En direct

Peli Lekuona

Don Bruno, agente nazi bat Legazpin

1937 eta 1981 artean, Irun eta Legazpi artean Bruno Lesser izeneko nazi bat egon zen. Iñaki Beldarrainek bere ibilbidea ikertu du, ezkutatu izan duen biziari buruzko xehetasunak topatu arte. Aste honetako ‘Hemen gertatu zen’ saioan izan da Beldarrain.

Audio_placeholder

Don Bruno, agente nazi bat Legazpin

Loading player...
Iñaki Beldarrain
Iñaki Beldarrain (P.L. | NAIZ Irratia)

Lehen kontaktua Patricio Etxeberria enpresan lanean ari zela alemanetik itzulita zegoen liburu bat izan zen. Gerora, atentzioa deitu zion ez zegoelako nominan. Iruñean topaturiko beste liburu baten ostean wolframaren kontrabandoarekin lotua egon zitekeela ziurtatu zuen.

Patricio Etxeberria enpresari buruzko liburu batean lanean ari zela topo egin zuen berriz Iñaki Beldarrainek Don Brunorekin, berak itzulitako liburu bat aurkitu eta urte batzuk beranduago. Horrela jakin izan zuen burdingintza enpresan Alemaniatik ekarritako makina batzuen instalazioan itzultzaile bezala ibili zela, baina besterik ez.

Alemaniarra alde batera utzi zuen baina 2012an, ‘La Batalla del Wolframio’ liburuari esker, metal honen kontrabandoaren eta Patricio Etxeberriaren arteko harremanak Don Brunori buruz ikertzera eraman zuen Iñaki Beldarrain.

Irunen bizi zela zekienez, erroldara jo zuen ondoren. Dioenez, «gauza harrigarri pila bat» topatu zituen hor. Batetik, Friburgen jaiotakoa zela eta abizena Lesser zuela jakin zuen, eta Irunen 1937an erroldatu zela, hiria frankisten menpe zegoela. Emaztea bazuela ere jakin zuen, eta bera baino hilabete beranduago etorri zela Iruneko Villa Vallet etxean bizitzera.

1981. urtera arte erroldan agertzen den arren, urte batzuetan agertzen ez dela deigarria iruditu zitzaion Beldarraini. Geroago jakin zuen Portugaleko enbaxadan ibili zela.

Hala ere, «zeharo deskolokatu» zuena BOE Espainiako Aldizkari Ofizialean topatutako 1939ko abuztuaren 6ko ebazpen bat izan zen. Horretan, Beran bizarra mozteko orrien fabrika bat irekitzeko baimena ezeztatzen zioten Lesserri eta, Irunen Vollmer lantegia –bizar-orriak egiten zituen beste aleman batena– zegoela kontuan izanda, arraroa iruditu zitzaion Beldarraini eskaera hau.

CIAren artxibategia, puzzlearen beste atal bat

CIAren artxibategian ere arakatu du Iñaki Beldarrainek, ‘The factual list of nazis protected by Spain’ artxiboan. Honek agerian jarri zion Bruno Lesserrek Malagan ere etxebizitza bat izan zuela, Valentzian irakasle izan zela, nola etorri zen Alemaniatik, armada alemaniarraren ofiziala izan zela, bi seme-alaba izan zituela, eta 1946an Alemaniara bidali zutela, besteak beste.

1946an, hain zuzen, epaitua izan zen. Hala ere, 1947an Irunera itzuli zen. «Ez dakigu nola itzuli zen edo zertarako, baina bitxia da bere borondatearen kontra atera zelako Alemaniara eta horrela ateratzen zirenak debekatuta zeukaten bueltatzea», dio Beldarrainek.

Lesserren eta emaztearen bizimodua ere ezagutu du ikertzaileak, gutxi bada ere. Esaterako, Alemaniatik itzulera La Vanguardia egunkarian agertu izanak pertsonaia ezaguna zela erakusten du. Sukaldari ona omen zen ere, eta jatetxe bat izan zuen Irunen. Emaztea ere ospetsua izan zen Irunen eta alemanen taldeetan. 1981an alde egin zuten Villa Valletetik eta etxea «erabat garbi» utzi zuten.

Jaurlaritza Logoa