En direct

Ane Urkiri - Ion Garate
Entrevue
Iñaki Mozo
Arrastaka mendi taldeko komunikazio arduraduna

«Korrikalariak Ehun Miliak lasterketarekiko fidelak direla ikusi dugu»

Iñaki Mozo komunikazio arduraduna da Ehun Miliak mendi lasterketan. Lehen ediziotik dago «saltsan sartuta» –duela 14 urtetik, alegia– eta aurtengorako jendea gogotsu sumatzen du. Proba guztietako dortsalak inoiz baino azkarrago agortu dira.

Audio_placeholder

«Korrikalariak Ehun Miliak lasterketarekiko fidelak direla ikusi dugu»

Loading player...
Iñaki Mozo, Arrastaka mendi taldeko komunikazio arduraduna.
Iñaki Mozo, Arrastaka mendi taldeko komunikazio arduraduna. (NAIZ)

Korrika egiteko «giro egokia» aurreikusten du astebururako Iñaki Mozo Arrastaka mendi taldeko komunikazio arduradunak. Ostiraleko 18.00etatik iganderaino, sona handiko hiru proba lehiatuko dira Goierri aldean: Ehun Miliak (168 km), Goierriko Bi Handiak (88 km) eta Marimurumendi (42 km).

Euskal Herriko mendi lasterketen artean ospea lortu dute orain dela 14 urte sortutako probok. Aurten, bi urteko etenaren ostean, 11. edizioa egingo da. Berritasun gisa, bideokamerak jarri dituzte lasterketako anoa guneetan eta zaleek online jarraitu ahal izango dute proba.

2019an izan zen azken edizioa. Dena ondo ateratzeko presio hori sentitzen al duzue? Urduritasuna, kezkak... areagotu al ditu etenak?

Duela hiru urtekoa 10. edizioa izan zen, oso edizio borobila. Errekor dezente hobetu ziren, giro aldetik oso giro ona egin zuen, bai korrika egiteko eta baita ikusteko ere; jendetza hurbildu zen. Aurtengo edizioan helburua da orduko hura edo antzeko zerbait errepikatzea. Eguraldi aldetik badirudi orduko egoera antzekoa izango dugula eta korrikalari, ikusle eta boluntario aldetik denak egin du hobera.

Zalantzaezina da Ehun Miliak probak erreferentzialtasuna lortu duela. Nola lortzen da hori hainbeste mendi lasterketaren artean?

Sortu zenetik oso argi zegoen helburua zela korrikalariak ondo zaintzea. Lehendabiziko urteetan boluntario gehiago zeuden korrikalariak baino! Ordutik hartu zuen forma hori eta gaur egun ere formula berarekin jarraitzen dugu. 1.600 boluntario dauzkagu ia 1.300 korrikalarirentzat. Proba gutxitan ikusten da halako boluntario kopurua, eta korrikalariek eskertzen dute.

Nola laburbilduko zenuke  probak  izan duen bilakaera?

Lehendabiziko ediziotan, nik pertsonalki, antolakuntzako parte gisa, ez nituen horrelako probak ezagutzen. Beste batzuk bazeuden horrelako probak egiten zituztenak, eta nire iritziz astakeria hutsa ziren. Halako distantziako lasterketa bat ikusi eta zeure buruari honakoa galdetzen diozu: «Zenbat jende etorriko da?». Lehendabiziko urteetan Ehun Miliak proban korrikalari gehiago zeuden Goierriko Bi Handiak proban baino. Gutxika-gutxika, izena hartzen joan da, zabaltzen joan da lasterketako informazioa. Azoka ezberdinetan egon gara eta egun sare sozialek eta komunikabideek ematen duten indarrarekin oihartzun dezente lortu dugu.

Ahoz ahokoak ere funtzionatuko du, ezta?

Hori da. Esango nuke lasterketaren izena eta ospea hortik zabaldu dela. Hainbat urtetan izan ditugu Estatutik heldutako korrikalariak, baina lehen edizioetan uste dut atzerritarrik ez zela egon; zortzigarren eta bederatzigarren edizioetan Japonia, Txina eta AEBetatik etorri ziren hainbat korrikalari. Gure proba beste leku batzuetara zabaldu dela adierazten dizu horrek.

Aurtengoan jaitsi egin da atzerriko lasterkari kopurua?

Bai, halaxe da. Covid-19ak ere eragin du bertako jendea mendira gehiago joatea, gizartean moldaketa hori egon da, eta euskal herritar dezente gehiago ditugu. Hala ere, nazioarteko 23 bat korrikalari ere izango ditugu.

Euskal Herrian sentsazioa da gero eta jende gehiago aritzen dela mendian korrika.

Azkenengo urteetan mendi lasterketek bilakaera ikaragarria izan dute. Azken hilabeteetan, esaterako, asteburu batzuetan 10-11 lasterketa pilatu dira, bai errepidekoak eta baita mendikoak ere. Guk hasiera-hasieratik mantentzen dugu data, uztaileko bigarren asteburua, badakigun arren ez dela oso data egokia batzuentzat, sanferminekin kointziditzen duelako. Aken urteetan Pirinioetako beste hainbat lasterketek ere kointziditu izan dute gurearekin eta horietan ere korrikalari pila bat aritzen dira. Kontuak kontu, baina, korrikalariak gure probarekiko fidelak direla ikusi dugu.

«Ikusten da osasuntsu dagoela emakumezkoen kirola: nahiz eta lasterketak luzeak izan emakumeak ez dira atzean geratzen. Gogotsu daude eta gizonezkoen pare ibili ohi dira»

Aurten Ehun Miliak proban 515 lasterketari ariko dira,  horietatik 21 emakumeak. Goierriko Bi Handiak proban 31 emakume, eta, Marimurumendin, 34. Nolakoa izan da emakumeen parte hartzearen bilakaera?

Azken urteetan emakumeen parte hartzea igo egin da. Aurten apur bat jaitsi da, baina Ehun Milietan 20-25 tarte horretan mantendu da azken edizioetan. Guretzako hori garrantzitsua da. Ehunekotan ez dakit zenbat ateratzen den, baina kopurua polita da eta urtez urte gora doa. Ikusten da osasuntsu dagoela emakumezkoen kirola: nahiz eta lasterketak luzeak izan emakumeak ez dira atzean geratzen. Gogotsu daude eta gizonezkoen pare ibili ohi dira.

Zein izen nabarmenduko zenuke faboritoen artean?

Ehun Milien proban Jabi Dominguez gasteiztarra, hainbat aldiz bai Goierriko Bi Handietan bai Ehun Milietan txapeldun izandakoa. Emakumeetan baditugu hainbat euskaldun aurrean ibiliko direnak eta etxeko bat aipatu nuke, Elena Calvillo beasaindarra. Lau ediziotan parte hartu eta guztietan bigarren geratu da. Goierriko Bi Handiak proba, berriz, oso lehiakorra izango da, batez ere gizonezkoetan. Bertan ariko dira Euskal Herriko Aritz Egea, Goar Lopetegi, Peio Berrizbeitia, Julen Martinez de Estibaliz... Egearen taldekide izandako Tofol Castanyer mallorcarrak ere azken orduan eman zuen izena.

Jaurlaritza Logoa