En direct
Azkaine eta Sara lotzen dituen San Inazio lepoan zegoen Chez Nicolas-en arduraduna, nazien okupazioan zehar erresistentziako jardun osoko ezkutuko agentea izan zen Maria Josefa Sansberro Echeverria. Tenienteorde kargua izan zuen eta hil ondoren Frantziako Errepublikaren eta AEBetako Gobernuaren goi mailako aitortza jaso zuen.
Normandiako lehorreratzearen ostean naziek egin zuten sarekadan atxilotu zuten eta Berlingo hego-ekialdera zegoen Niederschönewelde kommandora eraman zuten. Han baldintza penagarrietan Pertrix Chemische Fabrik AG enpresarentzat lan eginarazi zioten, hil arte.
Oiartzundik Senperera
1895eko irailaren 22an jaio zen, Oiartzungo Berrondo baserrian. Luzio Sansberro eta Maria Lorenza Etxeberriak izan zituzten bost seme-alabetatik bigarrena zen Maria Josefa.
1900 urterako Sansberro-Etxeberriatarrak Senperera joanak ziren bizitzera, ziur aski amaren aldetik familia zeukatelako bertan. Maria Josefaren ama, Maria Lorenza, Nafarroako Arantza herrikoa zen eta beraz Maria Josefa nolabait Bidasoako mugan sustraitutako pertsona bat zela esan dezakegu. Honek garrantzia handia izango zuen Bigarren Mundu Gerran.
Azkainen ezkondu zen 1918ko uztailaren 30ean Nicolas Perul izeneko gizon batekin. Ziburuarra zen eta zurgina lanbidez. Hala ere, ezkondu zirenean Nicolas soldadu zebilen Lehenengo Mundu Gerran.
1930eko hamarkadaren hasieran banandu egin ziren Maria Josefa eta Nicolas. Pentsatzekoa da garai hartan, euren inguruan, zeresan handia emango zuen erabakia izango zela. Frantzia Europako herrialderik aurreratuena bazen ere, banaketa gaizki ikusia zegoen oraindik. Horrek Maria Josefa nortasun handiko emakumea zela erakusten digu. Urte batzuk beranduago, 1936an, Perul bigarrenez ezkondu zen.
Maria Josefa eta Pierre senarrak Larrun mendatearen magalean dagoen San Ignazio lepoan Chez Nicolas izeneko ostatua zuten. Alemaniarrek ostatua eta inguruan zegoen hotela euren egoitza bilakatu zituzten.
Eta 1938ko urtarrilaren 26an Pierre Nicolas-ekin (‘Louis’ ezizenez ezaguna) ezkondu zen Saran. Hamazazpi urteko aldea zeukaten. Pierre Nicolas jaiotzez Uztaritzekoa zen (1878). Sarako San Ignazio lepoan zegoen Chez Nicolas izeneko hotelaren jabe zen (Larrunera igotzeko trenaren geralekua). Pierre Nicolasek berea ez zen haur bat zuen, semetzat hartua: Cyrin Lucien, 1930eko maiatzaren 23an jaioa. Pierre Nicolasekin ezkontzearen ondorioz haur hura semetzat hartu zuen Maria Josefak.
Bigarren Mundu Gerra
Bigarren Mundu Gerra iritsi zenean, alemaniarrek Frantzia bitan zatikatu zuten (eremu okupatua eta eremu librea) eta Sara eremu okupatuaren barnean geratu zen. Hori gutxi ez balitz, mugako herrixka zenez, bereziki militarizaturiko ingurune bilakatu zuten. Espainia eta Frantzia arteko mugan zaintza postuak jarri zituzten alemaniarrek, Behobia, Olhette, Azkaine eta Larrun mendian batez ere. Azken honetan Kriegsmarine-ak estazio meteorologiko bat eta radar bat jarri zituen mendi tontorretik 50 metrora.
Aipatu dugunez, Maria Josefa eta Pierrek Larrun mendatearen magalean dagoen San Ignazio lepoan, Chez Nicolas izeneko ostatua zuten. Hori dela eta, Larrungo postuan zeuden soldadu alemaniarrek Chez Nicolas zein inguruan zegoen Imperator hotela euren kuartel edo egoitza bilakatu zituzten.
Erresistentzian
Maria Josefaren bizitzan beste aldaketa sakon bat 1941an gertatu zen: apirilaren 28an alargundu egin zen. Ondoren, 1942an Lucien semea Uztaritzeko apaiz barnetegira bidali zuen. Eta bera Erresistentzian sartu zen, ekainean. Ordurako Marie Jeanne Etcheverria lehengusina berekin zuen lanean, ostatuan.
Organisation Résistance Armée (ORA) delakoaren kide bilakatu zen. Erakunde honen buruzagia De Gaulle jenerala zen, Londresen erbesteratua. Bertatik zuzentzen zuen erakundea. Erakundearen Ipar Euskal Herriko arduradun Paul Gelos izendatu zuten. Gelos jauna Donibane Lohizuneko Udaleko idazkari nagusia zen, eta diputatua 1914-1948 urte bitartean. ORA britaniarren Shelburn sarearen baitan zegoen. Eta Comete sarearen alternatiba zen. Helburua alemaniar gudarosteari buruzko ahalik eta informazio gehien biltzea zuen, baita soldadu aliatuei muga gurutzatzen laguntzea ere. Bildutako informazioa Donostiara bidaltzen zen, britainiar kontsulatura. Jasotako informazioaren truke De Gaulleri armak ematen zizkioten britainiarrek.
De Gaulle generala buru zen Organisation Résistance Armée (ORA) delakoaren kide bilakatu zen. Aldi osoko agentea zen.
Erresistentzian zihardutenen ardura hiru mailatan sailkatu zuten aliatuek Londresen: P-0 agenteak noizbehinkako agenteak ziren. P-1 agenteek euren lan profesionalak zituzten eta euren denbora librean Erresistentzian jarduten zuten. Eta P-2 agenteak aldi osoko agenteak ziren. Maria Josefa P-2 agentea zen eta tenienteorde gradua zuen.
Atxiloketa eta deportazioa
1944ko ekainaren 6an Normandiako lehorreratzea burutu zuten aliatuek. Ondorioz, bi egun beranduago, alemaniarrek sarekada erraldoi bat egin zuten Lapurdiko kostaldean. Hainbat hilabetez Erresistentziari buruz bildutako informazioa baliatu eta errepresioa abian jartzea erabaki zuten. Abuztuaren 8an, goizaldeko 05:00etan Gestapoa Maria Josefaren ostatuan agertu zen. Marie Jeanne Etcheverria lehengusinarekin batera atxilotu zuten.
Atxilotuak (30 bat) Hendaiara eraman zituzten, Pardo izeneko etxera. Bertan atxilotuek tortura gogorrak jasan behar izan zituzten. Lau egunen ondoren Bordeleko Fort du Hâ-ra eraman zituzten.
Bi hilabeteren ondoren, abuztuaren 13an, tren geltokira eraman zituzten, tren batean sartu eta deportatzeko asmoz. 700 bidaiari zihoazen. Gerra egoera zela eta, makiak ekintzetan eta aliatuak Normandian, trenak izugarrizko itzulia egin behar izan zuen Frantzian zehar. Bonbardaketak jasan behar izan zituzten bidean. Atxilotuek oso baldintza gogorretan egin zuten bidaia. Helmugara iristeko 58 egun behar izan zituzten. Bidean atxilotuak ere hil ziren… Ondorioz, egun ‘Tren mamua’ bezala ezagutzen da.
Dachau, Ravensbrück eta Niederschöneweide kontzentrazio esparruetan izan zuten, muturreko bizi-baldintzetan.
Abuztuaren 28an Dachaura heldu zen ‘Tren mamua’ delakoa. Bertan Maria Josefari 93.869 zenbakia ezarri zioten, baina jarraian Ravensbrückera bidali zuten. Ez dago argi Dachaun zenbat egun egin zituen, baino trantsitu bat besterik ez zen izan. Ravensbrücken 62.462 zenbakia ezarri zioten. Ziur aski Ravensbrücken ere ez zuen denbora askorik egingo. Urrian 500 preso bidali zituzten Sachsenhausengo eremuaren menpe zegoen Niederschöneweide kommando-ra, Berlingo hego-ekialdera.
Litekeena da Maria Josefa hasieratik bidali izana bertara. Kommando honek Pertrix Chemische Fabrik AG enpresarentzat lan egiten zuen. Bateriak ekoizten zituen: urpekari, motordun ibilgailu eta gerra hegazkinentzako bateriak ekoiztera bideratuta zegoen. Bateriak gerra industriako produktu funtsezkoenetakoa ziren.
Muturreko bizi-baldintzak eta heriotza
Muturreko bizi-baldintzak pairatu zituen Maria Josefak Berlinen. Higienerik ez zegoen, jaboirik ere ez, baina piztia asko. Jatekoa: kafearen antzeko zerbait, urez egindako zopa eta ogi gutxi. Noizbehinka gazta pixka bat. Sarritan afaririk gabe. Nahiz eta mediku txostenen bidez AFAko Batzorde Exekutiboa jakitun zen desnutrizioa duten pertsonek berun bidez pozoitzeko arriskua handiagoa dutela, gaizki elikatutako langileek babesik gabe erabili behar izan zuten material toxikoa.
Ez dakigu noiz eta nola hil zuten Maria Josefa, Pertrix kommandoan hilketa ugari eta bonbardaketaren bat gertatu baitziren. Frantziar Errepublikak bere heriotza eguna 1944ko azaroaren 13an finkatu zuen, baina ezin da jakin hori horrela izan ote zen. Bere lehengusina Marie Jeanne Etcheverriak 1945eko apirilean hil zela adierazi zuen.
De Gaulle generalak Frantziako Aintzatespenaren Domina Gorria eman zion. Estatu Batuetako lehendakariak, Dwight Eisenhower-ek, Askatasunaren Domina (Medal of Freedom) eman zion.