En direct

Eli Pagola
Entrevue
Askoa Ibisate
Geografia fisikoan doktorea

«Ibaiak bere dinamika berreskuratuko du eta gu gara egokitu behar garenak, ez alderantziz»

Erroten ondoren, XX. mendean, batez ere, energia hidroelektrikoaren sorrerak gorakada izan zuen eta instalazio ugari egokitu ziren ibaietan. Orain, araudi eta ordenantzak tarteko, hainbat dira erabileraz kanpo geratzen ari diren instalazioak eta zenbait lekutan ibaiak leheneratzeari ekin diete.

Audio_placeholder

«Ibaiak bere dinamika berreskuratuko du eta gu gara egokitu behar garenak, ez alderantziz»

Loading player...
Askoa Ibisate.
Askoa Ibisate. (Askoa Ibisate )

Ibaien leheneratzeaz hitz egiteko, lehenik, zein ezaugarri dituzte ibaien ibilgu naturalek?

Ibaiek funtzionamendu egoki bat izateko, berez, eduki behar dutena da ura, sedimentuak eta esparrua. Horrek ahalbidetzen du era egoki batean funtzionatzea eta bertan bizi diren izaki bizidunak era egoki batean bertan egotea; ez bakarrik arrainak, baizik eta baita ere ibaietan dauden beste organismo batzuk eta ibarretan dugun landaredia. Beraz, ez dira soilik begiratu behar ibaian bertan ematen diren baldintzak, baizik eta kontuan hartu behar dugu arro osoa, guztiz baldintzatzen duelako ibaiaren nolakotasuna.

Ibaiari beharrean, ibai arroari begiratu behar zaio, horrek eragiten baitu ibaiaren ezaugarrietan.

Bai, hori funtsezkoa da, beti ikusi behar dugu ibai arroa ibaitik gora bere ibilguan eta ibaitik beherako ibilguan.

Ze faktorek eragin dezakete ibai baten morfologia aldatzea?

Alde batetik ditugu ibilguan bertan eragin ditzakegun aldaketak, alboko defentsak. Ibaiaren ertzak aldatzen ditugu eta mugatzen dugu ibaiak mugitzeko daukan gaitasuna, zeren, berez, ibaiak mugitzen dira eta egokitzen dira beraiek daukaten energiara. Beste alde batetik, ibai-lautadan ezartzen ditugun jarduerak daude, artifizializatu egiten ditugu. Ibai edo uholde lautadak ibaiek sortutako eremuak dira. Goraldiak daudenean, ibaia bertan zabaltzen da dakarren energia disipatzeko eta gutxitzeko, baita ur bolumena eta haren fluxuaren energia ere. Esparru hori mugatzen badugu ibaiak ezin du energia disipazioa egin eta ur hori beherantz bidaliko du ur beheretara egon daitezkeen uholde arriskuak areagotuz.

Gainera, ura uholde lautadetan sartzen denean akuiferoetara filtratu daiteke, beraz, prozesu hori ere mugatzen da. Horrez gain, arroan eragiten ditugun aldaketak daude, lur erabileren aldaketak. Artifizializatuz ere mugatu egiten da filtratutako ur kantitatea eta horrek gainazaleko isurketak handitzen ditu. Ibaiek era egokian funtzionatzeko ezinbestekoak diren sedimentuen fluxua ere mugatzen dugu. Urtegietan, adibidez, ura beste erabilpen batzuetara bideratzeko biltzen da, beraz, gutxitu egiten da ur beheretara egongo den ur kantitatea eta, horrek, ondorioak ekar ditzake ebakidura prozesuei eta maila freatikoen beherakadari dagokionez.

Euskal Herriko bi isurialdeetan badago alde nabarmenik?

Bai, jakina. Ipar isurialdeko bailarak askoz estuagiak dira, uholde lautadak oso eskasak dira bailara morfologiagatik eta, gainera, ia denak okupatuta daude, izan industriarekin, izan etxebizitzekin. Orduan, lehen aipatutako goraldien prozesu horiek, egun, oso zailak dira ematen eta, okupatuta daudenez, babestu egin behar dira. Horrez gain, ibai horiek energia asko daukate oso distantzia motzean desnibel handia dutelako eta, prezipitazio ugariagoak izanda, prozesu horiek askoz ere bortitzagoak izaten dira.

Aldiz, hego isurialdekoak energia gutxiagoko ibaiak dira, albo mugikortasunerako aukera gehiago dute, ibai lautada handiagoak dituzte, eta ez dago horrenbesteko okupaziorik baina nekazaritzaren presio handia dago.

Presio mota bati helduta, presa ugari eraiki dira. Zer eragin morfologiko dute ibaietan?

Gure zirkulazio sistemara eramaten badugu, presa bat tronbo baten parekoa da. Guztiz eteten dugu ibaiaren jarraikortasuna, ondorioz, urak eta sedimentuen ezin dute era normal batean aurrera egin. Urak, fluxua aldatuta bada ere, beherantz jarrai dezake baina sedimentu gehienak presan geratzen dira. Horren ondorio larrietako bat da ibai batek ez duenean hainbeste ur eta sedimentu, bere ibilgua estutu egiten dela eta, energiarik ez duenez erabili behar sedimentuen garraioan, ebakidura egiten duela. Kontuak horrela, gero eta sakonago daude ibaiak. Esaterako, Gipuzkoako ibaietan oso nabarmena da presetatik behera dagoen ebakidura intzisioa eta, horren eraginez, ibar basoeak ahuldu eta, batzuetan, hil ere egiten dira, maila freatikoa jaisten denez, ez direlako heltzen lur barneko uretara. Azpiegituretan ere badaude arazoak.

Gure zirkulazio sistemara eramaten badugu, presa bat tronbo baten parekoa da. Guztiz eteten dugu ibaiaren jarraikortasuna, ondorioz, urak eta sedimentuen ezin dute era normal batean aurrera egin.

 

Ur goretara gertatzen dena da, berriz, ura eta sedimentuak pilatuta geratzen direla eta ibaiak ez duela ibai funtzionamendua, baizik eta laku batena. Horrek habitatak guztiz aldatzen ditu. Bestalde, pixka bat handitu egiten da uraren laminaren altuera. Horrez gain, arrainekiko eragin zuzena dauka, oztopo oso handiak dira beren migrazioan eta mugimenduetan, bai behetik gorakoetan eta baita goitik beherakoetan ere.

Goitik behera ere bai? Nola?

Batzuetan presetan dituzten saltoak oso handiak dira eta beti ezin dituzte gainditu. Behetik gorako oztopoak ikertu izan dira eta, beti funtzionamendu egokia izatea lortu ez bada ere, gauzak hobera doaz. Aldiz, ur goretatik beherakoetarako zailtasunak apenas ikertu dira.

Zein neurri daude ibaiak leheneratzeko?

Testuinguruan sartzeko, 2000an onartu zen uraren arteztarauan aipatzen zen Europako ur masak kalitate onean egon behar zutela. Diagnostiko batzuk egin behar ziren eta, bete ezean, eremuak leheneratu behar ziren. Horrez gain, momentu honetan, Europar Batasuna Naturaren Errestaurazioaren Legearen tramitazioarekin dabil eta bertan esaten da 2030erako 25.000 km egon behar direla aske Europan. Horrek esan nahi du ez dela oztoporik egon behar eta urek, sedimentuek eta izaki bizidunek dagokien funtzionamendua izan behar dutela. Horren baitan, gehien aplikatu izan den leheneratze neurria izan da presen eraistea.

Eraisteaz gain, jakina, badaude beste neurri batzuk. Saiatu beharko genuke ibaiaren esparrua berreskuratzen eta funtzionamendua hobetzen, zeren, lehen esan bezala, uholde lautada horiek ere ibai gisa ulertu behar ditugu. Bestalde, eta niretzat funtsezkoa dena da orain era naturalean ditugun uholde lautadak ez okupatzea.

Ibaiak leheneratzeko ekintzetan zein irizpide jarraitu ohi dira?

Lehenik eta behin, uraren arteztarauak eskatzen du ibaien karakterizazio eta diagnostiko bat egiteko hainbat elementutan oinarrituta; Alde batetik daude elementu fisiko-kimikoak, batez ere uraren kalitateari dagozkionak; beste alde batetik daude elementu biologikoak; eta, hirugarren arlo batean, elementu hidromorfologikoak, hor daude ur emariak, ibaiaren morfologia eta, nahiz eta elementu biologiko bat izan, ibar basoen landaredia. Horren balorazio bidez ikusten da ibaia nola dagoen. Gero, uraren kudeaketaren arduradunek neurriak proposatu behar dituzte, ondoren, planetan onartzen direnak.

Nola egiten da neurri zuzentzaileen jarraipena?

Aztertzegai den arloaren arabera. Esaterako, arrainekin begiratzen da ea espezieak berreskuratu diren leheneratze lanaren ondoren. Isurialde atlantikoan aztertzen den espezie bat izokina da. Ugaltzeko ibaian gora egin behar du baina, oztopoz beteta daudenez, askotan ez du lortzen. Arrain-eskalak (presak gainditzeko egiturak) ere badaude baina, diseinuagatik edo dauden egoeragatik, ez dira guztiz eraginkorrak. Orduan, oztopo bat kendu ondoren, arrantza elektrikoa egiten da ikusteko zein espezie, kopuru eta adinetako arrainak dauden.

Geomorfologiari dagokionez, begiratzen dena da ea nola egokitzen den ibilgua egoera berrira. Oinarri mailatzat presa hartzen da eta hortik ur goretara aldaparen aldaketa ematen da, leundu egiten da. Presa botaz gero, aldapa handitu egiten da, beraz, horrek eragiten duena da ur goretara higadura prozesuak areagotzea –izatez, presa bertan jarri zenetik pilatutako sedimentuen higadura gertatzen da– eta, ur beheretara, sedimentuen garraioa eta mugikortasun naturala. Sedimentu horien pilatu egingo dira baina, goraldiz goraldi, mugitzen jarraituko dute, naturala den bezala. Guk baloratzen duguna da nolatan ematen den mugimendu hori eta, baita ere, zein beste ondorio ematen diren. Batzuetan, izaten dira kezkak ea higadura gehiegizkoa izango ote den, bideren bat erortzeko arriskurik dagoen… eta horien jarraipena egin ahal izateko datuak hartzen dira. Ulertu behar da ibaiak bere dinamika berreskuratuko duela eta gu dinamika horretara egokitu behar gara, ez alderantziz.

Sedimentu mugimendu horrek zenbat denbora behar izaten du egonkortzeko?

Mugimendu gehienak presa bota eta segituan ematen dira. Ur lamina ere azkar jaisten da eta, esan behar da, horrek uholde arriskua arintzen duela, zeren, azken finean, ura baxuago dago. Ondoren, metatutako sedimentuen artean ibilgua ezartzen da eta bere ebakidura naturalaren prozesua hasten da. Askotan, lehen metatutako sedimentuak ez dira berehala mugitzen, izan ere, ibaia behera doan heinean, zailagoa du alboko sedimentuak higatzea. Hori bai, ur beheretara ez da sedimentu arazorik izaten; egoera puntual batzuetan habitata aldatu eta espezieren bati kalte egin diezaioke denbora tarte labur batez baina, gerora, funtzionametu naturala berreskuratzen du ibaiak. Uste izaten da lehengo egoerara bueltatuko dela guztiz eta, gure esperientziatan ikusi dugunaren arabera, guztiz-guztiz ez da bueltatzen.

Ikerketa eta jarraipen askotan hartu izan duzu parte. Zer nabarmenduko zenuke?

Gipuzkoan horrelako jarraipenak egiten hasi gineanean, esaterako, Leitzaran ibaiko Inturiako presa –12,5 metroko presa, handia–, guztiz sedimentuz betea zegoen. Hasiera batean, kezka zegoen horrenbesteko sedimentu kantitatea izanda, hori bat-batean mugitzean zer ondorio izan zitezkeen. Presa faseka botatzea planteatu zen eta ikusi genuena izan zen sedimentu asko ez zirela mugitu. Zergatik? bada, ebakidura gertatu zelako eta uholde lautada moduko bat geratu dela eta, inguru horretan landaretza berehala hazten denez, finkatu egin dituelako eremu horiek. Batzuetan ez dira sedimentu guztiak mugitzen eta ez da arriskurik sortzen. Beste esperientzia batzuetarako oso baliagarriak diren ikasgaiak dira.

Ondare eta paisaian aditua zara. Egitura horiek oztopoak direla aipatu dugu baina ondarea ere badira.

Konplexua da. Horrelako lanak aurrera eramaten direnean, arduradunak kulturako teknikariekin jartzen dira kontaktuan eta badute beren txostenak egiteko aukera. Ondare kalifikazioaren arabera, lehentasunak egon daitezke batzuen eta besteen partetik. Hemen egiten dena da, behintzat, presen alboko zati batzuk mantendu, nolabait, hor egon daitezen etorkizuneko testigu gisa. Baina, kontuan hartu behar dugu horrelako asko ditugula mailakatuta beren balio historiko, arkeologiko eta kulturalaren arabera eta ibaien naturaltasuna ere ondare bat den heinean, berreskuratu egin behar dela berezko bere funtzionamendua ahalik eta egokiena izan dadin. Hau, ordea, gai arantzatsua izaten da jendeak atxikimendu bat baitu betidanik ezagutu izan dituzten azpiegitura horiekiko. Hala ere, askotan, guztiz abandonatuta daude eta, batzuetan, arrisku bat dira mantenimendu faltagatik. Horrek kostu bat dauka eta baloratu egin behar da zein den horien balioa beste hainbat elementu kulturalekin egiten den bezala.

Ibaien leheneratzea da ahalik eta presio eta artifizializazio gehien gutxitzea, saiatzea ibaiek era naturalean funtziona dezaten eta horra egokitzea.

Mantenimendu hori noren gain dago?

Jabearen ardura da, izan erakundea, izan partikularra. Ega arroako kasu bat izan dugu, partikular batzuek herentzian presa bat jaso dute eta orain heldu zaie mantenimendua egin beharra. Bat-batean sekulako kostuak dituzte eta, jakina, ez da erraza. Beste gauza bat da erakundeen kasuan, aurrekontuak dituzte eta baloratu behar dute mantentze lanak egin edo eraitsi. Inturiako kasuan, Andoaingo Udalarena da, 12 metrokoa denez, presa handi gisa hartzen da eta mantenimendu eta segurtasun protokolo handiagoak eskatzen ditu. Udala ez zegoen prest erabileraz kanpoko instalazio batean halako inbertsioak egiteko. Gainera, legediak dio horrelako presa bat kontzesiorik gabe geratzen bada, ibaia jatorrizko egoerara itzuli behar duzula.

Beraz, ondarea badira, baina, asko XX. mendeko estrukturak dira eta baloratu behar da zein ondareri ematen zaion lehentasuna eta zein mantentze kostu dituzten.

Presa horiek, gehienetan, energia hidroelektrikoa sortzeko instalazioen parte dira. Duten ekarpen energetikoa eta eragin ekologikoa ikusita, nola baloratzen dira egituren eraisteak?

Eraistea proposatzen diren presak dira erabilerarik ez dutenak. Kasu horietan, jada baloratuta dago, jabearen aldetik, ez dela aktibitate horrekin jarraituko, beraz, hor ez dago bestelako gatazkarik.

Baina orain kolokan dagoen gai bat da energia berriztagarrien potentzializazioa eta batzuetan baloratu da berriz ere energia hidroelektrikoa sortzeko balio lezaketela. Pentsatu behar dugu zenbat presa ditugun gure ibaietan, zein punturarte moztu ditugun eta gure arroko adibideak oso esanguratsuak dira; leku askotan 100 metrotik 100 metrora ditugu presak eta ikusi beharko litzateke, berriz ere energia lortzeko egokitzen baditugu, zer nolako ondorioak izan ditzaketen gure ibaietan. Nire ustez, askoz ere planteamendu globalago bat egin behar da energiaren erabilpenaren eta baliabideen inguruan.

Baita ere, klima aldaketarekin ur emariak izango duen bilakaerari erreparatu behar zaio.

Klimak ur emarietan eragina izango du eta gure ibaiek gero eta kutsu mediterranearragoa izango dutela aipatzen da; ur gutxiago, goraldi bortitzagoak, bariabilitate handiagoa...

Ur emarien bilakaerak kezkatzen zaitu?

Ez dago oso argi nolako bilakaera izango den. tenperaturen aldetik askoz ere nabarmenagoak izan dira aldaketak, baina, duda barik, klimak ur emarietan eragina izango du eta gure ibaiek gero eta kutsu mediterranearragoa izango dutela aipatzen da; ur gutxiago, goraldi bortitzagoak, bariabilitate handiagoa…

Leheneratzea, beraz, ez da lehengora itzultzea izango.

Argi izan behar dugu zer ari garen leheneratzen. Planteatu dugun gogoeta bat da, zeren, batzuetan, gure irudia izan daiteke XX. edo XIX. mendeko irudi bat, baina, arroak aldatu egin dira, ez dira era berean funtzionatzen ari eta helburua ez da orduko hartara bueltatzea. Leheneratzea da ahalik eta presio eta artifizializazio gehien gutxitzea, saiatzea ibaiek era naturalean funtziona dezaten eta horra egokitzea.

Jaurlaritza Logoa