En direct

Maitatzearen ertzek elkargunea dute Popatik taldearen ‘Maitatzeari’ estreinako diskoan

Popatik proiektuak duela gutxi ikusi du argia eta Euskal Herriko hainbat txokotan dabiltza maitatzea berentzat zer den kontatuz. ‘Maitatzeari’ diskoan jaso dituzte zuzenezko emanaldirako prestatutako abestiak eta MusikHaria saioan aurkeztu digute.

Audio_placeholder

Maitatzearen ertzek elkargunea dute Popatik taldearen ‘Maitatzeari’ estreinako diskoan

Loading player...
Ekaitz Goikoetxea, Xabiet Crehuet eta Aingeru Mayor dira Popatik proiektua aurrera daramatenak.
Ekaitz Goikoetxea, Xabiet Crehuet eta Aingeru Mayor dira Popatik proiektua aurrera daramatenak. (POPATIK | Laia MARCOS)

Maitatzeko modu desberdinak daudela gauza ezaguna zaigu, baina maitatzearen ertz bakoitzetik hain modu desberdinean tira eta disko bat osatzea ez da gauza erraza.

Xabier Crehuetek, Ekaitz Goikoetxeak eta Aingeru Mayorrek asko maite dute elkar eta maitasunari buruzko proiektu bat jorratzen ari dira elkarrekin, Popatik izenaren aterkipena. Lehen diskoa kaleratu dute aurten, ’Maitatzeari’, eskaintzen duten zuzeneko ikuskizunerako sortutako abestien bilduma.

Bidelagun ugari izan dituzte disko hau lantzerakoan, haietako bat, Pottoko Estudioko Fredi Pelazi musikari, teknikari eta ekoizlea. Baina, Fernando Madina, Haizea Armendariz eta Maria Mateoren ahotsak, Aitor Furundarenaren akordeoia, Pello Ramirezen sokak, Jon Arrutiren txirula eta Karlos Gimenezen pianoa ere gordetzen ditu diskoak.

Maitagarria dena ezin maitatzeaz, transgeneroen egoeraz, arratsalde batean planto egin digun ustezko maitaleak utzitako egoeraz, sexualitateaz edota maskulinitateaz aritu dira ‘Maitatzeari’ lan honetan. Batzuetan samurrago, bestetan gordinago. Batzuetan hirugarren pertsonei, bestetan barruko gu horri.

Carlos Menéndez sexologo eta irakasleak hasitako bidean xerka aritu da Aingeru Mayor kantuen hitzak idazterakoan, bidean egin zuen topo Ekaitz Goikoetxearekin guztia edertzeko eta Xabier Crehuetek jarri dio musika guztiari. Zuzenekoetan, ordea, hori baino gehiago ere izaten da, eta, bertaratu direnak, barrua mugituta irten dira emanaldietatik. Datozenak azaroaren 11n Ultzaman eta azaroaren 13an Hernanin izango dira. Urtearen hasieran, urtarrilaren 29an, Beasainen ere aurkeztuko dute proiektua.

Aingeru Mayorrek xehetasun guztiak azaldu zizkigun NAIZ Irratiko MusikHaria saioan egin zuen bisitan, samur, patxadaz eta gozo. Bakea ematen du Aingeruk ‘Maitatzeari’ buruz esaten dituenak entzuteak.

Jaurlaritza Logoa