En direct
Astelehen eta asteartean joari hotsez bete da Malerreka. Ituren eta Zubietako joaldunek alaitu dute eskualdea. Hotzak eta denboraleak zailduko zuen, baina azkenean, bai, hartza esnatu da. Inauteri giroan murgiltzen ari gara gutxika. Larunbat honetan, Donostialdean bigarren hitzordu bat izango da: Kaldereroak iritsiko dira Europa erdialdetik.
1884. urtean, Kandelaria egun batez, atera zen lehen aldiz Donostiako Alde Zaharrek kaldereroan konpartsa kalera. Raimundo Sarriegi eta Adolfo Combaren doinuak kantatu eta jotzera. Gerora, Euskal Herriko hainbat eta hainbat herrietara hedatu da festa.
Aitzpea Leizaola antropologoak azaldutako moduan, kaldereroen festaren jatorria azaltzerako orduan, bi elementu izan behar dira kontuan. Lehena, kandelaria eguna bera da. Inauteriak ospatzeko egun goiztiarrena da, garizumaren ohituraren baitan ulertuta bederen. Europan zehar, tradizioz, hartza jaikitzen den egun bezala ere ulertzen da; hau da, udaberriaren etorreraren iragarpen eguna litzateke.
Bestetik, inauterien baitako konpartsa baten sorrera dugu. XIX. mendean, eraldaketa prozesu betean murgildua zen Donostian. Testuinguru horren baitan sortu zen kaldereroen konpartsa, buhame edo ijitoen errepresentazioa plazaratzeko asmoz. Festa hori bizi-bizirik mantentzen da Donostian. Larunbat honetan hiriko kaleak hartuko dituzte zartagin eta mailu hotsek.