En direct

Eli Pagola

Nekazarien komunitateak eta naturaren aldeko brigadistak Palestian

Palestinako nekazarien komunitateak eta naturaren aldeko aktibistek elkarlan egonaldiak antolatzen dituzte Jordan bailaran eta Sare Lesbianistako hiru kide brigadista gisa joanak dira Unadikum elkartearen bidez. Aurten ere zabaldu dute brigadista joan ahal izateko deia.

Audio_placeholder

Nekazarien komunitateak eta naturaren aldeko brigadistak Palestian

Loading player...
Palestinako etxe bat
Palestinako etxe bat (Dunia eta Eider)

Sare Lesbianistak Palestinar herriarekin duen harremana aspalditik dator. Dunia, sortzez, bertakoa da eta berak proposatuta hasi ziren hainbat eragile sozialek antolatutako ekintzetan beren alea jartzen. Eider Euskal Herrian sortua da, brigadista bezala joana da hara. Bi brigadistek, halaber, argi azaldu dute, «lankidetza alde bakarrekoa da, alegia, bertako nekazariek eta eragile sozialek antolatutako proiektua da, beraz, gure papera, momentuz, proiektua zabaltzea da». Horrela, Palestinatik etorritako proposamenak dira eta, ikuspuntu horretatik uste dute, brigadista gisa egin dezaketen egokiena atxikimendua erakustea dela.

Brigadistek oroitarazi dute Palestinar herriak «hamarkada luzeak daramatzala okupaziopean eta okupazio hori gelditzea dela helburu nagusia. Hori lortzeko, eragile ezberdinak daude. Gobernuek zeresan handia dutelakoan daude, euren esku baitago «ez izatea inolako harremanik estatu sionistarekin eta palestinako genozidioa agenda politikan agertzea». Bestalde, herritar orok egunerokora gehi ditzakeen ekintzak daude, hala nola, «Israelgo produktuei boikota egitea, adi egotea mobilizazioetara eta horietan parte hartzea», Euskal Herrian badaude eragileak eta. Horrez gain, ahal den heinean, egoera ezagutu eta sostengua ematera brigada bidez bertara joateko deia egin dute.

Brigadista modura ekarpena egiteko aukera eskaintzen dute, zehazki, Palestinako nekazarien komunitateak eta naturaren aldeko aktibistek. Jordan Bailaran lau arlotan banatutako ikasketa areak proposatzen dituzte; Arloetako bat da nekazaritzari eta abeltzaintzari dagokiona. «Arlo honetan, garaiko lanak egiten dira, landaketak, bilketak, egituren prestaketa, erlezaintza, artzaintza, jeitzitzea, gazta egitea eta beste hainbat». Bigarren arloa, bioeraikuntzari lotutakoa da. Alde batetik, teknika tradizionalean oinarritutako eraikuntzak egiten dira eta, bestetik, biogasa egiteko egiturak prestatzen dira.

Hirugarren arloa da bertako elikaduraren eta kulturaren gainekoa. «Bertako ogibideak eta tradizioak ezagutzen dira eta hori lagungarria da beren kultura hobeto ezagutzeko». Azken arloa da eskaladari, mendi irteerei eta ibilaldiei loturikoa. «Arlo hau da, agian, ludikoena. Oinarrian du Jordan bailarako herriak, ingurune naturala eta basa-bizitza ezagutzea».

Elkarrizketatuek azpimarratu dutenez, brigadistak palestinarren eguneroko zailtasunetan oso lagungarriak izan daitezke. «Brigadistak beharrezkoak dira Palestinako populazioa babesteko, izan ere, Israelgo armadak nazioarteko brigadisten aurrean jarrera aldatzen du irudi demokratiko bat eman nahi duelako. Horregatik da oso garrantzitsua gure presentzia.
Bertako egoera gertutik ezagutzea ere garrantzitsua da, komunikabideetatik zabaltzen dena ez baita beti hain zehatza eta, azken boladan, gaia nahiko ezkutuan baitago».

Edonorentzat zabalik dago brigadista joateko aukera, horretarako, aurrez elkarrizketa bat besterik ez da egin behar. Elkarrizketa horretan, proiektua antolatzen duen elkarteak beharrezko azalpenak ematen ditu eta egoera soziopolitikoa azaltzen da. Urte osoan zehar dago non kolaboratu, hori dela eta, programak aukera ematen du Brigadista bakoitzak ahal duen momentuan eta ahal duen iraupenerako joan dadin, urteko edozein momentutan.

Palestinako nekazarien komunitateak eta naturaren aldeko aktibistek antolatutako elkarlan egonaldietan parte hartzeko interesik izanez gero, agricultural.volunteering@gmail.com helbidera idazteko deia luzatu dute bi elkarrizketatuek.

Jaurlaritza Logoa