En direct

Amaia Zurutuza eta Garazi Castaño
Entrevue
Ibai Zabala eta Estitxu Garai
Euskal Herria Batera

«Aliantzak eraiki eta bide bateratu bat eratzeko unea da»

‘Bagara, badugu’ lelopean larunbatean Donostiako Miramar Jauregian ospatuko du Aberri Eguna Euskal Herria Batera egitasmoak. Ezberdinen arteko espazioa izan nahi dute eta herri gisa ditugun erronkei baikortasunez begiratu.

Audio_placeholder

«Aliantzak eraiki eta bide bateratu bat eratzeko unea da»

Loading player...
Ibai Zabala eta Estitxu Garai.
Ibai Zabala eta Estitxu Garai. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Estitxu Garai EHUko irakaslea (Gordexola, 1985) eta Ibai Zabala (Berriz, 1987) pilotari ohia Euskal Herria Baterako eledunek Aberri Egunaren garrantzia nabarmendu dute. «Ospakizun eguna» dela azaldu dute, baita aurrera begira jartzekoa ere. ‘Bagara, badugu’ lelopean antolatu dute aurtengo proposamena.

Zuentzat zer da Aberri Eguna? Zein sentsazio eragiten dizue hitzorduak?

Ibai Zabala: Nireentzat Aberri Eguna, eta nik uste dut euskal herritarron gehienontzat behintzat, egun berezia da. Topatzeko eguna. Aspaldiko lagunekin elkartzeko eguna da, gure agendan gorriz dagoen eguna. 

Estitxu Garai: Nireentzat ere ospakizun egun bat da. Gure herria berezia delako eta bere berezitasunak dituelako. Eta aurrera begiratzeko egun bat da ere. Deialdi honetan hori ere transmititu nahi dugu. Badugu iragan esanguratsua baina etorkizuna ere izan nahi dugu. Horregatik, Aberri Egunean erronkei erantzuteko hitzordua izango da. 

Zein helbururekin sortu zen Euskal Herria Batera ekimena?

E.G.: 2020an sortu zen, eta ondo gogoratuko duzue guztiok Aberri Egun horren testuingurua, nola geunden etxean konfinatuta, covid-19aren pandemiaren eragin betean. Orduan egoera hori aintzat hartuta Aberri Eguna batera ospatzeko proposamen bat egin nahi izan genuen. Esparru ezberdinetatik gentozen herritarrak batu ginen eta egin genuen deialdia, etxetik, balkoietan eta leihoetan ikurrak jartzeko eta aldi berean hiru kantu abestea proposatu genuen. Hori izan zen lehenengo edizioa, eta hortik aurrera joan gara proposamenak egiten Aberri Eguna batera ospatzeko.

Hiru urte igaro dira jada. Aurten, larunbatean hitzordua Miramarren, zein helbururekin?

I.Z.: Zoru komun bat partekatzen dugunon artean aliantzak eraikitzea eta bide bateratu horri heltzea. Eta ze hoberik Aberri Eguna baino. Bakoitzak bere Aberri Eguna egin beharrean, guztion artean bat bakarra egitea.

«Zoru komun bat partekatzen dugunon artean aliantzak eraikitzea eta bide bateratu horri heltzea da gure helburua»

 

E.G.: Gainera, Euskal Herria Baterak hasieratik azpimarratu du ez gatozela beste alderdiek eta beste eragileek antolatzen dituzten ekitaldiak ordezkatzera. Beste espazio bat sortzera gatoz. Batera aritzeko espazio bat.

Egin genuen lehenengo edizio hori pandemia betean, gero plazak hartu genituen hurrengo urtean, hurrengoan Abadiako Adierazpena egin zen –hizkuntzari eta kulturari aitortza egiteko–, eta oraingoa bi kolpetan proposatzen dugu. Batetik aipatu den Miramarreko ekitaldi hori, ordezkariekin egingo duguna, eta ordezkaritza zabala espero dugu. Eta hurrengo egunari begira, deialdia egin nahi diegu herritarrei harrotasunarekin ikurrak, ikurrinak eta nafar banderak atera ditzaten leihora edo nahi duten edonora. Keinu txiki horrekin adieraziko dugu ospatu nahi dugula batera, bagarela herri bat eta badugula harrotasuna.  

Aukeratutako leloa ‘Bagara, badugu’ da, ze aldarrikatu nahi da «bagara» hitzarekin?

E.G.: Bagarela. Bagarela herri bat, bagarela komunitate bat eta bagarelako izango garela.

Eta «badugu» hitzarekin?

I.Z.: Badugula hizkuntza, badugula kultura, badugula herria, lurraldea, eta badugula proiektu bat. Eta gosea ere bai.

Euskal Herria Baterak baieztatu du komunitate erronka itzelak ditugula aurrean eta horiei erantzun baikorra emateko indarra badagoela. Zuek sumatzen duzue indar hori?

E.G.: Nik esango nuke baietz, baina askotan komunikabideetan askoz gehiago agertzen da liskarra. Horregatik uste dugu horrelako espazioak  eraikitzea, eta gainera herri mugimendutik egitea, azpimarragarria dela. Gure aletxoa jarri nahi dugu eta urtez urte jarri nahi dugu, Aberri Eguna agendan ager dadin, uste dugulako urte askotan pixka bat desagertuta egon dela. Ea jarraitzen dugun edizioz edizio gauza berriak proposatzen Aberri Eguna izan dadin euskaldun guztiok agendan gordeta dugun egun berezia, ospakizunerako egun sinboliko garrantzitsu bat.

«Gure aletxoa jarri nahi dugu eta jarraitu nahi dugu urtez urte ere ale hori jartzen Aberri Eguna agendan ager dadin»

Kostatzen zaigu batzutan ezberdintzen gaituen edo ezberdindu ahal gaituen elementu horietan fokua jarri beharrean, batzen gaituen horretan jartzea?

I.Z.: Hala da. Uste dut badela garaia zoru komuna azpimarratzeko. Uste badugu lurraldea, gure herria, Karrantzatik Maulera eta Mauletik Tuterara heltzen dela, kultura bat duela eta gainera kultura hori josi egin dela gure hizkuntzaren baitan, esan dezakegu zoru komun bat dugula. Gero herri horretan sortuko den gizarteari buruz eztabaidatu genezake.

Diaspora Aberri Egunean oso presente egon ohi da. Zein garrantzia du?

E.G.: Handia. Diaspora oso aintzat hartzen dugu Euskal Herria Bateran, eta oso presente dago gure proposamenean.

I.Z.: Diasporak badu bere pisua eta bere garrantzia, eta kontuan izan behar dugun elementu bat da. Nik AEBtan pilota jokatzeko zortea izan nuen eta bertako diaspora ezagutu nuen eta harritzekoa da nola mantentzen dituzten erroak, ez bakarrik hizkuntzaren aldetik, baizik eta herriaren ikuspegitik.

Jaurlaritza Logoa