En direct

Ainara Rodriguez-Amaia Zurutuza
Entrevue
Bakartxo Ruiz
EH Bilduren bozeramailea

«Kaleak hartuko ditugu injustiziak salatzeko eta alternatibak irudikatzeko»

Koalizioaren iparra herritarren mesedetan jardutea dela nabarmenduz, «etsipenari» aurre egiteko Bilbora joateko deia egin du EH Bilduk. Nafarroako Gobernuarekin lortu duten adostasunaren balioa azpimarratu du Bakartxo Ruizek; Lakuari, berriz, «harropuzkeriaz» jokatzea leporatu dio.

Audio_placeholder

«Kaleak hartuko ditugu injustiziak salatzeko eta alternatibak irudikatzeko»

Loading player...
EH Bilduko Mahai Politiko nazionalaren bozeramaileak, Bakartxo Ruiz eta Unai Urruzuno.
EH Bilduko Mahai Politiko nazionalaren bozeramaileak, Bakartxo Ruiz eta Unai Urruzuno. (Gorka RUBIO | FOKU)

Neurri estrukturalik hartu gabe amaituko da legealdia Nafarroan EH Bilduren iritziz. Foru Erkidegoaren egoeraren inguruko eztabaidan Maria Chiviteren hitzartzea autokonplazentziazkoa eta autokritika gutxikoa izan dela adierazi du Bakartxo Ruiz EH Bilduko bozeramaileak NAIZ Irratian, zehaztuz horrelakoak izan ohi direla politika orokorreko eztabaidetan eskeini ohi diren diskurtsoak. Legealdia, edonola, ezohikoa izan dela gaineratu nahi izan du; pandemia bat, gerra bat eta klima aldaketa, «ez da erraza izan inongo gobernurentzat egoerari aurre egitea». Baina oro har, EH Bildurentzat ezinbestekoak diren aldaketa estrukturalik ez dela izan deitoratu du: «Termino estrukturaletan galdutzat eman daitekeen legealdia da, unean unekoari erantzun zaio baina aurrera begirako erronketan, sakontasunez hartu beharreko neurriei dagokienean, aberastasuna banaketari eta bestelako eraldaketei dagokienez, erabat hanka motz geratu da».

Chivitek, bere aldetik, aldarrikatu du akordioaren eta adostasunaren legegintzaldia izan dela bera buru izan duena, baina zehaztu du epe luzeko lasterketa baten abiapuntua izan dela. Hitzon aurrean, Ruizek adierazi du «gehiengoak egunez egun» eraiki behar direla eta EH Bilduren helburua eskuinaren aurrean alternatiba ezkertiar zabal bat eraikitzea dela herritarren mesedetan, «EH Bilduren konpormisoa eskuinarekiko alternatiba anitz, aurrerakoi eta ezkertiar bat eraikitzea da, horretan tematuta gaude, geure konpromisoa ez Gobernuarekin, herritarren gehiengoarekin baizik». Norabide horretan Nafarroan aukera leiho bat zabaldu dela berretsi du, gehiengo berriak osatu direla eta orain gutxi pentsaezina zena, eskuina zokoratzea lortu dela

Urkulluren Gobernua, «itxia eta harroa»

Nafarroan Gobernuaren eta EH Bilduren arteko zubiak eraikita dauden bitartean, Euskal Autonomia Erkidegoan bestelakoa da egoera. Ruizek uste du Urkulluren eta Chiviteren gobernuen artean adostasunerako borondatea ezberdina dela, Lakuaren jarrera «itxia eta harroa» dela, aurrekontuen tramitazioa dela horren erakusle. EAJ eta PSEk, Nafarroako Gobernuak ez bezala, gehiengoa izatea funtsezko elementua dela aitortu du baina gaineratu du Urkulluk herri akordioak aldarrikatzen dituen bitartean bere Gobernuaren ekintzak ez doazela norabide berean. Horren atzean arrazoi argi bat ikusten du, EAJk badakiela bere «alternatiba bakarra EH Bildu dela».

Aurrekontuen negoziazioan aurkeztu dituzten proposamenen erantzunaren zain dago orain koalizioa, norabidea argi izanda, aldaketa estrukturalak nahi ditu EH Bilduk. Emendakinen bidez, ordea, oso zail ikusten du Ruizek hori lortzea.

Nafarroan eta EAEn ezberdintasunak badira, baina baita antzekotasunak ere, bi gobernuek uko egin baitiote fiskalitatea erreformatzeari. Ruizek zehaztu du egoera hobea dela Nafarroan, 2015ean adostu ziren hainbat aldaketari esker. Baina berretsi du zerga erreforma bat beharrezkoa dela, gehien dutenek gehiago ordain dezaten, are gehiago murrizketa garai larri baten atarian egon gaitezkeelako. «Epe laburkeriaz» jokatzea leporatu die gobernuei eta ausardia eskatu, patronalen eta eskuinaren aurrean. «Benetako justizia fiskala nahi badugu, justizia soziala lortzeko, aldaketa sakonak» behar direla aldarrikatu du Ruizek.

Mobilizazioa, «etsipenari aurre egiteko»

Testuinguru honetan, larunbat honetarako manifestazioa deitu du EH Bilduk Bilbon eta Ruizek bertaratzeko deia egin du: «Etxean nahi gaituztenean edo desmobilizatuta nahi gaituztenean kalean egon behar dugu». Egungo krisi testuinguruan kolektibotasuna aldarrikatu du. «Ez dago irtenbide indibidualik, komunitatearen erantzunak balio digu, hori da eraginkorrena, ezkerreko eta subiranisten komunitate gisa kaleak hartzen ditugu injustiziak salatzeko eta alternatibak irudikatzeko, hori da etsipenari aurre egiteko dugun tresnarik eraginkorrena».

Presoen auzia jarri du adibidetzat, baieztatuz «etxean gelditu izan bagina» azken urteetako urratsak, «nahikoak izan ez arren», zailagoak edo ezinezkoak izango liratekeela. Ondorioz, «bultza egiten jarraitu behar da», aldarrikatu du EH Bilduren bozeramaileak, «manifestazioak balioko digu komunitatea egiten jarraitzeko, argi eta garbi adierazteko kalean Euskal Herrian badugula alternatibarik eta ez dugula etsitzen, ez garela etxean geldituko eskuak gurutzatuta».

Jaurlaritza Logoa