Zuzenean

Ion Garate
Elkarrizketa
Iban Mayo
Txirrindulari ohia

«Eguraldi onarekin, Tourrak Euskal Herriko paraje ikusgarriak are gehiago jarriko ditu mapan»

Afizionatuetan destakatu eta Euskaltel Euskadirekin fitxatu zuen 2000an Mayok. Dauphinen bezalako lasterketan garaipen garrantzitsua lortu, eta 2007an Saunier Duvalera joan zen, Giroan etapa bat lortuz. Urte hartako Tourran EPO kontsumitzeagatik positibo eman zuen, ibilbideari amaiera emanez.

Audio_placeholder

«Eguraldi onarekin, Tourrak Euskal Herriko paraje ikusgarriak are gehiago jarriko ditu mapan»

Loading player...
Iban Mayo.
Iban Mayo. (Jon HERNAEZ | FOKU)

Tourrari begira, NAIZ Irratitik pasatzen den hirugarren protagonista de Iban Mayo. Txirrindularitza utzi eta urteetara hartu zuen berriro bizikletan igotzeko gustua. Orain, mundu honekin lotuta jarraitzen du, arropa markekin lanean eta telebista eta irratietan esatari moduan; oso gertutik biziko du Tourra.

Tourra hasteko egun gutxi falta dira. Nola ari zara bizitzen egun hauek?

Lehen urruti ikusten genuen, baina hemen dago. Gainera, nabaritzen dut egunero telefonora jende asko ari delako deitzen. Giroan ere nabaritzen da eta gogotsu hasteko.

Harrituta geratu gara zein mugimendu sortzen den inguruan, zer logistika eta zenbat gauza dauden.

Talde aurkezpenean ikusiko da, baina batez ere Tourreko irteeran ikusiko da zenbat espektazio, zenbat jende, zer mugitzen duen Tourrak... Tourra ikaragarria da, ez du zerikusirik Vuelta edo Giroarekin.

Zer du berezia Tourrak?

Batez ere duen historia, asko delako. Gero ere ikusten da telebista moduan, babesle moduan, jende guztiak nahi duela hor egon. Nik hiru handiak egin ditut, baina Tourrera joan nintzen momentuan ikusi nuen lehenengo aldiarekin ez zuela zerikusirik. Batez ere, nabaritu nuen txirrindulari guztiak forman heltzen zirela. Edozer gauza eginda ere, oihartzun handia izaten du mundu mailan, eta hori ez da gertatzen beste lasterketetan.

Badakigu Tourrak zer presio ematen dion txirrindulari bati. Zuen garaian ba al zenuten psikologorik?

Ez, ez. Gaur egun oso ondo dago, uste dut talde guztiak dutela, bai txirrindularitzan, bai futbolean eta baita beste kirol askotan ere. Gure garaian agian baten bat bere kabuz arituko zen, baina nik eskertuko nuke. Ondo etorriko zitzaigun. Momentu hartan ez zegoen, baina orain talde guztiek dute. Pieza garrantzitsu bat da talde batean.

«Txirrindularitza, nahiz eta taldeko gauza bat izan, oso bakartia ere bada»

Pertsonalki, zuk asko sufritu al zenuen psikologikoki?

Bai. Buruak momentu asko dauzka. Nahiz eta txirrindularitza taldeko gauza bat izan, oso bakartia ere bada. Azkenean, zu bakarrik prestatzen zara, zu bakarrik ateratzen zara entrenatzera, zure gorputza da, zure sentsazioak dira, zure janaria da. Ordu asko egiten dituzu zuk bakarrik; zure buruari buelta asko eman diezaiokezu.

Zure ustez, Tourrean bizirik irauteko eta arrakasta izateko gakoa zein izan daiteke?

Sailkapen nagusian lehiatzeko oso konpletoa izan behar duzu. Gaur egungo txirrindulariak, gainera, bai mendian eta bai erlojupekoan indartsuak dira, eta beraien inguruan talde oso on bat dute, eta hori da garrantzitsuena. Gaur egun Pogacar eta Vingegaard dira, bai mendian eta bai erlojupekoan, onenak.

Taldean, giro ona sortzeko, zer behar da?

Batez ere, gauzak ondo ateratzea. Azken finean, talde bat jende askok mugitzen du: zazpi-zortzi txirrindulari, laguntzaileekin 15 edo 20. Beraz, familia bat gara, hiru astetan batera egon behar gara. Denak batera joaten gara eta, nahiz eta batzuetan gorago egon eta beste batzuetan beherago, azkenean arrunta bihurtzen da eta badakizu norberak zer lan egin behar duen, zein den bere tokia taldean, eta horretara joaten da. Azkenean, lan bat da. Gero, argi dago, txantxak eta bromak daudela afari orduan eta giro ona dagoela. Beti daukazu feeling hobea batzuekin beste batzuekin baino, baina denekin ondo eramaten zara.

Ausartuko naiz esaten zu bazarela pixka bat bromista.

Apurtxo bat banintzen, bai, baina lasterketen orduan oso serioa nintzen. Nire burua etapa lortzeko prest nuela ikusten nuenean, oso serio jartzen nintzen eta oso zentratuta horretan. Baina karreraz kanpo, tentsio hori kentzeko, bai, bromista nintzen.

Anekdota dibertigarriren bat izango duzu. Baten bat kontatzeko modukoa al duzu?

Frantzian oso tipikoak dira “capanel” hotelak. Logelak oso txikiak dira eta maleta bat zabaldu nahi bazenuen, itxi egin behar zenuen ohe bat. Gogoratzen dut Tour batea bero pila bat egin zuela eta ez zegoela aire egokiturik. Oheak eta literak terrazara atera genituen eta bertan egin genuen lo. Hurrengo egunean etorri zen laguntzaile bat eta sustoa hartu zuen maletak barruan zeudelako,eta gu ez. Kanpoan lo geundela ikusi gintuen.

Zure ibilbideari dagokionez, irakurri dugu txirrindulari izan aurretik karatea ere gustatzen zitzaizula.

Ni pixka bat trastoa nintzen ikastolan. Klasetik ateratzen nintzenean, beti egoten nintzen hortik bihurrikeriak egiten. Etxean esan zidaten kirol bat egiteko ikastola eta gero, lasaiago egoteko. Hasi nintzen futbolean, pilotan, karatean, atletismoan eta azkenean bizikletan. Orduan, egun batean joan nintzen amarengana eta esan nion karatea gustatu zitzaidala. Amak kimono bat egin eta gerriko beltz batekin jarri zidan. Horrekin joan nintzen karatera eta denek esaten zuten: “Joe, gerriko beltza. Etorri hona!”. Kolpea jaso nuen eta fin jarri zidaten! Etxera joan nintzenenean: “Ama, ez dut gehiago joan nahi”. Nik ez nekien gerrikoak zer esan nahi zuen. Horia, gorria, beltza zeuden eta amak beltza jarri zidan, gorena (barre egiten du).

Nola hasi zinen bizikletan?

Lagunartean izan zen. Arratiako Ziklismo Eskola zegoen eta lagunartean joan ginen izena ematera. Bizikleta bat uzten ziguten. Autobus batean sartzen ginen eta herriko lasterketetara joaten ginen. Zirkuitu bati 18 buelta ematen genizkion ,eta hasieran doblatu egiten ninduten, ez dakit lasterketak amaitzen nituen... Baina gero bokadilo edo palmera bat ematen ziguten, Fanta, “Ciclismo a fondo” aldizkaria... eta giroa gustatu zitzaidan. Gero eta gehiago hasi nintzen eta ondo eman zitzaidan.

Profesionaletara iritsi aurretik, kotxe istripu larri bat izan zenuen. Nola oroitzen duzu momentu hori?

Banestorekin pasa nintzen afizionatuen mailara eta 20 urterekin lehen taldera pasatzeko esan zidaten. Orduan, soldaduska egin behar izan nuen. Urtea ez galtzeko, Igorren egin nuen. Orduan, kotxea hartu nuen garbitzeko eta harresi baten kontra jo nintzen. Burua eta hankak apurtu nituen eta bi-hiru hilabete egon nintzen ospitalean. Denbora horretan ez zidaten taldetik deitu, ezta zer moduz nengoen jakiteko ere. Etxera bueltatu nintzenean deitu zidaten eta esan zidaten ez nuela Baneston jarraituko. Momentu hartan oso gaizki pasa nuen. Gero berriro hasi nintzen pixkanaka buelta ematen eta buelta eman nion.

Zuk argi zenuen jarraituko zenuela txirrindularitza bide horretan?

Argi nuen. Lehenengo sendatu eta gero jarraitu. Kostatu zitzaidan, muskulu pila bat galdu nuelako, baina apurka-apurka bueltatu nintzen.

«Estrella de Besseges lasterketa izan zen lehenengo lasterketa Euskaltelekin eta gogoratzen dudana da korritzeko modua ezberdina dela»

2000an egin zenuen debuta profesionaletan Euskaltel-Euskadirekin. Nola oroitzen duzu lehenengo urte hura?

Urte horretan karrera pila bat irabazi nituen Baquerekin afizionatuetan. Izan nintzen Espainiako txirrindularirik onena, baina ez nuen talderik. Ez zidan inork fitxatzen eta denboraldia pasata, deitu zidaten Euskaltelera pasatzeko. Ez nuen espero. Estrella de Besseges lasterketa izan zen lehenengoa Frantzian eta gogoratzen dudana da korritzeko modua ezberdina dela. Afizionatuetan pin-pan ateratzen zara amaiera arte, baina profesionaletan hasten zara lasai-lasai eta gero azkartzen da. Atera ginen pelotoian astiro-astiro, eta bat-batean hasi ziren topera, lerroan jarri ziren 70 kilometro orduko... Bat-batean berriro geratzen da, eta zergatik hain azkar? Moto bat etorri zen eta: “Ihesaldian 70 txirrindulari 2 minutuko aldearekin” (barre egiten du). Eta gu atzetik. Nola da posible? Irabaztea ezinezkoa da, azkarragoa joatea ezinezkoa da. Grabatuta geratu zitzaidan.

2001ean lorpen bikaina lortu zenituen eta 2002an bosgarren izan zinen Vueltan. Hasiera nahiko ona izan zenuen profesionaletan.

Bai, bai. Hasieratik nahiko ondo moldatu nintzen eta, egia esan, bigarren urtean garaipen onak etorri zitzaizkidan. 2002an, Euskaltel lehenengo aldiz Tourrera joan zenean, nik ez nuen programan sartuta, baina irabazi nuen Dauphineko etapa erregina eta baita Midi Libre ere. Urte on bat izan zen.

2003a eta 2004 sekulako urteak izan ziren. Une hartan, Lance Armstrongen aurkari zuzena zinen Tourrerako, baina erorikoa izan eta gero lasterketa utzi behar izan zenuen. Une gogorra izan zen, psikologikoki gehienbat?

Bai. Tourra irabazteko aukera ez dakit. Armstrongek lau Tour zeramatzan irabazita eta gainera nagusitasun handiz, baina Dauphinetik nentorren erakustaldiak emanda, eta jende askok esan zuen aukera asko nituela. Urte hartan adokineko etapa bat zegoen, etapa horretan eroriko handia izan nuen eta kolpe ikaragarria hartu nuen. Bi-hiru minutura iritsi nintzen. Aldakako min pila bat eta infekzioa hartu nuen, eta azkenean etxerako bidea hartu nuen. Pena izan zen, forman oso ondo iritsi nintzelako Tourrera.

Iban Mayo, 2007ko Tourran, Col d'Aubisquetik igarotzen Saunier Duval taldean zegoela. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

2005a ere ez zen oso oparoa izan aurretik lortutakoarekin alderatuta. 2006an Euskaltel utzi zenuen Saunier Duvalekin fitxatzeko. Nola bizitu zenuen aldaketa?

2005ean ez nuen gorputzaldirik hartu, eta analisi asko egin eta gero, mononukleosi bat harrapatu zidaten. Urte osoa egon nintzen oso gaizki, 2006an pixka bat buelta eman nion eta etapa batzuk irabazi nituen, baina Tourra ez zitzaidan ondo atera. Azken urtea izan zen Euskaltelen. Dena oso anklatuta zegoen eta nahi nuen beste jende batekin egon eta beste motibazio batzuk. Ez gaizki nengoelako. Askotan denbora luze batean toki berdin batean, gauzak arrunt bihurtzen dituzu eta beste anbiente batzuk nahi nituen.

Taldez aldatu eta Giroan etapa garaipena lortu zenuen. Nola alderatuko zenuke Tourreko garaipena eta Girokoa?

Ezberdina zen. Nik Giroa urte horretan bakarrik egin nuen eta gustatu zitzaidan pila bat. Ikusi nuen Giroa oso ondo egokitzen zela nire ezaugarrietarako: korritzen zen garaian eta batez ere ibilbidea. Poztasun handia eman zidan etapa hori irabaztea, gainera ez nintzen oso forma onean heldu eta etapa bat irabazi nuen. Pena eman zidan lehenago ez korritzeak, nire ezaugarrietarako oso ondo zihoalako, baina Euskaltelentzat Tourra zen dena. Egia esan, beti da Tourra dena, baina batez ere guretzat.

«Positibo eman eta gero, TASera joan ginen, ez zidan arrazoia eman. Justizia Auzitegi Nagusira joan ginen, eta hiru urte eta gero, sei guztira, arrazoia eman zidaten, baina kalte guztia eginda zegoen»

Hor iritsi zen zure ibilbideko unerik gogorrena, Tourrean lehiatu ostean, UCIK positiboa iragarri baitzuen EPOagatik eta bi urteko zigorra jaso baitzenuen. Zure unerik gogorrenetakoa izan al zen?

Jende askok ez daki guztia. Bai, positibo eman nuen; bigarren kontrolean negatibo eman zuen eta hirugarrengo bat egingo zutela esan zuten, baina hori ezinezkoa da, ez zen batere pixarik geratzen egiteko. Hala ere, egin egin nahi zuten, nire abokatuekin alegazioa jarri genuen... Baina egin, eta positibo eman nuela esan zuten. TASera joan ginen, ez zidan arrazoia eman. Justizia Auzitegi Nagusira joan ginen, eta hiru urte eta gero, sei guztira, arrazoia eman zidaten; baina kalte guztia eginda zegoen.

Eta hor amaitu zenuen zure ibilbidea.

Momentu horretan nik ezin nuen korritu. Bi urte pasatu eta gero, bueltatu ahal nintzen, baina ez nuen argi ikusi, ikusi nuelako ez zela gauza oso argia izan. Ez nuen gogorik segitzeko.

Denbora bat igaro da utzi zenuenetik. Nola baloratzen duzu orain zure ibilbidea?

Denborarekin gehiago baloratzen da. Hamar urte pasa nituen bizikletan ibili gabe eta ezer egin gabe, eta gero lagun batek Alpeetara joateko esan proposatu zidan. Han badut kurba bat nire izenarekin, Alpe D’Huezen. Baietz esan nion eta berriro hasi nintzen bizikletan prestatzen. Hor hasi nintzen berriro gustua hartzen. Sare sozialetan hasi nintzen argazkiak igotzen Alpe D’Huezetik eta jendea hasi zitzaidan deitzen, arropa markek ea beraiekin gauzak egin nahi nituen, eta hor hasi zen berriro saltsan sartzen.

Esan duzu zure izenarekin dagoela bihurgune bat?

Bai. Alpe D’Huezek dauka ohitura bat: irabazten duenari jartzen diote izena. Normalean beste batekin konpartitzen duzu. 21 bihurgune dira eta 35 irabazle daude. Hasten bazara igotzen, hirugarrena da. Berezitasun hori dauka Alpe D’Huezek eta polita da.

Arantzaren bat gelditu al zaizu zure ibilbidean?

Adinarekin, gauza asko. Orain dakidana jakingo banu gazteagoa nintzenean, beste gauza bat izango zen. Aldatu? Ez du zentzurik jada. Momentu batzuetan lasaiago egotea bai. Egon nintzen oso berotua. Gauza batzuetarako ondo etorri zitzaidan, baina beste batzuetarako ez, baina eginda dagoena horrela da eta lixto.

Ba al duzu buruan arnasarik gabe utzi zaituen paisajerik?

Niri gustatu zitzaidan pila bat Suitza, oso paraje politak dituelako. Giroan Dolomitak ere ikusi genituen eta oso politak ziren.

Gurutzatuta izan duzun mendateren bat aipatu beharko bazenu?

Tre Cime di Lavaredo. Aurten ere egon da, baina egin zitzaidan kriminala, oso gogorra.

Gaur egun, txirrindularitzarekin loturik jarraitzen al duzu?

Esan dizudan bezala, bizikletarekin, arroparekin, noizbehinka martxa baterako deitzen didate, telebista edo irrati batzuetatik ere deitzen didate. Deitzen didatenean prest nago. Orain, adibidez, Tourra Bilbotik irtetzen dela, jende pila bat ari dira deika. Deitzen didatenean, beti prest eta gustura joaten naiz.

«Orain dena oso kalkulatuta dago prestakuntza aldetik. Asko erregulatzen dute edo gorputza oso ondo ezagutzen dute»

Zuen garaitik hona asko aldatu al da txirrindularitza?

Gauza asko aldatu dira. Batez ere, dena oso kalkulatuta dago prestakuntza aldetik. Potentziometroak atera dira. Gaur egun ez dugu ikusten faboritoen artean mendian honelako esplosiorik, baizik eta ikusten duzu asko erregulatzen dutela edo gorputza oso ondo ezagutzen dutela, badakitela noiz edo noraino iritsi diren eta zenbat denbora iraun dezaketen. Urte batzuk egin ziren arraro samar, ez genuelako ikuskizun handiak ikusten, baina orain atera diren jende gazte hauekin berriro ikuskizuna dago eta jendea berriro engantxatu da. Baina beste guztia bezala. Bizikletak garatu dira, prestakuntza garatu da, korritzeko forma aldatu da, jende asko dago nabarmentzen eta pasa den Tourrean eta orain ikusten da berriro ausartak daudela eta espektakulua dagoela.

Nola ikusten dituzu euskal txirrindulariak?

Tourrak motibazio handia ematen dizu eta etxetik ateratzea plus oso handia da. Bilboko etapa, lehenengoa izateko, oso gogorra da. Pello [Bilbao] badakigu azkarra dela talde txikitan, eta ez dela oso kontrolatuta egongo sailkapenari begira, eta aukera bat izan daiteke. Zaila da, etapa laua da eta denak joango dira gogoekin, baina uste dut mugituko direla eta aurpegia emango dutela.

Sailkapen nagusira begira, uste al duzu Bahrainek Pello Bilbaoren aukera baliatuko duela?

Bai. Nik uste dut Pello egongo dela eta baita Landa ere. Nik uste du ondo helduko dela. Dagoen jendearekin, Tourrean lehen bosten artean egitea oso zaila ikusten dut beraientzat, baina lehenengo hamarren artean egiteko bai.

Polemika izan da afizionatuen karrera asko geratu direlako ia egin ezinda. Tourra ekarri bai, diru asko joaten dela, baina gero harrobia zaintzen ez baduzu... Zein ikuspuntu duzu zuk gai honekiko?

Kexa asko egon dira. Tourra Euskal Herrira datorrelako, errepide asko asfaltatu dira, gauza asko egin dira, baina, adibidez, eskoletako jendea kexatu egin da beraiek ez dutelako dirurik ikusten, oso zaila delako beraientzat talde bat ateratzea umeekin harrobia izanda. Kontrako aldean, Tourra etorri da hona eta dena izan da beretzat. Hori ere zaindu behar da. Ondo dago Tourra hona ekartzea, erreperkusio mailan herriarentzat ona delako, baina ez baditugu eskolak zaintzen, etorkizuna ez da handik etorriko.

Txirrindulari batentzat, ilusio berezia egiten al du Tourra Euskal Herritik abiatzeak?

Duela urte bat esan zuten Bilbotik aterako zela eta bertan gaude jada. Nik uste dut jende asko kezkatuta dagoela lanera nola joango den, dena itxiko baitute. Eta gero ere jende asko dago kezkatuta sarrerak non lortu, nora joan... Izango da pasada bat. Argi dago hemen afizio handia dagoela eta berez Tourra ikaragarria da; beraz, Bilbon, Zornotzan, Donostian, Gasteizen pentsatu zenbat jende egongo den. Izango da gauza bat ikaragarria.

Zein ekarpen ekartzen dio Tourrak Bilbotik abiatzea Euskal Herriko txirrindularitzari?

Asko. Adibidez, etorri dira txirrindulari asko etapak egiten, eta atzerritar asko gainera. Batez ere, eguraldi ona egiten badu, argazkietan eta telebistan ikusten badute Urdaibai, Gaztelugatxe, Bilbo, Guggenheim, Donostia... parajea ikaragarria da. Jendeak inguru guzti hau mapan jartzen du eta ikustean esango du: “Ze polita! Merezi du joatea ikustera”. Eguraldi ona eginez gero, bistak ikaragarriak izango dira.

Amaitzeko, zuk nondik eta nola bizituko duzu aurtengo Tourra?

Taldeko aurkezpenean egongo naiz taldeekin eta gero egongo naiz irratiarekin eta Orbearekin irteeran eta ekitaldi batean. Beraz, handik egongo naiz. Saltsan egongo naiz, seguru.

Jaurlaritza Logoa