En direct
Doña - Todo pasa
Nafarroa aldean hasi du aste honetako tartea Iker Barbara kazetari bilbotarrak: «Iruñeko musika talde bezala aurkeztu zen Doña 2017an kaleratu zuten EParekin. Urtebete beranduago, 2018an, ‘Hola Gringo’ deituriko bigarren bat atera zuten. Baobabs Will Destroy Your Planet, Edu Errea Band, Puraposse, Iseo, Reina Republicana edota Los Ginkas taldeetan dabiltzan musikariek osatzen dute eta orain ‘Hiperespacio y yo’ izeneko diskoa kaleratzekotan dira. Bilbon grabatu dute diskoa, Jon Aguirrezabalaga eta Xabier Egiarekin, El Tigre estudioan. Santi Carrillo da taldearen liderra eta Txemi Losada eta Javier Barberia daude harekin, baina diskorako Jon Aguirrezabalaga bera eta Jaime Nieto batu dira proiektura eta kantuetako batean Aitziber Omagogeaskoak ere hartu du parte abesten».
Detroit - Ru(t)ina
Ez dakigu Detroit hiriaren High Energy delakoa dagoen hauen musikan, baina indartsu datorren taldea da Detroit: «Punk-rock musika jorratzen dute Mariok, Gaizkak eta Julenek. Talde bizkaitarra da eta 2018an ‘Pirotecnia’ diskoarekin egin zuten debuta. Orain single bikoitza atera dute, Xanperekin Bilboko Koba estudioan grabatu dutena. Taldearen garapena agerikoa da eta asko findu dute proiektua bi kantu hauetan erakutsi dutenez. Ikusiko dugu zuzenean nola moldatzen diren».
Mona Rora - Cuando brille el sol
Lava Rosa taldean Airurekin batera aritu da Mona Rora baina bakarka jorratzen dutena da bakoitzaren proiektu garrantzitsuena: «Irune eta Nora lagunak dira eta denbora dutenean egiten dute zerbait Lava Rosarekin, baina argi dago bakarkako proiektuak direla berentzat garrantzitsuak. Entzungo dugun kantuaren bideoklipa oso gomendagarria da, oso landuta dagoena, Norak berak zuzendu du gainera. Abestiaren lehen zatian oinarri erritimikorik ez dago eta melodiaren lana dotorea da, post-punkaren eta elektronikaren nahasketa benetan interesgarria da. Proiektua hau ere hazten ikusten ari gara, logelan lau gauzatxorekin abiatu eta goruntz doa nabarmen».
Brava - Txoria txori
Azken hilabeteetan sarean egon den polemika bizienetako baten zati izan da Brava, berak ezertxo ere bilatu gabe: «Uste nuen La Brava bezala hasita zegoela polemikaren ostean, baina badirudi Brava bezala jarraitzeko aukera duela, Brava talde madrildarrarekin izandako tira-biraren ostean. Sareetan sua piztu zen Brava taldeak artista donostiarrari burofax bat bidali ziolako izen bera zuela eta hura ez erabiltzeko eskatuz. Gainera ez du zentzu askorik, bata taldea delako eta bestea DJ eta ekoizle bezala ibiltzen delako, zirkuitu desberdinetan daudelako. Horrez gainera, formak ere ez ziren egokiak izan, hortaz, Brava bezala jarraitzen badu seinale ona da. Musikari askoren babesa jaso zuen, gainera. Artista oso interesgarria da, umore asko erabiltzen du egiten duen guztian eta gauzak oso modu berezian egiten ditu, abesti honen bideoklipean ikusi daitekeen moduan. Kantuaren bertsioa interesgarria da, euskal kulturaren zabalkunderako bidea ematen duena eta errespetuz eta mimoz egina».