En direct

Entrevue
Eñaut Elorrieta
Musikaria

«Klimaxak beste era batera irudikatzen ikasi dut Aitorren eskutik, goxoagoak direnean»

Barkakako laugarren diskoa kaleratu berri du Eñaut Elorrieta Larruzeak (Gernika-Lumo, 1975), ‘Fantasia’. Bi urtez Aitor Etxebarria (Gernika-Lumo, 1985) izan du bidelagun, hark egin baitu lan honen ekoizpena. Patxadaz aritu gara Elorrietarekin hizketan, diskoaren nondik norakoak jakin nahian.

Audio_placeholder

«Klimaxak beste era batera irudikatzen ikasi dut Aitorren eskutik, goxoagoak direnean»

Loading player...
Arriaga Antzokian aurkeztu zion prentsaria ‘Fantasia’ Eñaut Elorrieta gernikarrak.
Arriaga Antzokian aurkeztu zion prentsaria ‘Fantasia’ Eñaut Elorrieta gernikarrak. (Oskar MATXIN | FOKU)

Diskoa kaleratu aurretik antolatu zenuen jendaurreko entzunaldia, bertaratuei barrua mugitu zitzaien.

Ni ere hunkituta izan nintzen hasieratik bukaeraraino. Diskoa modu desberdin batean aurkeztu nahi genuen, lagunekin, parte hartu dutenekin… Entzunaldia zine batean hasi eta buka egitea esperientzia berezia izan da bizi dugun garaiotan. Diskoak entzutea maite dut, baina etxean beste hiruzpalau gauza egiten entzuten ditut eta horretara bakarrik jartzea sekulakoa da. 45 minutu eternitate bat dira gaur egun.

Musikari askok hartzen du parte lan honetan, baina Aitor Etxebarria ekoizle lanetan ibili dela aipatu beharrekoa da.

Azken bi urteotan ondoan izan dudan konplizea izan da, disko hau ahalik eta libreen sortzeko eszenatokia prestatu didana. Konfiantzazko giroa sortu du eta bestela ausartuko ez nintzatekeenak egiten ausartu naiz bere eskutik.

Lehen kantuan, ‘Zutaz letrak idazteko’-n bi gitarra entzuten dira edo 12 sokakoa da?

Bi gitarra dira, 6 sokakoak, bata bestearen gainean grabatuta. Bata afinazio ohikoan eta bestea 12 sokakoaren afinazioan jarrita. Kantuak gitarratik grabatzen hasten gara, lehendabizikoa klaketarekin grabatu genuen eta bigarrena haren gainean joz grabatuta dago.

Koruak ere oso modu sotilean sartuta daude.

Aitor eta biok gara, mikro bati kantari elkarri begira. Oso momentu polita izan zen.

«Elkar ergelki maitatzea» ere gauza ederra da.

Jose Luis Otamendiren hitzak dira. Ze fin, sotil, sakon eta aldi berean arin kontatzen dituen maitasunari buruzkoak.

Oteitzarena egiten ibili zarete, hutsarekin espazioak betetzen.

Kentzen, kentzen egindako diskoa da. Gitarra elektrikoa kendu dugu, eta elementu gutxirekin betetzen saiatu gara. Hitzak ere norabide berean doaz eta horrek asko betetzen du.

‘Esna kanta’ ezagutu genuen atzetik, Arrigurikoek egindako ikus-entzuneko piezarekin.

Dokumentala 2023an kaleratuko da, orain bideoklipa etorri da. Arrigurikoek disko eta kantu honen sortze prozesuaren kontaketa egin dute eta sekulako meritua du horrek. Halako dokumentalak ikusi izan ditut eta ez nuen ezer antzeztua izatea edo naturala ez izatea. Arrigurikoek esan ziguten egiazkotasuna izango zuela eta nik uste dut emaitza hori, behintzat, lortu dela.

‘Esna kanta’ lehenagotik datorren zerbait da?

Iñigo Astitzen hitzak dira eta ‘Goiz kanta’ deitu nahi zion, baina ‘Hemen gaude’ abestian, Sarrionandiaren hitzetan, «Esna kanta» aipatzen zen eta hori proposatu nion, indartsua iruditzen zitzaidalako, eta gustatu zitzaion. Seme alaben jaiotza sentitu dugu Iñigok eta biok, eta handitzean akaso ez garela haien ondoan egongo sentitu dugu, aitaren heriotza bizitzea ere aldi berean tokatu zaigulako. Bi hari horiek gurutzatzen diren goizean dago sortuta kantua.

Eta hori guztia Getariako egunsentian koka daiteke.

Disko honetan asko agertzen dira euria, itsasoa, kostaldea… Getarian bizitze horrek busti du diskoa goitik behera.

Lehen unetik, bonbo eta kutxaren soinutik, zerbait mugitzen du kantu honek. Gero datoz giroak, mandolina, tronpeta, gitarra klasikoa… Esnatzen goaz.

Kantu honetan, erronka denak uztartea zen. Kentzen joan garelako orokorrean, baina hemen betez joan gara eta denentzako espazioa uztea ez zen batere erraza.

Ez dakit nahikoa goraipatzen ote dugun melodiekin duzun domeinua.

Berezkoa dudan zerbait bada, melodiak sortzeko gaitasuna da eta nik neuk ere ez dakit azaltzen. Ahotsa da jaun eta jabe lokalera joan eta melodiak sortzerakoan, instintuari segika ibiltzen naiz. Rock formatuan, soka laukotean, folkean… denetarik abesten probatu dut eta erronkak dira. Abesteko teknikak hobetuz joan naizela uste dut. Baina disko honetan klimaxak beste era batera irudikatzen ikasi dut Aitorren eskutik, goxoagoak direnean eta ez hain une gorenak. Beste modu batera esanda, ume bati oihuka hitz egiten badiozu ulertuko dizu, baina asertibitatearekin akaso sakonago iritsiko zara, eta disko honetan badago bilaketa hori.

Elektronikako munduko tendentzietako bat bada une gorena iristean halako jaitsiera sakon bat egitea erritmo eta melodiatan, eztanda baino inplosio moduko bat. Aitor mundu horretatik dator.

Nik ere banuen goraka egiteko joera hori. Abestiak sortzerakoan, Aitorrekin nintzela, estribilloan gora egiten nuen. Gero, berak esaten zidan une horiek iristean dena kendu eta ahotsa eta gitarrarekin jarraitzeko. Erokeria zirudien, baina leiho berri bat ireki dit.

‘Suzko Lili’ kantuak badu kutsu zinematografikoa.

Aitorren irudia da pianokoa. Hitzak Uxue Alberdirenak dira, gure alabari haserrealdi baten ostean, zauriak itxi gabe zeudela, idatzitako maitasun kantua da. Pianoarekin belusezko tentsio bat sortzen du Aitorrek eta Xabier Zeberioren sokek aireratze bat sortzen dute.

Haserrealdi horren osteko begirada irudika daiteke, ate ondotik so dagoen gurasoaren begirada, alaba bizkarrez duela. Zuen etxeko lilia ere handitzen doa.

Bai, eta 11-12 urteko seme-alaba duenak badaki kudeatzeko oso zailak diren egoerak sortzen direla. Baina maitasun inkonidizionala zer den ikasi dut nire seme-alabekin.

Esan zenigun alabak esaten dizula kantu tristeak egiten dituzula.

Ez, kantu alairik ez dakidala egiten esaten dit. Berarentzat dantzagarria dena baita alaia, eta ni ez nago berarekin ados. Baina badut erronka bat, berarentzat dantzagarria den disko bat egingo dudala egunen batean.

Gaiz eta kantuz aldatuta, ez nekien hainbeste euri mota zeudenik.

Edinburgon egin zuten literatura topaketa baterako idatzi zuen Uxue Alberdik testu hau, bi herrialdeek komunean zuten elementuetatik abiatuta. Normalean esaten ez diren gauzak ere esaten dira euriaren zeraren atzean eta Uxuek esan zidan hor kantu bat bazela. «Autoan errezago egiten da negar», hori esan eta hor dagoen isilune horretan du abiapuntua ‘Euri herria’ kantuak.

Gezurrik ez duzu esaten, zenbatek aprobetxatuko zuten autoa negar egiteko…

Irudia asko gustatu zitzaidan, baina esaldi horrek harrapatu ninduen. Euria kanpoan, norbera bakarrik kotxean eta negarra. Baina izan daiteke etxean leihotik begira dagoena ere.

‘Bidasoa’ abestiak ematen dio jarraipena. Kantuak baduu Laboaren kutsu bat eta beste abestiren batean Benito Lertxundiren zera bat entzun daiteke. Ez Dok Hamairuren belaunaldi arteko erreleboaren parte sentitzen zara?

Nik ez dakit errelebo horren parte irudikatzen ote dudan nire burua, momentu hori garai konkretu batean izan zelako eta gaurkoak beste garai batzuk direlako. Bai esan dezakeedala tradizio horretatik edan dudala eta txikitatik nire background musikala osatzen dutela. Nire baitan daude eta era inkontziente batean ziur nire kantuetan entzuten direla.

Bidasoa kantuan ‘lekeitio’ batzuk badaudelako etorri zait galdera. Horrez gainera, gitarra jotzeko modua, tronpetaren deiadarrak ematen duen mistizismoa…

Aitorren eskua ere badago guzti horretan. Aitorrek musika entzun ordez badirudi ikusi egiten duela eta giro batean kokatzen du, hala, kantuaren hasieran, Bidasoaren ertzak eta behelainoa ikusi egiten dira.

Eta bukaerako kaosa. Kantu hau sortzerakoan ez dakit nola ibiliko zineten.

Hasieran modu jarraiago batean egitea zen asmoa, baina asko gustatu zitzaidan nola geratu zen gero. Letra aldetik, Eneko Aizpuruaren ‘Bidasoan gora’ liburua irakurrita genuen eta bertako esentzia ere jaso nahi genuen. Egun Bidasoa gurutzatzen jendea itotzen da, lehenago Euskal Herriko gatazkarekin ere lotu izan dugu, baina liburuan portugaldarren kontuak ere aipatzen dira eta Bidasoaren baitan zenbat drama kokatzen diren ere sekulakoa da.

‘Dordoken dantza’, hau bada alaiagoa.

Ados nago!

Nondik atera duzu ideia? Korean eta Mexikon esistitzen direlako bi dordoka dantza.

Bada ez batetik eta ez bestetik. Maitasun kantu bat da. Diskoa osotasunean eginda izan dudanean, kantuak maitasunak biltzen dituela konturatu naiz. Lorcaren ‘Vienar balts txikia’n du oinarria, bertan aipatzen delako, gerora Leonard Cohenek, Silvia Pérez Cruz edota Enrique Morentek abestu dutena. Halako dantza geldo bat irudikatzen da eta horrek maitasun momentu bati ematen dion kutsua gustatzen zitzaidan. Arina da kantua, badu brillo berezi bat, eta horrek iradokitzen duena gustatzen zait.

Akordeoia entzuten da hemen?

Bai, disko guztian hemen bakarrik entzun daiteke instrumentu hori, Txus Aranburuk jota.

‘Atlantida’; gure irudimeneko territorio libreak ere beharrezkoak dira.

Giro oso iradokitzailea du. Gitarra momentu txiki batean dago, giro baten gainean abesten da. Letra nik idatzia da eta, aurretik, urte luzez izandako sinismen sakonak zalantzan jartzen ditudan unean kokatzen da. Getarian, itsasoari begira, esaten nion nire buruari ea itsasoa izan ordez zerumugan apurtzen den ur-jausi bat ote den aurrean dugun hori. Bada gure sinismenen inguruan egindako gogoeta sakon bat da, sozialki, politikoki edota pertsonalki ditugun sinismenei.

Koro batzuk entzuten dira abestian, organikoak dira?

Bai. Urte hauetan maketarako grabatutako elementu asko daude eta kasu honetan Aitorri gustatu eta azkeneko nahasketara ekarri zituen koro hauek. Halako perla batzuk baditu diskoak bere baitan.

‘Maitatzeak’ jarraitzen du, Itziar Ugarteren letra batekin. Itsasotik mendira eramaten nau kantu honek.

Itziarren letra da azpimarratzekoa hemen. Maitasunak sortzen duen ziurgabetasuna ezin da hobeto deskribatu bi esalditan. Ikaragarria da Itziarren olerki-liburua, baina zati honek duen indarra hain hitz gutxitan maitasunaren ziurgabetasuna azpimarratzeko, sekulakoa da. Aitorrek erritmo dantzagarriago batean egiteko proposamena egin zidan, nahiz eta alabari ez zaion hala denik irudituko.

Zuzenekoak laster datoz?

Azaroaren 25ean Zumarragako Zelai Arizti aretoan hasiko da aurkezpen bira. Abendurako lotu genituen datak mugitzea erabaki genuen, eta berriz ere urtarrilean hasiko dugu bira Andoaingo Basteron, otsailean Victoria Eugenian izango gara eta apirilean Arriagan. Tartean Gaiarre eta bestelako hainbat antzokitan ere arituko gara.

Disko hau egiterakoan ez nuen pentsatu zuzenekoan nola izango zen, sortzerakoan askatasuna eman zidan horrek. Orain ari gara diskoa zuzenekora nola eraman pentsatzen, eta interesgarria izango delakoan nago.

Oso antzokikoa da.

Bai, azken denboratan bertan nabil eta oso gustura nabil. Baina kanpora ere aterako da, beste eremu batzuetara.

Eider Corralen diseinuan, diskoaren azalean, suzko lili bat ikusten dut.

Uxuek ere komentatu zidan hori. Aitorrekin eta Eiderrekin lotu dut beren eskuetan uztea gauza batzuen erantzukizuna, eta hori asko kostatzen zaidan zerbait da. Aitorri ia denean egin diot kasu eta Eiderri ere berea egiten utzi diot, eta niri dena kontrolpean izatea gustatzen zait. Oso koloretsua eta ausarta izan da Eider diseinuarekin, lizentzia hori hartu dugu.

‘Fantasia’ egiteko.

Amaia Lasari omenaldi bat egin zitzaion eta hartarako kantu bat egin nion. Hortik tiraka dago kantua sortuta.

Bitan zatitua da edo bi kantu dira?

Hasieran tartean joateko zatiak ziren ‘Fantasiaren preludioa’ osatu dutenak. Aitorrek abestiaren hasieran egiteko proposatu zidan eta buklean hainbat elementu jarri genituen. Berez abestiaren preludioa da, kantu bakarra, baina diskoan bi pistatan joatea nahi izan dugu.

‘Fantasia’ abestia eta ‘Zutaz letrak idazteko’ arpegio berarekin bukatu eta hasten dira.

Gauza horietarako friki samarra naiz. «Gaur egun ba ote da diskoak bueltaka entzuten duenik?» galdetzen genion gure buruari, baina berdin izan zitzaigun. Mimoarekin eginda daude gauza asko, kantuen ordena, kantuaren bukaerak eta hasierak, tarteko hutsuneak… Sekulako artisau lana dago eta lan oso bat argitaratzekoan xehetasun horiek guztiak kontuan izatea dut maite.

Diskoak dendetan daude, baina zuzenekoak behar dira.

Hori da artistaren ogibideari zentzua ematen diona.

Fantasia hasi da, joan dadila ongi gauzatzen.

Eskerrik asko, Iker.

Jaurlaritza Logoa