En direct

NAIZ Irratia

«Askabideko abortuen %95 Osakidetzak bideratzen ditu»

Legez debekatuta dago abortuak egiten dituzten kliniken atarietan elkarreratazeak egitea. Askabidek jakinarazi du 23 pertsonak urruntze agindua dutela baina neurri irmoagoak eskatu dizkie erakunde publikoei, bertan egiten diren haurdunaldiaren etenaldi gehienak Osakidetzak bideratutakoak baitira.

Audio_placeholder

«Askabideko abortuen %95 Osakidetzak bideratzen ditu»

Loading player...
Donostiako Askabide klinika.
Donostiako Askabide klinika. (Hamaika Telebista)

Naroa Iturri, Askabide klinikako arduradunak, NAIZ Irratian nabarmendu du beren kliniketan abortatzen duten ia emakume guztiak Osakidetzak bideratzen dituela bertara eta ondorioz, kliniken atarian biltzen direnen aurka erakunde publikoek neurriak hartzea espero duela. Eskaera hori egin zuten pasa den astean Gasteizko Legebiltzarrean.

Iturrik gogoratu du legeak debekatu egiten duela abortuaren aurka klinika hauen atarietan biltzea, baina elkarretaratzeak egiten jarraitzen dute. Otsailaren 22an finkatu dute hurrengo hitzordua ‘40 dias por la vida’ delako kanpainaren baitan.

Arduradunak azaldu duenez, ‘40 días por la vida’ kanpaina Texasen, Ameriketako Estatu Batuetan 2004. urtean sortutakoa da, baina munduan zehar zabaltzen joan da. Horrela, urtean bitan egiten dituzte kanpainak, hurrengoa datorren astean, kliniken parean belauniko errezatuz, kartelak erakutsiz eta emakumeei «ondo pentsatu» edo «hiltzera zoazte» bezalakoak esanez.

Askabiderentzat hori da, hain zuzen, okerrena, abortatzera doazen emakumeek jasan behar dutena. Hala ere, Iturri bezalako langileek ere «mila irain eta mehatxu» jasotzen dituzte. «Hiltzaileak» eta «hiltzea merezi duzue» aipatu ditu klinikako arduradunak.

Iturrik nabarmendu duenez, Donostiako nahiz Gasteizko kliniketara bertaratzen direnak «orain dela 20 urteko jende berdintsua» da: apaizak, emakumeak zein gizonak eta adin desberdinetakoak. Bi kliniketan jazarpena «neurri berekoa» da, gainera, eta jada 23 pertsonek daukate ehun metroko urruntze agindua.

Hauen aurka Arabako eta Gipuzkoako talde feministek eta jendeak egiten duten «indar erakustaldia» garrantzitsutzat jo du Naroa Iturrik. Horri esker «uste dut pixka bat atzeraka egiten ari direla, baina ez naiz gehiegi fio», gaineratu du.

Hilak 22an kanpaina berriz hasiko dutela kontuan hartuta, ehun metroko perimetro hori «babestea» eskatu zuten Gasteizko Parlamentuan, «emakumeak babes guztiarekin eta bere intimitatea bermatuta klinikara etorri ahal izateko». «Oso gustura» atera zirela dio Iturrik, alderdi gehienek egoera «ezinezkoa» dela defendatu zutelako eta gaia aztertuko dela esan zutelako.

Jaurlaritza Logoa