En direct

Ainara Rodriguez

Haur sahararren iritsieraren atzerapenagatik kezka agertu du Oporrak Bakean programak

Ekainaren 28an ziren iristekoak Euskal Herrira, baina haur sahararrik ez da oraindik heldu; «arazo tekniko eta burokratikoak» omen daude atzerapen horren atzean, baina Oporrak Bakean programako kideek susmoa dute Sahara, Maroko eta espainiar Estatuaren arteko gatazkak zerikusia izan ote dezakeen.

Audio_placeholder

Haur sahararren iritsieraren atzerapenagatik kezka agertu du Oporrak Bakean programak

Loading player...
Haur sahararrak Euskal Herrian, aurreko edizio batean.
Haur sahararrak Euskal Herrian, aurreko edizio batean.

Pandemia osteko lehen uda honetan, Euskal Herrian behar lukete Saharako 200 haur. Covid -19aren eraginez, 2020 eta 2021eko udaretan ez ziren etorri, eta aurten horretarako aukera egokitu den arren, zalantzak dira nagusi.

Izan ere, ekainaren 28an ziren iristekoak EAEra 150 haur eta 43 Nafarroara, baina «arazo tekniko eta burokratikoak» tarteko, Oporrak Bakean programako Eli Eizagirrek azaldu du haurrek Saharan jarraitzen dutela. «Etorri, etorriko dira», esan digu, «edozein momentutan hegaldia jartzearen esperantza dugu»; baimen guztiak egoki lortu dituzte: Espainiako Ministroen Kontseiluak onartu du egonaldia eta Estatuko Buletin Ofizialean argitaratu da, baina bestelako tramiteak dira atzeratu direnak.

Mendebaldeko Sahararen, Marokoren eta espainiar Estatuaren arteko gatazkak haurren etorrera atzeratu izanaren susmoak ba ote dituzten galdetuta, Eizagirrek dio «susmoak beti hor daudela»: «Urteak daramatzagu programa hau garatzen, eta hasieratik izan gara kontziente hainbat data, hainbat pausu atzeratu egin direla».  

Orain arteko itxaronaldia ez da erraza izan. Pandemiak argi utzi zuen ezinezkoa izango zela Euskal Herrira bidaiatzea, baina oraingoan zaila da haurrentzat bidaiaren espektatibak kudeatzea. «Noiz goaz? galdetzen dute haurrek. Zortzi urteko haur bati hau guztia azaltzea zaila da. Gainera sekulako beroa ari da egiten kanpalekuetan. Handik ateratzeko desiratzen daude».  

Pandemiaren kolpea bikoitza izan da, gainera, kanpalekuetan. Eizagirrek azaldu digunez, osasun arazoek ezarritako zailtasunez gain, «zaila izan da hain beharrezkoa den kanpo laguntza» haraino eramatea.

«Luzea, oso luzea»

Hiru haur saharar dira iristekoak Edurneren etxera, Eibarrera; 12 urteko bi mutiko eta 8 urteko neskatoa. Lehen biak egonak dira lehendik ere, baina lehen aldia da neskatoarentzat. Hutsune handia ekarri die orain arteko absentziak; argazkien bitartez ikusi ahal izan ditu Edurnek bi mutikoak, eta horietan sumatu du denboraren eta Mendebaldeko Sahararen gogortasunaren arrastoa.

Zentzu horretan, «luze, oso luze» ari zaie egiten itxaronaldia. Momentu oro komentatzen dizkiete zeintzuk diren urratsak edo non aurkitzen diren, baina horrek ez du itxaronaldia errazago eramaten laguntzen. Edurnek azaldu du «Euskal Herrian mediku rebisioak egiteko aukera, elikagai freskoak jateko aukera»... izaten dutela, eta horrek onura nabarmenak dakartzala umeengan. Gainera, bere haurretako batek gaixotasun bat du, eta ezin izan diote bi urtez sendagairik bidali.

Jaurlaritza Logoa