En direct

Ion T. Barrena
Iruñea
Entrevue
Uxue Barkos
Geroa Bairen Nafarroako lehendakarigaia

«Udaletan PSNk 2019an hartu zuen erabakia aldatzea da gure helburua, eta beste askorena»

2015ean aldaketa gidatu zuen Nafarroan lehendakari gisa Uxue Barkosek eta PSNrekin koalizioan izan da Geroa Bai azken lau urteetan. Ildo horri segida eman nahi dio maiatzaren 28tik aurrera, adostasuna udaletara eramanez.

Audio_placeholder

«Udaletan PSNk 2019an hartu zuen erabakia aldatzea da gure helburua, eta beste askorena»

Loading player...
Uxue Barkos Parlamentuko agerraldi batean
Uxue Barkos Parlamentuko agerraldi batean (Jagoba Manterola | FOKU)

«2015ean hasitako bide berberean jarraitu nahi dugu». Uxue Barkosek Nafarroako lehendakari izan nahi du berriro, baina aldaketaren gehiengoa mantentzea du lehentasun. Kasu honetan, PSNk bereziki Iruñerriko udaletan hartu zuen posizioa aldatzeko helburu gehigarriarekin, «alderdi sozialistaren erabakiz UPNk jarraitu du agintzen Iruñean, Eguesibarren, Barañainen, Burlatan... oraingo honetan gure helburua, eta esango nuke beste askorena, 2019an PSNk hartu zuen erabakia aldatzea da».

Nafarroako Gobernuari dagokionez ere koalizioaren aldeko apustua berretsi du Uxue Barkosek NAIZ Irratiari eskainitako elkarrizketan, «baina, noski, guk zuzenduta». Gehiengo aurrerakoia osatzen duten alderdi guztiek exekutiboan egon beharko luketela uste du.

Maria Chivite lehendakariarekin elkarbanatu duten gobernuaren ezinak hautatzean autogobernuaren afera azpimarratu du Barkosek, «autogobernuaren tresnetan sakontzeko prozesu bat behar dugu eta hori Nafarroatik hasi behar dugu, Espainiako Gobernuak ez duelako halakorik sustatuko». Bertako alderdien autonomia aldarrikatu du horretarako: «PSNk beti itxaron egiten du Madrildik esaten dutenari eta autogobernua askotan da beharrezkoak diren erabakiak lehenbailehen hartzea, inori itxaron gabe».

«Ez dago ofizialtasunerako gehiengorik»

PSNren ezinen artean euskararen afera ere nabarmendu du Barkosek, baina harago doa ezin hori: «euskararen ofizialtasuna Nafarroa Osora hedatzeko ez dago gehiengo parlamentariorik». Beraz, hurrengo legegintzaldian ezingo da gainditu zonifikazioa? «Beno, ni beti naiz baikorra, gizarte zibilizatu batean eskubide linguistikoak errespetatu egin behar dira eta zonifikazioa ez dakit oso zibilizatua den». Aurrerago? «Baikorra naiz, espero dut aurrera egingo duela Nafarroako gizarte osoak, baina momentu honetan hori ez da posible».

Jaurlaritza Logoa