En direct
«Denok ere antsietate egoera gehiago bizi izan ditugu mugikorraren erruz»
Hirukoa dira eta Juan Gentil, Dani Iglesias eta Mikel Zubiriak osatzen dute egun Tritones. Mikelen eta taldearen izenak duela gutxi aipatu ziren MusikHaria saioan presente, Ilargirekin bateria jotzen ere badabilelako Zubiria eta Ilargik berak ere taldearen bideoklipean hartu zuelako parte.
«Denok ere antsietate egoera gehiago bizi izan ditugu mugikorraren erruz»
Hiruko moduan aurkeztu dut, gaur bi zaudete; taldekideetako bat murtziarra dela aipatu behar.
Mikel Zubiria: Bai, hala da, Euskal Herrian urte batzuk badaramatzan arren ezin izan du euskaran murgildu oraindik.
Modu koral batean aritu zarete ‘A por ti’ diskoaren sorkuntzan aipatu izan duzuenez.
M.Z.: Prozesua desberdina izan da lan hau sortzerakoan. Taldea martxan hasi zenean beste era batetara egin genuen lan, Danik bere kantuak aurkezten zizkigun eta horrela egiten genuen dena. Orain, koralagoa izan da guztia.
Juan Gentil: Nik hiru urte baino ez daramatzat hemen. Unibertsitate garaian ezagutu nuen Mikel eta Zaloa Urainekin egin genuen halako musika talde bat osatzeko saiakera, Kokein taldean dabil orain hura. Bakoitzak bere bidea hartu zuen gero eta duela hiru urte Mikel nitaz oroitu zen eta berekin jolastera eta jotzera animatu ninduen.
Rocka zainetan aspalditik duzuela nabari da, baina azalean ere badaramazue.
M.Z.: Bai, lehen esan duzun moduan beste hainbat estilotan ere aritzen gara, baina rockean beti gustura.
Rock klasikotik edan duzuen arren, diskoan espektro zabalago bat jorratu duzue. Kantu bakoitza estilo batetara bideratzen zenuten sorkuntzan?
M.Z.: Nik uste dut nora joan baino, nora ez genuen joan nahi geneukala argi samar. Hortaz, zerbaitek funtzionatzen ez duenean muturra okertu eta zerbait freskoagoa eta originalagoa egiten saiatzen gara. Ez dakit, espazio berri eta freskoagoetara eramaten gaituzte KANTUEK sortzen goazen heinean eta zuzenekoetan hori nabaritzen da.
‘Se largó’ kantuarekin hasten duzue diskoa. Zuek esan duzue noiztik duzuen harremana Kokeinekin, hortik dator Zaloaren kolaborazioa?
M.Z.: Bai, gehiago edo gutxiago izan dugu harremana berarekin, eta orain opari hau egin digu. Emakumearen ahotsa ikusten genuen bi abesti horietan eta Zaloak berehala baietz eman zigun, oso aberasgarria eta erraza izan da guztia.
Datu hau ez dakit ba ote dakizuen: lehenengoz gazteleraz hemen entzun dezakegu grabatuta?
M.Z.: Euskaraz egin du beti eta ingelesez ere egin ditu gauzak. Esan zigun berak ere gazteleraz sekula ez zuela abestu, ez duela aukerarik izan, baina guri horrek ez gintuen arduratzen eta aurrera egin genuen.
Muir estudioan grabatu duzue Yon Vidaurrekin. Gitarrak lehen planoan jartzearen erabakia hortik etorri da?
M.Z.: Lehen diskoa etxean grabatu genuen eta oraingoan salto kualitatibo bat eman nahi genuen. Danik lau, bost edo sei geruza nahi zituen sartu eta, Yon gitarra-jotzailea denez, haren begirada bikain etorri zaigu. Beste begirada bat eman digu, hazten lagundu gaitu talde bezala eta emaitza orekatu bat bilatu eta lortu du.
Diskoan hasi eta buka istorio bat kontatzen da? Maitasunaren faseez ari da?
M.Z.: Balio digu irakurketak, baina ez da egon intentzio hori atzean. Pandemiak sortu digun frustrazioaren ondorioari garrasi bat egin nahi izan diogu bost abesti hauetan.
J.G.: Barruko beldurrak kanporatzea eta pandemiak sortu digun txar guztia kanporatzea da kantu guztietan topatu daitekeena.
Pandemiak sortutako on eta txarrak aipatzen dira, beraz.
M.Z.: Bai, onak begiratu egin behar izan ditugun arren, iluntasun guzti horretan argia ere topatu behar izan dugulako. Musikariak gara eta bide horretatik kanalizatu dugu guztia.
Hegoaldeko rocka, garagea, hard rock ukitua… eta Jet taldea erreferentzia moduan. Hori guztia ekarri dit ‘A por ti’ abestiak.
M.Z.: Riff bat hartu eta bukaeraraino zukutzea izan zen asmoa.
J.G.: Ni bezala, sinpleago. A eta B eta listo. Ez ez dakit zer aldaketa, ez bateriaren ez dakit zer joko, punteo…
M.Z.: Baina Daniren punteorik gabe ez dago abestirik, kar-kar. Juanek esan du bera oso sinplea dela eta ni berriz asko konplikatzen naiz, hori bai, sinplea baina zuzen eta efektiboa izan dadila kantua.
J.G.: Nabaritzen da irakaslea dela, dena nahi duen moduan izan arte errepika eta errepika ibiltzen garelako, baina eskertzen da egiten duena, asko ikasten dugu.
Abesti honetan kortejatzen zabiltzate?
M.Z.: Bai, ezkutuan ibili gara, generoak eta tapatzen saiatu gara bakoitzak nahi duen irakurketa egiteko. Izan daiteke pertsona bat, animalia bat, esekitako arropa busti dizun bizilaguna… denetarik izan daiteke harreman hori.
Zu, Mikel, Tio Teron Semeak taldean ibilita, ikasiko zenuen zerbait horretatik.
M.Z.: Edo desikasi, hortik ere asko ikasi behar izan dugulako.
‘Malas pulgas’ kantuan amorrazioa protagonista; beti atera beharrekoa al da?
M.Z.: Bai, atera beharreko zerbait da, jakina.
J.G.: Gauza bakoitza bere momentuan, baina hori ere atera beharra dago.
Country rock abesti bat da eta musu-gitarrak hori iradokitzen du, gainera.
M.Z.: Hori nabarmena da, baina hasierako bertsioan dezente gehiago uzte zuen agerian. Estudioko azken erabakia izan zen musu-gitarra sartzea eta Urko Menaiari eskatu genion, gero Yonek atondu zuen eta bere ukitua eman dio, bere tokian sartzen da musu-gitarra.
Zuzenekoan nola defendatuko duzue hau?
M.Z.: Ez da defendatzen, ez delako egongo, gitarraren bolumena igo eta kito. Ez dugu ezer grabaturik sartzeko beharrik sentitu proiektu honetan.
Diskoaren erdian halako balada bat sartu duzue. Zuzen esan dut?
M.Z.: Bai, tenpoz lasaia da eta esan daiteke.
J.G.: Blues ukitua duen kantua da.
Hala ere leherketa izugarria du, Zaloa lagun berriz ere.
J.G.: Bi ahots hauek, bi geinu hauek, elkarrekin entzutea opari bat da, sekulakoa. Blues bat da eta gaixotasun mentalen inguruan hitz egiten du. Gaur egungo arazo bat da, asko hedatzen dabilena eta gertutik ere tokatu zaiguna.
Zuk ere eskolan ikusiko zenuen hori, ezta Mikel?
M.Z.: Gaurko gazteria ikusten dut erreferentzia askoren faltan, ez dakit aitona zaharrarena egiten dugun gure adinekook, baina guk gaztetan beste erreferente batzuk genituen. Sentsazioa da egungo erreferentzia horiek akaso ez direla egokienak eta, horrez gainera, informazio gehiegi dugula eskuetan, mugikorrarekin. Denok ere antsietate egoera gehiago bizi izan ditugu gailu horren erruz.
J.G.: Pertsona perfektuak izan nahian, antsietateak, depresioak… asko garatu dira.
Erruarekin lotuta nuen nik abestia, dena dela.
M.Z.: Erruak eta antsietateak lotura dute. Sentimenduak kanalizatzeaz aritu gara lehen eta musika horretarako bide ederra dela uste dugu.
Funk linea batzuk baditu ‘No te molestes’ abestiak.
J.G.: Larunbat goiz batean hasi ginen Mikel eta biok jolasten eta hori atera zen.
M.Z.: Konforme geratu nintzen, gainera. Badu zati punk bat ere. Zuzenean ere, bideoak ikusita, nabari da amorrazio hori, soinu saturatuena hemen entzuten da.
J.G.: Punkarrena da, badu Nirvanaren ukitu bat ere maite dut. Gustura geratzen zara hau jotzerakoan.
Diskoa fisikoan atera duzue?
M.Z.: Bai, CDan. Durangoko Azokara joaten naizenean ikusten ditut standak diskoz beteta eta musika entzuteko unean dugun moduarekin ez dut loturarik ikusten, baina hor daude eta hor gaude. Ez da diskoa lehen bezain beste eskatzen, egiari zor. Iñaki Gonzalezek egin zuen diseinua kantuak primizian entzun ostean eta pozik geratu gara. Kuriosoa da jendeak zenbat pentsatzen duen zazpi euroko disko bat erosteko eta zeinen gutxi prezio berean trago bat edateko.
Kontzertu batzuk eman dituzue dagoeneko.
M.Z.: 2022ko azaroan Be Club aretoan eman genuen lehena. Jam sesio asko egiten dira bertan eta askotan bertan izaten gara, Biurrundarrak lagunak ditut, gainera. Musikarientzako toki ederra da, elkargune polita. Lasarteko Abenden eta Donostiako DabaDaban ere izan gara. Kontzertuak lotzea ez da batere lan erreza, sekulako lana ematen ari zaigu hori, baina egia da eman ditugunak eta datozenak politak direla. Martxoaren 31n Bilboko Hika ateneoan izango gara eta, beranduago, maiatzaren 6an, Lezoko Txerrimuñon eta, maiatzaren 13an, Anoetako Cheyennen.
Musika tabernak falta dira, ezta?
M.Z.: Bai, hala da. Gutxitzen doaz eta aurretik zeudenek gutxiago programatzen dute, izan udalen trabak direla, bizilagunen trabak direla… Nik maite eta gustuko ditudan taberna denak desagertzen ari dira. Pentsa, Le Bukowski bera erreferente izan zela eta egun ez daukala errez programatzeko aukerarik, herri baten kultur sareari begira zerbait esan nahi du horrek. 2016a zetorrenean bazirudien dena zoragarria izango zela eta, orain, egoerak okerrera egin duela iruditzen zait. Egun ari dira areto batzuk lan handia egiten, baina ez da lehen zena ez Donostian ez eta beste tokietan ere.
Cheyenneeko kontzertura pirotekniarik eramango duzue, kar-kar.
M.Z.: Rock&Roll party.
J.G.: Harleya soilik faltako zaigu!