En direct

Garazi Castaño

«Generoa bizirik mantendu da eta pizkunde txiki bat ematen ari da»

Eneko Barberena idazle arrasatearrak baso barreneko misterioetan murgilduko gaitu. ‘Suak erreko ez balu’ eleberria argitaratu berri du (H)ilbeltza bekari esker. Aurtengo euskal nobela beltzaren astea urtarrilaren 23an hasiko da eta bere izango da egitarauari hasiera emateko ardura.

Audio_placeholder

«Generoa bizirik mantendu da eta pizkunde txiki bat ematen ari da»

Loading player...
Eneko Barberenak ‘Suak erreko ez balu’ eleberria aurkeztu du.
Eneko Barberenak ‘Suak erreko ez balu’ eleberria aurkeztu du. (Monika del Valle | FOKU)

Eneko Barberenak (Arrasate, 1983) ‘Suak erreko ez balu’ (Txalaparta, 2023) eleberri berria aurkeztu du. (H)ilbeltza bekari esker ondu du Aezkoan kokatutako istorioa.

Literatura beltzeko eleberria da Barberenaren azkenekoa. Generoarekiko lotura amarengandik jaso zuen lehenik; etxean zituen eleberrien artean zeuden, besteak beste, Agatha Christierenak. «Urte batzuk bizkarra emanda» pasa ostean, duela urte batzuk hasi zen generora berriz gerturatzen. Euskal Herriari dagokionez, «pizkunde txiki bat» ematen ari dela nabarmendu du idazleak, tartean (H)ilbeltza elkartekoen lanari esker.

‘Suak erreko ez balu’ eleberriak istorio berezi batean murgilduko gaitu: sute bat gertatzen da Aezkoako mendietan, hiru mendizaleren heriotza eraginez. Aseguru konpainia batek bere peritua bidaliko du, Ainhoa, suaren nondik norakoak ikertzera. Ainhoa peritua izango da protagonista, eta bere erronka, suaren atzeko misterioa deskubritzea. Hainbat oztopo topatuko ditu bidean: poliziaren ezkutuko interesak, muga eremu baten berezkotasunak, artzainen arteko harremanak... Oztopo horiek guztiak korapilatuko zaizkio bata bestearen atzetik perituari.

Lan handia egin du Barberenak. Dokumentazio-lan sakona egin du, alde batetik. Beste gauza askoren artean, peritu bat ezagutu eta elkarrizketatu du Ainhoaren pertsonaia sortzeko. Abokatu, suhiltzaile eta artzainekin ere egin du lan. Zinema izan du inspirazio iturri eta asko irakurri du baita ere. Irati Jimenez idazleak gomendatu zizkion Raymond Chandlerren eskutitzak, eta bertatik asko edan du. Landa eremuan kokatutako istorioak ere izan ditu irakurgai.

Arrasatearra izan arren, Aezkoa ongi ezagutzen du idazleak, aita bertakoa baitu. Landa inguru batean kokatu nahi zuen istorioa eta Debagoienako eskualdeak ez zituen ezaugarri horiek betetzen. Horregatik aukeratu zuen autoreak zuen nafar ibarra, istorioaren nondik norakoekin hobeto uztartzen zelakoan.

Urtarrilaren 23an hasiko da aurtengo (H)ilbeltza, euskal nobela beltzaren astea, Baztanen. Eneko Barberenak emango dio txupina egitarauari. ‘Suak erreko ez balu’ aurkeztuko du 19:30ean Arizkuneko Medikuaren Etxean. Irakurle taldearen iritziak entzun eta «izerditzeko» prest da idazlea.

Jaurlaritza Logoa