En direct
Irailak 27a «erreferentziazko» eguna da ezker abertzalearen baitan. Haimar Altunak dio oroimen kolektiboan «iltzatuta» gelditu den eguna dela.
Txiki eta Otaegiren exekuzioaz 47 urte pasata, herriaren egoerak «argi-ilunekin, askoz hobera» egin duela nabarmendu du Sortuko kideak. Aldiz, ez du aldaketarik ikusi nazio eraikuntzan. «Gure herriak zapaldua jarraitzen du bi estaturen menpe. Zentzu horretan, bidegurutze historiko batean gaude, aldaketa sakonen garaian. Gure ustez, aldaketa horien norabidea dago jokoan eta horretan eragiten jarraitu behar dugu».
Gazteriaren garrantzia aldarrikatu du Sortuk gudari egunean. Ezinbestekotzat jo du Haimar Altunak etorkizuneko belaunaldiek «iturri beretik» edaten jarraitzea, proiektu independentista indartzen jarraitzeko.
«Gatazka politikoa desitxuratu edo ezkutatu nahi dute»
Irailak 27aren oroimena kriminalizatzeko aukeraz, «hainbat sektorek memoriaren eta errelatoaren batailaren beharra» dutela kritikatu du Haimar Altunak. Sorturi memoria osoa eta inklusiboaren alde lanean jarraitzea dagokiola baieztatu du.