En direct

Ion Garate, Zuriñe Iglesias eta Ion Telleria

Marea gorriaren bultzada ezinbestekoa izango du Osasunak Sevillan

Osasunak bihar jokatuko duen Kopako finalari begira, NAIZ Irratiko tertulian kolore gorria bihotzean daramaten bi zale aritu dira solasean, eta bat etorri dira esanez finalaz «disfrutatu» nahi dutela. Jagoba Arrasateren bi herrikidek ere nabarmendu dute «herri guztia Jagobarekin egongo» dela.

Audio_placeholder

Marea gorriaren bultzada ezinbestekoa izango du Osasunak Sevillan

Loading player...
Gorritxoak Sadarren beren taldean animatzen Osasunak eta Valladolidek denboraldi honetan jokatutako partidan.
Gorritxoak Sadarren beren taldean animatzen Osasunak eta Valladolidek denboraldi honetan jokatutako partidan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

«Osasuna epika da guztiaren gainetik» halaxe deskribatu du Iruñeko taldea Eneko Conpains zale gorritxoak NAIZ Irratiko tertulian, Ramon Sola lankideak GARAn aspaldi idatzitako artikulu bat gogora ekarrita. Izan ere, Osasunak bihar jokatuko duen finalak asko du epikatik. Klubaren 103 urteko historian bigarren finala da, Real Madril aurkari ahaltsuaren aurka eta 20.000 jarraitzaile gorritxoen aurrean. Osagai horiek, beste batzuen artean, emango diote kutsu epikoa finalari, eta are handiagoa izango da eguna, Osasunak kopa altxatzea lortzen badu.

Helburu horretan, ezinbestekoa izango da marea gorriaren bultzada. Zenbait jadanik Sevillan izango dira eta beste askok oraindik kotxea, autobusa, hegazkina edo dena delakoa hartzeko bidean egongo dira. Horietako bi dira Conpains eta Leire Martinez zale gorritxoak.

Lehena gaur goizean abiatu da Gasteiztik Sevillarara kotxean, Iruñeko lau lagunekin batera. «Aste osoan lasai egon naiz, baina toki guztietatik mezuak heltzen hasten direnean eta Kopako finala gai bakar bilakatzen denean, pixka bat urduritzen hasi naiz. Baina final bat disfrutatzeko denez, urduritasuna ongi etorria izan dadila», azaldu du Osasunako zaleak.

Conpainsen antzera, Leire Martinez iruindarra Gasteizen hartu dute lagunek, eta kotxean jaitsiko dira Sevillaraino. «Bidaia luzea da oso. Ia Paris gertuago dugu Sevilla baino», dio barrez Martinezek. Biharko egunaren helburu nagusia «disfrutatzea» izango da, futbolaz harago.

Zaleak elkartzen diren gunean egongo dela adierazi du iruindarrak, eta bero sapari aurre egiteko eguzkitako krema eta betaurrekoak eramango dituela. Duela hiru aste Vallecasen egon zen Martinez eta «izugarri ongi» pasatu zuen. Harentzako, Osasuna eta futbola beti da «aitzakia bat lagunekin egoteko eta tarte goxo bat pasatzeko».

Lizarran, giroa bero

«Espektatiba handiekin» doa La Cartujara Martinez, inoiz ez baita egon horrelako zelai batean. Bai Martinez bai Conpains Indar Gorrirekin sartuko dira. Azken horrek, lehen lerroko sarrera du, eta jakin badaki ez duela finala «ongi ikusiko», baina giroaz gozatu ahalko du «inolako dudarik gabe». 20.000 zale gorritxo egongo dira Sevillako bihotzean. «Ea erakusten dugun zer den talde txiki baina handi bat animatzea», nabarmendu du Conpainsek.

Duela 18 urte Osasunak jokatu zuen lehen finala gogoan du irundarrak: «Argentinan harrapatu ninduen Erasmusen, hain gaizki ere ez nengoen. Justu urte hartan Osasunako bazkidea nintzen eta final-zortzirenak, final-laurdenak eta finalerdiak ikusi nituen, baina ospa egin behar izan nuen finalerako». Momentu horretan, irundarrak pentsatzen zuen trena soilik behin pasatzen zela, eta ez zuela tarterik izango Osasuna berriro ere final batean ikusteko. Baina, «zorionez» bigarrengoz pasatu da eta gozatzeko aukera izango du.

Osasunako zale peto bat da Mikel Colomo lizarratarra. Oier Sanjurjo Osasunako kapitan ohiaren herrian jada hasiak dira balkoietan banderak jartzen eta elastikoak janzten. «Kaleetan eta kafetegietan ikusten da giroa eta jendea gogotsu dago» adierazi du Colomok.

Horrez gain, lizarratarrak nabarmendu du Sanjurjo «erreferente» bat dela herriko gehienentzat, «ez bakarrik futbolean egin duen ibilbidearengatik, baizik eta transmititu dituen baloreengatik: euskararengatik egin duen lanagatik eta Lizarra munduko puntu ezberdinetan kokatu eta erdigunera eramateagatik».

Berriatuan, festa giroan

Jagoba Arrasateren jaioterrian festa giroan daude, asteburuan herriko jaiak ospatzen dituztelako. Bihotza erdibitua du herriak Osasunaren eta Athleticen artean. Hori bai, finalean «herri guztia Osasunarekin eta Jagobarekin egongo da», adierazi du Jon Arriola Berriatuko alkateak, eta gaineratu «Jagobarengatik gero eta Osasunako zale gehiago daudela».

Beste horrenbeste esan du Aitor Elordi pilotariak. Athleticekoa dela aitortu duen arren, adierazi du Osasunak finala zuri-gorrien aurka jokatuko balu eta haiek irabaziko balute, Jagobarengatik «poztuko» litzatekeela: «Herrikidea da, eta nahiz eta Iruñean bizi eta askotan ez izan aukerarik herrian elkarrekin egoteko, asteburuan agian izango dugu aukera batera egoteko, herriko jaiak direla eta. Batera egon garenetan oso harreman ona izan dugu». Pilotariaren ustetan, finalari begira «Euskal Herria osoa Osasunaren alde egongo da».

Aldi berean, Berriatuko alkateak azpimarratu du Jagoba «beti izan dela maitatua herrian», entrenatzaile izan zelako eta futbol taldean «asko lagundu» zuelako.

Bihar 800 lagun bilduko dira Berriatun, ‘paellada’ herrikoia egiteko. 1.200 biztanleko herri batean ia denak, alegia. «Herri guztia kalean egongo da, kontzertuak egongo dira gauean. 'Aupa Jagoba’ kamisetak ipini genituen saltzen eta pasa den asteaz guztiak saldu zirenez, gehiago egin behar izan ditugu», azaldu du Arriolak.

Jaurlaritza Logoa