En direct

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria

Urte bukaerako zerrenda osatzen hasi da Iker Bárbara ‘Zarata‘ tartean

Gogoz dago Iker Bárbara Zarata Mondo Sonoroko urteko gogokoenen zerrenda erakusteko ere: «Nazioarteko medioen zerrendak ikustea ere gogoko dut, horregatik jendeari hemengo proposamenak erakutsi eta haiek musikan zer dagoen ikertzea izaten da guk zerrenda hauek osatzearen helburua».

Audio_placeholder

Urte bukaerako zerrenda osatzen hasi da Iker Bárbara ‘Zarata‘ tartean

Loading player...
Beñat Goitia gasteiztarra da Benizze proiektua gorpuzten duen musikaria.
Beñat Goitia gasteiztarra da Benizze proiektua gorpuzten duen musikaria. (Kauldi IRIONDO)

Aurtengoa urte oparoa izan da beste behin eta disko pila bat atera da urteko azken sasoi honetan. «Urtero gertatzen den zerbait da, talde askok beren asmoetan izaten duelako urte bukaeran diskoa ateratzea, nahiz eta kazetariontzat ez den onena. Gauza gehiegi etortzen dira eta sekulako anabasa sortzen da, denbora eta espazio gutxi izaten dugulako guztiari behar den moduan eusteko», dio bilbotarrak.

Dadabe - Missing

«Hurrengo asteetan jendeari atera diren gauza interesgarriak erakustea da nire helburua eta, gaurkoan, lau talde edo proiektu berri ekarri ditut. Dadabe taldea da lehendabizikoa, Getxokoa, lau taldekide dituena eta musika oso fina lantzen dute. Pavement taldea ekartzen dit gogora, 90etakoa, eta Dinosaur Jr. edota Nada Surf bezalako taldeak ere ekartzen ditu gogora haien musikak», jarraitu du Bárbarak.

Bazka - Basati-yak

«Bigarren taldea, abestiaren tituluak esaten duen moduan, basatiagoa da, eta zuzenekoetan erakusten ari da hori. Bazka taldeak istorio ederra du, Estricalla taldean aritu diren kideak daude Fer Apoa buru dutela eta Galder Izagirre ere batu zaie, Kuraia garaiko nostalgia pizten dute; gainera, Txap aritu da grabaketetan. Aurtengo berrikuntzen artean berezia izan da, hardcorea eta stonerra entzun daitezke haien musikan, zarata eta soinu gogorrak ere bai, baina melodiak presentzia du guztian», esan digu bilbotarrak.

Benizze - Sua ft. J Martina

«Aurten soinu elektronikoak eta popa nola uztartu diren ere aipatzekoa da, estilo desberdinetan gertatu den zerbait da», azaldu digu Zarata Mondo Sonoroko zuzendariak. Benizze, Mirua, Chill Mafia, Hofe, J Martina, Blanquita Carraquela… asko dira halako proposamenak eta Euskal Herriko geografia guztitik zabaldu dira, gainera. «Metalean eta rock gogorrean ere autotunea eta soinu elektronikoak sartu dira, LocoAlien proiektua kasu. Benizze ekarri dut oraingoan, Beñatek oso proposamen abangoardista jorratu duelako, pop bihotza duena, baina trapa edota alemaniako eta frantziako elektronikaren kutsua ere baduena. Estiloa ez da garrantzitsuena, baizik eta elektronikaren erabilera interesgarria egin duela da nabarmentzekoa», azpimarratu du Bárbarak.

Merina Gris - Eskutitza

Merina Gris da Iker Bárbarak ekarri duen azken proposamena: «Urteko sorpresa handienetako bat izan da, proiektu berezia, identitatea erakutsi gabe musikaren garrantziaz hitz egin duena. Eta horrela jarraitzen dute, aurpegirik erakutsi gabe, nahiz eta proposamena atera denetik denbora dezente pasa den. Kalitate handiko ekoizlearekin ibili dira, Ed is Deadekin, nahiz eta EP honetan ez dakidan harekin aritu diren edo ez. Zuzenekoetan ere sekulako emaitza lortu dute eta jendearen erantzuna oso ona izaten ari da».

Jaurlaritza Logoa