Zuzenean
Kantu bati estrofa bat gehitzea, hori da erronka, baina ez da edozein kantu, Popatik proiektuak Naizen elkartearekin osatutako 'Ipuinetan ez bezala' abestia osatuko duen pasartea baita NAIZ Irratiko Bigarren Kafea saioaren laguntzarekin abiatu den challenge hau.
Popatik ekimeneko Aingeru Mayorrek eman ditu xehetasunak NAIZ Irratian, «kantua haur transexualitatea lantzeko tresna ezin hobea izaten ari da, hainbat ikastetxetan kantaren bidez ari dira gaia lantzen» eta orain «challenge poetikoa» jarri nahi izan dute mahai gainean kantuari are zabalpen handiagoa emateko, «erronka da nork botatzen duen kanta osatzeko beste estrofa bat eta ahalik eta ederrena egitea».
Dagoeneko ari dira lehen aleak jasotzen, Uxue Arratibel 12 urteko beasaindarrak igorritako hau, adibidez:
«Zuek uste ni mutil,
ni, ordea, neska,
hankartean dudana
ez da nire kezka,
hemen usteak ustel
izaten baitira,
ea ipintzen garen
bihotzei begira»
Nola parte hartu eta saria
Parte hartzeko egin behar den bakarra 'Ipuinetan ez bezala' abestiari estrofa berri bat sortzea da. Behin hori egindakoan sare sozialetara igo behar da idatziz, errezitatua, kantatuta, musika-tresnaren batez lagunduta... hori nahieran, halabeharrez, ordea honakoa: #IpuinetanChallenge, #Naizen eta #popatik traolak jarri eta sare sozialetara igotako argitalpenaren kaptura popatik.band@gmail.com helbidera igorri.
Popatik bandako kideek aukeratuko dute euren gustukoena eta NAIZ Irratiko Bigarren Kafea saioan grabatuko dute jatorrizko abestia osatuko duen estrofa berria. Gainera, Naizen elkarteko materiala ere jasoko dute irabazleek (bi sari izango dira, bat gustukoena eta bestea zoriz aukeratua).
Martxoaren 8 arte jasoko dituzte proposamenak.
Popatik banda NAIZ Irratiko Bigarren Kafean: