeak identifikatuta ikusten zuen bere burua taldearekin. Urtero joaten da Tourrera euskal zalegoa, baina uste dut urte horietan goia jo zuela.

Esango zenuke euskal zalegoa nazioarte mailan zalegorik sutsuena dela?

Holandarrak ere oso ezagunak dira Alpe D'Huez mendatean; belgikarrek bere klasikak oso sutsu bizitzen dituzte; baina nik uste dut txirrindulariek badakitela hemen ere zalegoa oso sutsua dela, baina batez ere txirrindulariak errespetatzen ditu. Asko harritzen dira nola bakoitza bere izenagatik deitzen dituzten. Leku guztietan daude ondoan korrika hasten diren horiek, baina kanpoko txirrindulariek badakite hemengo zalegoak asko errespetatzen duela eta horregatik gustatzen zaie hemen lasterketak egitea ere.

16 parte hartze dituzu. 2003an bosgarren izan zinen, 2006an zortzigarren, 2007 berriro ere bosgarren, 2012an dagoeneko Trekekin seigarren, 2014an zortzigarren... Urte asko dira Top10ean eta Astarlozak, esaterako, aipatzen zigun bere ustez zailagoa zela Tour batean Top10ean egotea etapa garaipena lortzea baino. Merito handiko ibilbidea zurea, beraz.

Etaparik ez dut lortu. Gertu egon naiz. Etapa batzuk gogoan ditut hankak banituenak behintzat etapa irabazi edo inguruan egoteko, baina nire ezaugarrietako bat azkartasun hori azken metroetan ez edukitzea izan da, eta horregatik uste dut garaipenik ez dudala. Argi dagoena da Top10 bat egiteko 21 egunetan hor egon behar duzula, ezin duzula egun oso txar bat izan. Barruan nerbioak ere egoten dira, lo ere ez da hain ondo egiten, eta tokatu izan zait Tourra beste era batera bizitzea, batez ere nire azken urteetan, beste batzuen laguntzan edo morrontzan. Beti esan dut, era horretan ere disfrutatu egiten da, baina batik bat lasaiago lo egiten da.

Gainera urte oso ezberdinetan lortu duzu Top10ean egotea. Esan nahi dut, 2006 eta 2007a kenduta hor bi aldiz jarraian, 2003an bosgarren, 2012an berriz seigarren, tartean gorabeherak izanda. Ohikoa al da?

Nire bigarren aro horretan, Euskaltel taldetik atera nintzenean beste rol batean nengoen. Gogoratzen dut Astanarekin, Euskaltel Euskaditik lehenengo aldiz atera nintzenean, super talde batera iritsi nintzela. Argi nuen zein zen nire lekua. Baina beti prest egoten nintzen. Izan ziren urtek non beste lider batzuekin joan ginenak baina erorketengatik edo edozer gauzagatik ez zaudenak hor aurrean eta nire aukeratxoa ikusi aprobetxatu nituenak. Nire lana ere beraien ondoan mendatetan egotea zen eta beste egunetan lasaiago edo denborarik galdu gabe ibiltzen banintzen, berriz zere aurrean egoteko aukera nuen.

2003ko Tourrean Armstrongek ahulezia erakutsi zuen. Ikusi zenuten hura menperatzeko aukera?

Orain hotzean pentsatuta, nik uste dut agian bai Ullrich eta bai gu ere gertuen egon ginen urtea hori izan zela. Gainera urte hura izan zen Belokik erorketa gogor hura izan zuenekoa. Azken etapara arte erabaki gabe zegoen eta denak oso hurbil zeuden. Zerbaitetan gogorra eta ona bazen bera, psikologikoki zen. Nik uste dut alderdi psikologikotik irabazi ziola Tour hura Ullrichi. Erlojupekoetan Ullrich hobea izan zen, beste urteetan ikusi ez genuen bezala, baina Luz Ardidenen nola atera zizkion 45 segundo horiek nahikoak izan ziren Tourra irabazteko.

Bueno Armstrongekin ere izan zara zu, beste izen handiko txirrindularien artean. Nolakoa zen berarekin bizikidetza?

Bera amerikarra da. Taldean berarekin egotea tokatu zitzaidan eta nirekin beti ondo portatu zen, taldekide bat gehiago bezala. Egia da une horretan bera izar handi bat zela eta zerbait harritu baninduen talde txiki batetik etorrita, Astanara iristerakoan bere inguruan zuen jende guzti hori zen. Izar handi bat zen eta mediatikoki asko mugitzen zuen, baina batez ere psikologikoa zen gogorra. Egun batean sufriarazten bazioten, mindu egiten zen eta hurrengo egunean indartsuagoa zen, batez ere buruz pentsatzen zuelako "atzo eman zenidaten, gaur nik emango dizuet". Nolabait karakterez Contadorren antzekoa zela esango nuke. Contadorrek ere etapa batzuk izan zituen gaizki ibili zena edo denbora galdu zituenak, baina autobusera iritsi bezain pronto, segituan hurrengo eguneko liburuxka irekitzen zuen eta planeatzen zuen nola izango zen hurrengo eguna. Baina bai, zerbait berezia bazuten alde horretatik, ondo zeudenean beraiek bazekiten oso goian egongo zirela eta onena emateko kapaz zirela.

Errespetua ematen al zuen Armstrongek?

Bai. Bera gertukoa zen taldean geundenean, autobusean. Bere burbuila zuen, baina gurekin, taldekideekin, bat gehiago zen eta alde horretatik ez dugu berarekin kexarik.

Dopinarena espero al zenuen?

Batez ere sorpresa izan zen, batez ere gero etorri zelako. Urte bat edo bi txirrindularitza utzita egon zen, gero bueltatu zen eta ondoren guzti hori etorri zen. Espero ez genuen gauza bat izan zen. Bakoitzak bere teoriak baditu eta show bat muntatu zen guzti honen inguruan.

Anekdota asko bizitakoa izango zara tropel barruan. Baduzu baten bat buruan horrela ahazten ez zaizun horietakoa?

Anekdota pila bat. Asko galdetu didate. Astanara mugitu nintzenean, autobusean Alberto (Contador) eta Lance (Armstrong) genituen taldean, lehenengo eta hirugarren izan ziren. Egun batean egon zen halako diskusio bat, baina bertan geundenak uste dut ondo kudeatu genuela; batez ere hitz egin behar zuenak hitz egin zuen momentu horretan eta dena horretan geratu zen.

Baditugu beste batzuk. Tourraren ondoren badira criterium batzuk, Belgika edo Holanda aldean oso ohikoak dira. Kotxean eramaten gintuzten hoteletik criterium horietara eta bizikletak beste kotxe batean goiko parrillan zihoazen. Criterium batera iritsi ginenean nire bizikletagatik galdetu nuen eta arduradun zegoen mutilari larritasuna ikusi nion eta gero kontatu zidan bidean galdu egin zuela. Autopistan hegan egin zuen bizikletak eta kamioi bat gainetik pasa zen. Beste bat ekarri zidaten korritzeko.

Haimar Zubeldia, umeekin bizikletan. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Normalean zuek badituzue zuen bizikleta, zuen fisionomiara egokituta, ezta?

Bai. Momentu horretan nire eskura bat zegoen. Liderrek bi izaten dituzte, kamioian beste bat eta normalean etxean beste bat izaten dugu entrenatzeko. Normalean bidaia guztiak maletarekin bakarrik egiten dira.

Normalean tropelean bertan, nahiz eta talde ezberdinetakoak izan, harreman ona izaten da guztien artean ezta edo hala ematen du behintzat?

Bai. Badira txirrindulari taldekide batzuk ia urte osoan zehar ikusten ez dituzunak, baina urtea hasi aurretik, bai abenduan eta bai urtarrilean, kontzentrazioak egiten dira. Hor taldekide guztiak egoten ginen eta batzuekin, nire kasuan, ez zen ohikoa urte hasierako klasikak egitea baina beste batzuk bai eta horietaz ia urte osorako despeditzen ginen. Mezuz eta telefonoz askotan galdetzen ziren gauzak eta azkenean familia bat bezala ere bada. Ordu asko konpartitzen dira beraiekin. Gainera normalean geletan beste taldekide batekin egiten duzu lo, eta hori ondo uztartzen saiatzen dira kirol zuzendariak, harremanak sakonagoak izateko.

Eta talde ezberdinen artean pikeren bat egongo da seguru.

Bai, bai. Lantoki guztietan bezala, gustuko ez duzun jendea beti dago. Gertutasunak egiten du elkartze hori. Ni hemen Euskal Herrian bizi nintzen, baina baziren Patxi Vila edo Juanma Garate beste talde batzuetan zeudenak eta lasterketa berdinera gindoazenean aireportuan kointziditzen genuen. Orduan bai bazkaldu edo kafetxo bat hartzen zenuela elkarrekin eta hori ere ohikoa izaten zen.

Eta orokorrean, zure ibilbideari erreparatuz, nola hasi zinen zu txirrindularitzan?

Nire aita zikloturista zen. Igandero ikusten nuen bere lagunekin ateratzen. Nik ere txirrindularitzan hasi nahi nuela eskatu nion amari. Garrantzi handia hepatitis batek izan zuen. Hepatitisa pasatu nuen gaztea nintzela, eta orduan aritu nintzen amari bizikleta eskatu eta eskatu. Berak ere, ohean egoteko, modu hori ikusi zuen. Bizikleta iritsi zen, Usurbilgo eskolan apuntatu eta pausoz pauso azkenean lortu genuen profesionala izatea.

Aipatzekoa da zu beheko kategorietan, pistan eta ziklokrossean zinela bereziki abila. Hainbat domina lortutakoa zara. Nola erabakitzen da ziklokrossetik errepidera pausoa ematea?

Zerikusi handia izaten du errepidea eskola guztiek egiten dutela. Hemen zortea dugu Donostiako Belodromoko pista gertu dugula. Baina Usurbilgo eskolan tradizioa zegoen ziklokrossa egiteko; gainera klubean bagenituen bizikleta batzuk erabili zitezkeenak, eta horrela hasi ginen. Pistan ere aritu nintzen, baina gustukoa nuena ziklokrossa zen. Prestaketa bezala ondo etortzen zitzaigun errepiderako eta asko egiten genuen. Gainera, neguan, eskolatik irten ondoren, argi ordu asko ez daude eta ziklokrossa oso intentsoa eta denbora gutxian egitekoa da, eta ondo etortzen zitzaigun. Gainera teknika hartzeko oso ondo etortzen den zerbait da txirrindulari formakuntzan. Beti ere inportantzia errepideari ematen genion.

1998an egin zenuen debuta profesional mailan Euskaltel-Euskadirekin, errepidean. 2009ra arte egon zinen, 11 denboraldi, etxeko taldean. Urte horietan zehar maila oso onean: 2000. urtean bigarren postuan amaitu zenuen Dauphinen, Euskal Bizikleta ere irabazi zenuen... Lehen urteetatik dagoeneko erregulartasuna erakutsi zenuen emaitzei dagokionez.

Nire ezaugarrietako bat hori zen. Ez nuen azkartasun hori sprintean edo talde txiki batean irabazteko, baina oso erregularra nintzen. Erlojupekoan ere ondo moldatzen nintzen, mendian ere ondo defendatzen nintzen, denbora ateratzeko ez baina onenekin egoteko kapaz nintzen eta horrekin emaitza onak lortzen nituen.

2005ean UCI Pro Tour sortzen da eta Giroan debutatzen duzu Euskaltelekin. Emaitza ez zen apartekoa izan, hori da parte hartu duzun edizio bakarra. Ez zitzaizun erakargarri egiten Giroa?

Urte hartan pentsatu genuen zerbait ezberdina egitea, prestaketa zerbait aldatzea, eta horregatik Giroa eta Tourra egin genuen. Batik bat estimulu ezberdinak sortzeko prestaketa horretan. Nik ordurako banuen susmo bat nire gorputzak bazuela halako bioerritmo batzuk non urte sasoi batzuetan errazago egiten nituela gauzak eta denborarekin errazago ulertu nuen: nire denboraldia maiatzetik aurrera askoz ere errazago izaten zen. Maiatzean eguraldi ona eta beroa etortzen zenean, gaua gutxi eginda hobeto jartzen nintzen eta orduan hasten nintzen disfrutatzen. Egia da denboraldi hasiera batzuk onak egin nituela, baina beti kanpora joan eta eguraldi onak bilatuta. Euskal Herrian geratzen banintzen, zailak egiten zitzaizkidan gauzak denboraldi hasiera onak egiteko. Eta Giroa denboraldi nahiko hasieran etortzen da, maiatzean. Niretzako azkarregi etortzen zen.

2012an, Euskaltel-Euskadiren kirol kudeaketa berriaren aurkako sinatzaileetako bat izan zinen. Bertan, mailaz jaisteko aukeraren aurrean, atzerriko txirrindulariak fitxatzeko hautua egin zuen taldeak. Nola gogoratzen duzu une hori?

Orduan buruan zeudenak erabaki horiek hartu zituzten. Ez genuen ulertzen. Urte asko egin genituen atzetik filosofia bat defendatuz eta nik uste dut maila mantentzeko arrazoi bezala ezin zirela gauza horiek ahaztu, bestela aurretik egin genituen gauzak ez zutelako zentzurik. Zerbait munduan zehar erakusten joan baginen aurreko urte guztietan hori zen: Euskaltel Euskadi batik bat euskal txirrindulariz osatutako talde bat zela edo Euskal herrian sortutako txirrindulariekin. Horregatik sinatu genuen desadostasun hura.

Omenaldia jaso zuen Haimar Zubeldiak profesionaltasuna uzterakoan. (Idoia ZABALETA/FOKU)

2017an uzten duzu txirrindularitza profesionala. Donostiako Klasikoan erretiratu zinen, zure lehen urtean korritu zenuena hain justu. Propio aukeratu zenuen Donostiako Klasikoa? Denboraldi erdian hartzen zaitu justu lasterketak, beraz ez da nolabait esatearren ohikoena.

Ez dizut esango askoz ere aurretik erabakia hartuta nuela, baina batez ere Tourrean hartu nuen ziur erabaki hori, ikusi nuelako argi eta garbi, eta etxean asko komentatzen genuelako. Entrenamenduetan ere nire ametsetan nolabait irudikatu nuen bukaera bat. Halaxe azaldu nion taldeari, gustatuko litzaidakeela bukaera horrela izatea eta beraiek ondo ulertu zuten ideia ona bezala, eta halaxe izan zen. Berezia ere bada, denboraldi erdian uztea txirrindularitza, baina egun berezia eta polita izan zen: etxeko edo gertuen dagoen lasterketan, txiki-txikitan ikustera joaten ginena, eta bertan amaitzea nire kirol bizita polita izan zen.

Dena den, behin txirrindularitza profesionala utzita, oraindik ere jarraitu duzu lasterketa ezberdinetan parte hartzen, ezta?

Bai, hori da. Teknikoki erabiltzen genituen gauzak, bizikletak edota arropak, atentzioa deitzen zidan. Utzi bezain laster, Etxeondo euskal markarekin lanean hasi nintzen. Bizikleta marka ezberdinekin ere ari naiz; gaur egun Orbearekin nago. Ekintza ezberdinetan ere egoten gara, zikloturisten martxetan, abenturetan ere bai, desertuan edo mendiko bizikletekin egiten diren gauza ezberdinetan. Ondo pasatzen dugu, gustatzen zait egiten dudana; horrekin gutxiago kostatzen zait bizikleta gainean egotea.

Etxeondorekin txirrindularitzako arropak ekoizten dituzue eta txirrindulari handiek jantzi dute Etxeondo: Miguel Indurain, Perico Delgado, zuk zeuk... Gaur egun zein da tendentzia, zein norabidetan ari zarete hobekuntza teknologikoak egiten?

Gauza ezberdin asko datoz. Adibidez, teknologiak asko egin du hobera horretan. Orain dela urte batzuetako txirrindulariak eta oraingoak alderatuz, eguraldi mota guztietarako jantziak dituzte. Bat, gehienez bi zituzten aukeratzeko eta gaur egun klasiketarako maillota dute, eguraldi beroa dagoenerako sare modukoa ere bai, eguraldi hain onerako ez dagoenean mistoa ere bai, erlojupekoetan likra oso ezberdinak eta mono bereziak erabiltzen dituzte, dortsala sartzeko poltsiko ezberdinak, kaskoak ere aerodinamikoagoak dira; erorketarako Etxeondon badugu halako material berezi bat non erori eta puskatzea ezinezkoa dena... Gauza asko daude gaur egun datozenak eta saiatzen garenak txirrindularien hoberako aplikatzen.

Badago hor pasarte oso bitxi bat, 2018an gertatu zena, Tom Dumoulin txirrindulariarekin. Maillota galdu zela, ez zela galdu. Zurrumurruak asko ere badaude, baina zer da benetan gertatu zena?

Kasu berezi bat izan zen. Normalean Tourrera doazen txirrindulari guztien urteko jomuga denez, normalean talde guztiak diseinua aldatzen dute bertarako. Kasu honetan ez zen hala izan, baina arropa guztia berria da. Tom Dumoulin munduko txapelduna zen eta buzo berezi bat zuen ortzadar koloreak zituena. Kontua da azken erlojupekora iristerakoan, bezperan buzo hura bilatzen hasi zirela eta falta zela. Norbaitek gustukoa izan zuen eta eraman zuen. Zortea izan zen ere kasu horretan Etxeondok oporraldiak hasita zituela eta josten aritzen direnak etxera joanak ziren, baina erlojupekoa Baionan izan zen eta hartu zen erronka bezala eta Etxeondon egunean bertan, erlojupekoa 15.00-16.00ak aldera hasten zen, goizean bertan estanpatu, josi eta iritsi ginen Tom Dumoulinen irteerarako. Buzoa oraindik bero zegoen. Gainera segundo batengatik irabazi zuen. Etxeondon hala pentsatu nahi dugu, izan genuela halako aletxo bat.

Basamortuan ere korritu duzu. Nola da bertan lehiatzea bizikletan?

Ezberdina da. Titan Desert lasterketa abentura bat ere bada. Indarrak neurtzen dira bertan, baina pixka bat estrategiak eta nolabaiteko track bat baduzu, baina ez dago markatuta. Organizazioak ez dizu aditzera ematen, baina pixka bat iaioa bazara askotan bidezidorrak ere ikusten dira. Hartzen badituzu, denbora asko irabazten da. Hor ere badago nolabaiteko mugimendua eta beste egun batzuetan zuk egin behar duzu track hori, dunak ere badaude. Dakar estilokoa da, bizikletaz nahiko motelago goaz kotxeak eta motoetan baino, baina esentzia horrekin. Kanpamendu modukoak ere muntatzen dira eta bertan elkarbizitza polita sortzen da.

Zu berozalea izanik, hangoa gehiegi al da?

Aurtengo kasua, gehiegizkoa izan da. Organizazioa saiatzen da ur nahikoa izaten, gainera derrigorrezkoa da irteeratik 3 litro ur eramatea. Bidoiez gain, motxilatxo bat eramaten dugu urarekin. Ura ez da falta izaten.

Askotan, txirrindulari batzuek profesional maila utzi eta normalena baztertu egiten dute bizikleta, ez dute ezer jakin nahi. Zure kasua ez da hori. Garrantzitsua da kirola egiten jarraitzea eta intentsitate altu samarrean bihotza zaintzeko, ezta?

Bai, hori da. Gainera medikuek hori aholkatzen dute. Guk egin dugun kirola goi mailakoa izan da. Goi mailako kirola osasuntsua da eta ez dena ona da segituan etetea. Horretarako aholkuak jasotzen ditugu gure kirol bizitza amaitutakoan eta uste dut garrantzitsua dela jarraitzea. Nire kasuan, nik prozesu hori erraz eraman dut. Gogoan dut Donostiako Klasikoa amaitu eta ia segidan jarraitu nuela. Gainera gustatzen zaidalako. Inguruan lagun asko ditut bizikletan ibiltzen direnak eta kostatu gabe egiten dugun gauza bat da. Bizitza filosofia modua ere bada eta familian, gaur egun ere alabek txirrindularitza praktikatzen dute, nire emaztea ere ateratzen den horietakoa da. Gurpilak ez dira falta gure etxean.

Gaur egun pentsatzen dut txirrindularitza gertutik jarraituko duzula. Inbidia puntu bat ematen dizu ala egindakoa eginda dago eta orain zaletu gisa erosoago zaude?

Egia esan, asko jarraitzen dut txirrindularitza telebistan eta hemen gertu dagoenean Euskal Herriko Itzulia, eta gainera Etxeondorekin lan eginda ere, nire laneko parte bat ere bada janzten ditugun txirrindulari profesional horietatik gertu egotea arazoren bat baldin badute beraiekin hartu-emanean egoteko, eta horrek aktualitatean egotera behartzen nau. Baina kirol konpetizio hori ez dut faltan botatzen. Faltan botatzen dena da lehen aipatu dugun sortzen den familia giro hori eta beraiek ikusteko gogoa ere izaten da. Horretarako lasterketak aprobetxatzen ditut eta alde horretatik asebetetuta geratzen naiz.

Nola deskribatuko zenuke euskal txirrindulariek Tourrean izan duten papera eta garrantzia?

Azken urteetan ikusi dugu munduko talde onenenetan baditugula euskal txirrindulariak, eta gainera oso estimatuak direla uste dut. Fama ona dugu euskal txirrindulariok. Oso nobleak gara. Gainera besteengatik lan egin behar denean, dena ematen dugun horietakoak gara. Beti bezala, zikloak egoten dira; gaur egun Euskaltel Euskadi ez dugu goi mailan, eta argi dagoena da munduko lasterketa onenetan euskal txirrindulariak Euskaltel Euskadi zegoenean baino gutxiago direla. Baina taldeak hor jarraitzen du eta bere papera beste bat da momentu honetan; goi mailara joateko bidean egon behar duten talde horietakoa da. Afizionatu mailan dabiltzanek, 23 urtez azpikoan, horrelako erreminta bat behar dute jauzi hori emateko.

Eta nola ikusten duzu etorkizuna?

Beti zikloak egoten dira. Horregatik da oso garrantzitsua lan egiten jarraitzea kategoria txikiagoetan eta, batez ere, gaur egun afizionatu mailatik profesionaletarako saltoa oso handia da. Bitartean gaur egun Euskaltel Euskadi, Kern Pharma eta Caja Rural taldeek egiten duten lana beharrezkoa da, jausi hori txikiagoa izateko eta bitartean egon behar dute zubi bezala.

«Hausnarketa bat egin behar da. Kapaz gara munduan zehar urtero egiten den ekitaldi handienetariko bat ekartzea etxera, baina ni beldur naiz gero nolabaiteko basamortu edo lehorte bat etorriko den»

Aurten polemika izan da harrobiarekin. Oso ondo dago Tourra hona ekartzea, baina gero behe kategoriako lasterketa batzuk egon dira ia egin ezinik. Zein da zure ikuspuntua?

Ni horretan kritikoa naiz. Hausnarketa bat egin behar da. Kapaz gara munduan zehar urtero egiten den ekitaldi handienetariko bat etxera ekartzeko, baina ni beldur naiz gero nolabaiteko basamortu edo lehorte bat etorriko ote den. Autokritika egin behar dugu, eta jarraitu behe kategoria horietan inbertitzen, gerora ere txirrindulariak izateko.

Bilbotik abiatuko da aurtengo Tourra. Euskal txirrindulari gisa, nola sentitzen zara honekiko?

Nik uste dut hasten denean konturatuko garela gaur egun zer den Tourra. Konturatuko gara txirrindularitza hain zale ez direnengatik ere belarriak gorrituko zaizkigula eragozpen handiak sortuko direlako egun horietan. Jakin ere halako retorno bat izan dezakeela hemengo sektore guztietan eta hori ere garrantzitsua da.

Euskal txirrindularitzarentzat positiboa dela esango zenuke Tourra gure errepideetan barrena ibiltzea?

Tourra ekartzearen arrazoietako bat ez da hori bakarrik. Tourrak Euskal Herria aukeratzeko orduan bai izan dela eraginetako bat, badakielako bere baloreetako bat, Pirinioak iristen direnean, euskal zalegoa bertara joan dela. Eskertza bat izan daiteke Tourraren antolakuntzagatik hona ekartzen, nik uste dut horrek ere eragina izan duela. Argi dagoena da asko kostatu dela, baina eduki dezake retorno hori. Donostian eta Bilbon egun horietan hotel plaza asko ez da egongo. Jende asko ere gerturatuko da eta ez dakit zenbat telebista katetan erretransmitituko dute. Turismo kanpaina handi bat da eta munduan zehar Euskal Herria munduko txoko guztietara iritsiko da egun horietan.

Aurten, gainera, lehen hiru etapak hemen izango dira, baina Pirinioak segituan ditugu, lehenengo astean.

Sobredosi bat izango dugu lehen aste horretan. Asko izango dira lehen etapa horietan hemen egongo direnak eta gero mendate horietara hurbilduko garenok.

Zuk nondik, nola jarraituko duzu Tourra?

Euskal marka askok (Etxeondo, Orbea...) aprobetxatuko dute ekitaldi handi hau beren bezero onenak ekartzeko eta nobedade guztiak erakusteko. Ni inguru horretan ibiliko naiz. Etapez ere gozatu nahi dut. Kirol bizitza utzi nuenetik, saiatu naiz urtero Pirinioetara mugitzen, eta aurten ere asmoa dut. Ea gure txirrindulariak punta-puntan ditugun.

Jaurlaritza Logoa