En direct

Bigarren Kafea

Eñaut Elorrieta «Konturatu naiz denborarekin, politikotzat ez neuzkan gaiak politikoak direla»

«'Fantasia' diskoaren izena izateaz gain, sorkuntza prozesu eremu hori izan da, zaintza oso presente egon den eremua». Diskoa kaleratu zuenean, lanari buruz luze eta zabal ariko ginela hitz eman genion Eñaut Elorrietari, eta Bigarren Kafea hartzera gonbidatu dugu. 

Audio_placeholder

Eñaut Elorrieta «Konturatu naiz denborarekin, politikotzat ez neuzkan gaiak politikoak direla»

Loading player...

Esna dagoen bitartean, Eñaut Elorrietak kanta egingo duela badakigu. Aurreko urtean kaleratutako 'Fantasia' lanaz aritu ginen Durangoko Azokan abeslariarekin, baina diskoa bere ibilbidea egiten ari da, eta bigarren kafea hartzera gonbidatu dugu Eñaut. 

«Askatasun handia eman zidan pentsatzeak disko bere baitan obra oso bat izango zela eta gero zuzenekoetan berrinterpretatu egingo genituela» aitortu digu Elorrietak. «Bilakaera hori oso ederra izan da eta zuzenekoetan eskaintzen asko disfrutatzen ari naiz»

«Pasioa mantentzea bada erronka bat; diskoa kaleratu eta jada hasi naiz kantu berriekin amesten, hori da nire bizitzeko modua» esan digu abeslariak. Erronka horri aurre egiteko, «iruditzen zait joaten naizela konfort egoeratik aldendu eta prozesu bat egiten». 

Inoiz aitortu digu diskoak egiterakoan amildegi eta bertigoak badaudela, eta 'Fantasia' lanarekin, bidelagun zoragarriak izan ditu beldur horiek gainditzeko. «Sorkuntza prozesua izan da gordinena; behin diskoa bukatu genuenean eta burua zuzenekora eramateko bidean jarri nuenean, erosoagoa egin zitzaidan, gustagarriagoa». Bide hori errazteko, Aitor Etxeberria eta Amorante izan ditu alboan. «Amorante eta Aitorrek diskoaren grabaketan parte hartu zuten, eta oso barneratuta daukate soinua» kontatu digu. «Aitorrekin bi urtetako prozesua izan da, oso gertukoa, uste dut asmatu zuela ni gustora sentiarazten. Babesa eskaini dit, animatu nau» dio Etxeberriaz. 

Elkarlan horretan eroso sentitu da Elorrieta. «'Fantasia' diskoaren izena izateaz gain, sorkuntza prozesu eremu hori izan da, zaintza oso presente egon den eremua»

Ezusteko musika-tresnak topa ditzakegu diskoan. «Bidasoa kantuan paisaia, lainoak, egunsentira iritsi gabeko orduak irudikatzen ditut eta hori giro oso aproposa da bonbardinoa edo tronpeta bezalako timbreak dauzkaten tresnak sartzeko» esan digu. 

Ibilbide luzea egin du Eñaut Elorrietak, bai Ken Zazpi taldearekin eta baita bakarlari gisa ere. «Begiratzen diot Eñaut gazteari, eta pertsona bera garela iruditzen zait baina urteen poderioz aldatzen goaz, nahiz eta izate baten esentzia mantendu»

 

 

«Beharbada konturatu naiz denborarekin, politikotzat ez neuzkan gaiak politikoak direla: maitasuna edo aitatasuna politikoak dira; betidanik barrua ukitzen nauten gaietaz kantatazea» Diskoaren koloreaz, hitzen balioaz, eta kontzertuetako sekretuez aritu gara Eñaut Elorrietarekin.

Jaurlaritza Logoa