En direct

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria
Entrevue
Alain Beraza
Guda Dantza taldeko abeslaria

«Askotan badugu sentsazioa buruarekin paretaren kontra jotzen dugula etengabe»

Hamar urte betetzen ditu Guda Dantza taldeak Uribe-Kostan musika sortzen hasi zirenetik. Aurten bost kantuz osatutako lan laburra kaleratu dute, ‘Esan gabekoak’ deitzen dena, baina laburra izateak ez du esan nahi indarrik ez duenik. Motown zaleek bertan topatuko dute doinu interesgarririk.

Audio_placeholder

«Askotan badugu sentsazioa buruarekin paretaren kontra jotzen dugula etengabe»

Loading player...
Ikus-entzuneko sormenari garrantzia handia ematen dio Guda Dantza talde bizkaitarrak.
Ikus-entzuneko sormenari garrantzia handia ematen dio Guda Dantza talde bizkaitarrak. (Andrea MARTINEZ)

Ander eta Jon Basañez, Alain Beraza, Iker eta Jon Maguregi eta Eneko Ajangiz dira Guda Dantza osatzen duten sei musikariak. Hasi zutenetik ona estiloz aldatzen joan direla gauza garbia da eta disko berriaren aurrerapen kantua ezagutu genuenean argi zegoen beste buelta bat eman ziotela beren musikari. Alain Berazak azaldu dizkigu guztiaren xehetasunak MusikHaria saioan.

Denbora pixka bat honekin lanean ari zinetenetik, ezta? ‘Pizten doa’ atera zenutela urtebete pasa delako.

Bai, egia da. Disko honek aldaketa asko aurrera eramatea ekarri du eta horrek bidean oztopoak izatea ere ekartzen du. Berez iazko genuen diskoaren kaleratze data, baina gauzak patxadaz hartu eta gehiago lantzeko hautua egin genuen eta etorri da.

Kaleko musika bada funkya eta disko honek asko edaten du bertatik.

Bai, disko honek badu Detroiten eragina eta Motown zigilua bertan zegoela gogoan izan behar dugu. Zerbait urbanoa badu, baina etxeko diskoa dela esan dezakegu, abesti guztiak konfinamendu garaian sortu direlako, gure logeletan. Kaleko musika bada, baina kutsu intimo horrekin.

Aprobetxatu duzue taldeetako batek ikus-entzunekoetan duen domeinua bideoklip indartsuak egiteko. Nola sortzen dira?

Ikerrek badaki zertxobait eta badugu lan talde bat osatuta berarekin eta Andrea Martinezekin, guretzat zazpigarren kidea dena. Beraiek dira guztiaren atzean dauden burmuinak. Kantuek beti zerbait iradokitzen dute, eta, nik idazten ditudanek, ez dakit zergatik, gauarekin lotura bat dute, eta hori ez naizela parranda zalea. Nik letrak pasatzen dizkiet eta haiek bueltan proposamen bat botatzen dute. Ez dakit nola egiten duten, baina beti gaude oso konforme.

Diskoa modu batera irekitzen da, funkyarekin esan dugun moduan, baina ixten duen ‘Nora noa’ guztiz beste ildo batekoa da. Kantu honen ekoizpenean lana egina dago, xehetasun asko ditu. Nolakoa izan da abesti honen bidea?

Gitarrarekin eta ahotsarekin abesten genuen hau hasieran eta balada moduan oso ondo funtzionatzen zuen. Taldean halako eztabaida bat sortu zen hau diskora eramaterakoan, batzuek, nik barne, zegoen bezala mantendu nahi genuen bere xarma eta intimotasunarekin, eta besteek musikalki beste buelta bat eman nahi zieten. Egun batez etorri ziren Iker eta Jon Maguregi beren proposamenarekin eta aurrera egin genuen. Kantuak bere berezko ‘mood’ hori mantentzen zuen, egoera animikoa bera zen, malenkonia hori badu, baina beste bide batetara joan da guztiz.

Lokalean lantzen dituzue halako kontuak edota estudioan hasten zareten geruzak gehitzen?

Aipatu nahi nuen Urtzi Izaren papera disko honetan, baina bereziki kantu honetan. Guk hasieran bagenuen ideia bat eta nahikoa bideratuta zegoen, baina Urtziren eskua oso beharrezkoa da. Kantua pasatzen diozu eta berak edo beste irakurketa bat egiten dio, edo zuk duzunari beste zertzelada batzuk sartzen dizkio. Orduan, hemen bere eragina asko nabaritzen da. Hasieratik ulertu zuen egin nahi genuena, adibidez, erreferenteetako bat The Weeknd zela. R&b, pop eta elektronikaren artean zegoen zerbait zela argi ikusi zuen eta bera oso ongi mugitzen da terreno horietan, hortaz, estudioan geruzekin asko ibili zen jolasean. Batzuk gehitu eta besteak kendu, biluzten ibili zen. Rick Rubin ekoizle famatuaren kontu bat esango dizut honen harira. Hark hasieran ez zuen jartzen «produced by Rick Rubin», horren ordez «reduced by Rick Rubin» sinatzen zuen. Ekoizteak ere hori eskatzen du eta Urtzik hori oso ondo egiten du.

Ekoizleaz gainera Jon Maguregik ere sekulako lana egin du. Esan digu disko honek beste ur batzuetatik mugitzea ekarri diola, skank erritmoetara ohituta zegoelako gitarra jotzerako garaian eta orain pilak jarri behar izan ditu honetarako. Urtzi ere gitarra-jotzailea da eta tandem polita osatu dute bien artean.

Kantu honen hitzei erreparatuz, bakardadean eta norabiderik gabe dabilen pertsona baten paperean irudikatu dut nire burua.

Bai, erabat. Abesti hau pandemia aurrekoa da. Musikan askotan badugu sentsazioa buruarekin paretaren kontra jotzen dugula etengabe, nahi dugun hori lortu ezinda gabiltzala. Bada, hori da abesti honek azaldu nahi duena, mahaiaren gainean guztia jarri eta ez duzula esperotako emaitza lortzen, baina hala ere merezi duela, hori delako hautatzen dugun aldea. Musikaren B aldeaz ari gara.

Hamar urte zoazte musika munduan, aldaketa dezente izan dituzue bidean, baina esan daiteke lanik helduena hau dela.

Bai, baina suposatzen dut musikariok beti esango dugula gure azken lana dela egin dugun helduena. Baina bai, zentzu osoa du diozunak, 16-17 urterekin hasi ginelako musika egiten. Hasi ginen Xabi Torralba baxu-jotzailearekin, lanagatik utzi behar izan zuen taldea; Jon Basañez tronpeta-jotzaileak ere utzi behar izan zuen, Joseba Aparicio ere pasa zen taldetik instrumentu bera eskuan zuela, gero Jon itzuli zen… Eta buelta guzti horiek ekarri gaituzte honaino.

Ekoizpenaz hitz egin dugu, baina ‘Hiroshima’ kantuaren introa sekulakoa iruditzen zait. Titulu batek asko iradoki dezake eta honek, behin sarrera entzunda, Asia hego-ekialdeko lurraldeetako basoak ekartzen dizkit gogora.

Begira, gogoko dut egin duzun irakurketa, Vietnamgo gerrarren inguruko pelikula bat izan daiteke kantu honekin lotzen dena. Esandakoa, kantuak badu kutsu anbiental hori, baina hasierako erreferentzia Fletwood Mac taldearen ‘Dreams’ kantua zen, halako soft-rock moduko bat egin nahi genuen. Baina zuk irakurketak egiten dituzun moduan, taldekideek ere egiten dituzte, eta Enekori, baxu-jotzaileari, kantua erakutsi genionean lehen gauza tximinoaren oihua sartzea izan zen. Nik halako soinu batzuk grabatu nituen, berak sampleatu, Al Pacinoren ‘Scarface’ pelikulako esaldi bat sartu genuen eta zarata batzuk ere bai. Testura asko ditu eta argazki zentzu bat ere hartzen du.

Berreraikitzearen inguruan hitz egiten du abestiak, Bartzelonan bizitzen ginelako Iker eta biok eta, abesti hau sortu genuenean, bueltatzera gindoazen unea izan zen. Errealitatearekin topo egingo genuela bagenekien, une goxo batean ginen arren, eta kantua egin eta astebetera, etxean sartu gintuzten. Hortaz, badu zerbait profetikoa kantuak, eta mezuak hori ere badu, momentuz ondo gaudela diogulako baina dena pikutara joango dela ere ikusten dugulako.

‘Zazpi bala’ abestian Lide Hernandoren kolaborazioa izan duzue. Abestia hasi orduko entzuten dugu bere ahotsa.

Liderekin kolaboratzea plazera zen guretzako eta bereak behar zuen protagonismo osoa. Baina beste arrazoi bat ere bazen, nik desastre bat egin nuen introa eta Lidek konpondu du guztia. Kantua hartu zuen eta beste maila batera eraman zuen, hortaz, meritu eta protagonismo hori bere da. Musika beltzaren fanatikoa da bera ere eta Liherren ere asko nabaritzen da musika estilo horien eragina kantakeran eta ñabarduretan. Modu naturalean ikusi genuen bere kolaborazioa kantuan, kantuak beste ahots bat behar zuen, elkarrizketa bat bazelako eta Lide etorri zitzaigun burura.

Urtzik ezagutzen zituen bai bera eta baita Iñigo Etxarri ere eta horrela jarri ginen harremanetan. Lidek ez gintuen ezagutzen, erakutsi genion kantua, gustatu zitzaion, eta haien estudiora joan ginen grabaketa egitera. Hasieratik bonba bat izan zen, sekulako energia duelako eta gu ere kutsatu gintuelako energia horrekin, baita bideoklipa grabatu genuen egunean ere.

Bideoklipak 80etako edota 90etako hasierako estetika du. Irudiak grano eta guzti utzi dituzue.

Beti egiten dute lan itzela, txarto dagoen arren nik esatea. Eta zaila da, Ikerrek kamararen aurrean eta atzean egin behar duelako lan musika ere jotzen duelako taldean.

Lidek zer rol irudikatzen du? Niri gure kontzientziaren baitan dagoen deabrutxoaren irudia etorri zait burura.

Kantuaren helburu bakarra diskoa pixka bat arintzea zen. Ez genion halako irakurketarik egin abestiari eta zuk egiten duzunak badu zentzurik. Gustatzen zait. Letraren bitartez zerbait egin eta ez egitearen arteko eztabaida irudikatu nahi genuen. Ez dugu adierazten zein den ekintza hori, baina badago elkarrizketa hori. Musikan ere askotan gertatzen zaigu hori, ideia bat aurrera eraman nahi eta ez ausartzearena. Hortaz, hori ere egon daiteke kantu honen baitan.

Bukaerarako utzi dut ‘Nekaturik’ kantua. ‘Boy band’ moduan ikusi zaituztegu bideoklipean, non dagoen grabatuta esan daiteke?

Bai bai, Erromoko kale garrantzitsu batean dago grabatua. ‘Las casas baratas’ deitzen diete, ez dakit Gipuzkoa aldean halako zonalderik baden, baina Erromon Kultur Etxearen parean daude eta oso toki ikonikoa da.

Bruno Marsen eragina ikusi dut argi eta garbi, soinuan oso bilatua irudi zait eta bideokliparen estetikak iradokitzen du haren eragina duela.

Gu gara Bruno Marsen oso fanak gara eta ‘An evening with Silk Sonic’ diskoarekin flipatu egiten dugu. Silk Sonic da berak eta Anderson Paakek osatu duten taldea eta asko kontsumitu dugu, hortaz, gure eraginak normala da abestietan entzutea. Eta koloreen jolas guztiari dagokionez, hasieran gauez eta neoizko argiak erabiliz grabatu nahi genuen bideoa, baina Ikerrek erabaki zuen egunez eta freskotasuna transmititzeko zerbait egitea. Bada, hor erabat asmatu zuten berak eta Andreak.

Kontrastea dago kantu batzuen eta besteen artean haize sekzioa grabatzerako orduan. Batzuetan berotasuna dute eta besteetan, berriz, sekurako dizdira, protagonismoa hartuz.

Abesti honen berezitasunetako bat haizeetan dago, errepika haizeena da. Normalean ahotsak eramaten du leloaren zama, baina honetan erabaki genuen haizeak izango zirela protagonista.

Harreman bateko buruhauste guztia etortzen zait burura kantu honen hitzak entzutean.

Aurrekoan beste kazetari batek, Urko Aristik, esaten zigun lehen munduko arazoak etortzen zitzaizkiola burura. Eta bai, erabat horrela da, lehen munduko drama txiki partikularrak dira kontatzen ditugunak. Guk horiei ispilu aurrean jarri eta mihia ateratzen diegu, pixka bat gure buruari barre egiten diogu kantu honekin.

Zuzenean non eta noiz entzun dezakegu Guda Dantza?

Leioan egin zen Aldatu Rock jaialdian izan ginen azaroaren 25ean, Sahararako baliabideak biltzeko egiten den festa batean. Baina gerora etorriko dira gehiago.

Disko fisikoa berezia da.

Diskoa formatu desberdin batean dator. Hamar urte daramagu musika sortzen eta beti formula bera errepikatzen genuen. Oraingoan beste buelta bat eman diogu eta disko forma duen beste zerbait aurkeztu dugu. Erruleta bat da eta biratzen duzunean QR kode desberdinak aurkitu ditzakezu, haiek eskaneatu eta kantu bakoitzak duen dokumental batetara eramaten zaituzte. Realitiy moduko bat egin dugu VHS kamera batekin eta abestiko muntaia bat egin dugu.

Durangoko Azokan izango da pentsatzen dut, baina beste nonbait jarri duzue?

Gure webgunean eta gure instagrameko dendan ere eskuratu dezakezue.

Jaurlaritza Logoa