En direct

Alba Cabrera

«Naturarekin hartu-eman handia izan dugu Albanian»

Munduko mapa ezker-eskuin zeharkatu du Koldo Zubizarretak. Bada, saio honetarako, oso berezia zaion bidaia aukeratu du, familian, lehenengoz egindako bidaia: Albania.

Audio_placeholder

«Naturarekin hartu-eman handia izan dugu Albanian»

Loading player...
Koldo Zubizarretak familian egindako lehendabiziko bidaia. Välbone,Albaniako Alpeak.
Koldo Zubizarretak familian egindako lehendabiziko bidaia. Välbone,Albaniako Alpeak. (Koldo Zubizarreta)

Orain bi hamarkada pasatxo hasi zen Koldo Zubizarretaren bizikleta-bidaia, unibertsitateko lagunekin batera, Kubara egindako jauzian, eta, harrezkero, ezin gelditu dabil hara eta hona. Urtero-urtero, udako bi hilabeteak hartu ohi ditu munduko maparen zirrikituren bat edo beste ezagutzeko. Lagunekin, hasieran, eta Ainhoa Perez de Nanclares bikotekidearekin, gero, Tajikistan, Tanzania, Bolivia, Mozambike, Zimbawe eta beste makina bat herrialderen erreiak ezagutu ditu, bi gurpilen gainean, pedalei eragiten.

Bada, hain justu ere, 2019an hirugarren bidelaguna batu zitzaien tandemera: Hodei semea jaio zen. Nolanahi ere, inolako ezbairik gabe, bizikletan bidaiatzen jarraitzeko hautua egin zuten, eta horrela ailegatu ziren Albaniara: «Askotan ikusi ditugu familiak bizikletan bidaiatzen. Nahiko argi geneukan, ez geneukan zalantza handirik; guretzat prozesu naturala zen: seme bat izan dugu, bada, batu dezagun gure zaletasunera».


Tiranan hasi eta bukatu zuen hirukoteak bi hilabeteko nahiz 1.4000 kilometroko abentura. Pixkanaka egindako bidaia dela dio elkarrizketatuak, gauza asko «berrikasi» egin behar izan baitzituen bikoteak bidaian, haurraren beharretara egokitzeko: «Helburu txikiak betetzen joan gara eta, zorionez, egin genezakeen bidaiarik luzeena egin genuen». Aurreko bidaiekin alderatuz gero, atsedenak maizago izan arren, elkarrekin jolasteko aukera ezin hobea izan ziren geldialdiak: «Naturarekin hartu-eman handia izan dugu Albanian. Gehienbat, hirietatik kanpo ibili gara, mendialdean, nekazal lurretan».

Beroaldi handiarekin egin zien ongietorria Albaniak. Hala, freskotasun bila, kostaldera joatea erabaki zuten: herrialdeak Italiarekin eta Kroaziarekin partekatzen duen Itsaso Adriatikora iritsi ziren lehenik. Baina ziztu bizian Dhermira, Himare aldera jo zuten, Itsaso Joniko aldera: «Kostaldean, trafiko handia zegoen, eta, une batzuetan, nahiko desatsegina egin zitzaigun bizikletaz ibiltzea».

Gorputzeko tenperaturak baretuta, barrualdera egin zuten berriro ere jauzi. Gjirokastërretik aurrera, «bestelako Albania batekin» egin omen zuten topo. Interesgarriagoa egin zitzaien zonalde hori: batetik, turismoari dagokionez, hain ustiatuta ez dagoelako, eta, bestetik, bizikletaz ibiltzeko askoz ere erosoagoa delako. Dena dela, arnasestuka egin zuten bidean aurrera, oso gune malkartsua baita: «Oso gorabeheratsua da Albania, eta, fisikoki, uste baino gogorragoa egin zitzaigun».

Bigarren mailako errepideetan barrena, ezusteko polita hartu zuten Balkanen magalera iritsi eta Orhid lakura hurreratzean. Mazedoniarekin partekatzen du Europako lakurik zaharrena Albaniak eta iparraldean dagoen Lin herrixkara joan zen familia: «Lakuari oso lotuta dagoen herria da, arrantzak garrantzia du». Bada, ipuin batetik ateratako herria atzean utzi, eta mendi tontor garaietara jo zuten, Korab ingurura. Zubizarretaren esanetan, «mendialdeko giroaz» hasi ziren gozatzen bertan, «freskotasunaz eta bertakoen bizimoduaz», Alpe albaniarretara ailegatu aurretik. Azken horietan, lagun batzuekin batu eta Valbonë bailaraz gozatu ostean, maldan beherako bultzada hartu eta Tiranara buelta egin zuten, laku baten ertzean kokatzen den Xkodra hirian edota Kruixyan geldialdia eginda.

«Beti kostatzen da bidaia batetik itzultzea», dio Zubizarretak, «baina, gustura ibili garenaren seinale». Aje emozionalari aurre egiteko irtenbide aproposa du elkarrizketatuak: «Beste bidaia batean pentsatzen hastea izaten da antidoto onena, ilusio hori mantentzeko». Gainera, beren bidaia-bilduma, pixkanaka-pixkanaka, blog batean gordetzen dute.

Hiruko polita osatzen du familiak baina, orain gutxi, laugarren kidea batu zaie taldera,
bizpahiru hilabete baititu Lurrek. Zein izango da, beraz, bidaiari familiaren datorren geldialdia?

Jaurlaritza Logoa