En direct

Hegoi Belategi

«Inoiz ez da horrelako sarraskirik gertatu Ceuta eta Melillako mugetan»

GKEk 37 hildako zenbatu dituzte Melillan, pasa den ostiralean hesian izandako gertakarien ostean. Poliziaren jarduna jomugan, elkarretaratzea deitu du igande honetarako Donostian SOS Arrazakeriak. Horren atariko elkarteko koordinatzaile Peio Aierbek hitz egin du NAIZ Irratiarekin.

Audio_placeholder

«Inoiz ez da horrelako sarraskirik gertatu Ceuta eta Melillako mugetan»

Loading player...
Melillara iritsitakoak, migratzaileentzako zentro batean ilara egiten.
Melillara iritsitakoak, migratzaileentzako zentro batean ilara egiten. (Fadel SENNA | AFP)

«Inoiz ez da horrelako sarraskirik gertatu Ceuta eta Melillako mugetan. Horregatik da hain garrantzia gertatutakoa salatzea», nabarmendu dio NAIZ Irratiari Peio Aierbe, SOS Arrazakeriako koordinatzaileak Donostian egin duten elkarretaratzea hasi baino lehen.

Esaldiak gertatukoaren larritasuna adierazteko balio behar luke. Gutxienez 37 lagun hil direlako, Melillako hesian izandako salto masibo berri batean Caminando Fronteras GKEren arabera. 37 hildako, eta dio espainiar presidente Pedro Sanchezek, eredugarria izan dela mugaren bi aldeetan egindako lana. 

Kontuan hartu behar da, Aierberen arabera, Europak eta Gobernu espainiarrak mugak kontrolatzeko politika martxan jarri zutela aspaldi, eta hori egin du, azken bolada honetan, Gobernu espainiarra Marokorekin.

Hala, Pedro Sanchezen Exekutiboa zuzenki kritikatu du Aierbek, marokoarra «bere mugak kontrolatzeko» erabiltzen duelako, «migrante eta errefuxiatuen kontra». «Ez dira giza eskubideak errespetatzen eta bere poliziak egiten du espainiar Gobernuak eskatzen diona», salatu du Aierbek.

Sanchezek Marokoko Jendarmeriaren jarduna ere goraipatu du, «eraso bortitz honi aurre egiteagatik». Adierazpen horiek bat datoz Gobernu espainiarraren politikekin, Aierbek aipatu duenez.

«Marokoko Poliziak Espainiako Ejertzitotik eta poliziatik ikasten du. Duela urte batzuk, 16 pertsona hil zituzten Tarajalen. Eta han ikusi genuen nola tiro egiten zieten pilotekin igerian gurutzatzen saiatzen ziren migratzaileei. Poliziak hesitik salto egiten duten migratzaileak ere zigortzen ditu, eta beroan itzultzen ditu», azaldu du. «Ez dira pertsona gisa tratatzen, animalia gisa baizik», kritikatu du Aierbek.

Hala ere, autokritika gutxi egin zuen Sanchezek, eta errudunak mafiak direla nabarmendu zuen, estatuen jarrera zuritzeko helburuarekin. SOS Arrazakeriako koordinatzaileak azpimarratu duenez, mafiak Europar Batasunak martxan jarritako politiken emaitza dira.

«Milaka pertsona hiltzen ari dira Europara iristeko ahaleginean. Errepresioaren biktima ez izateko etortzen dira, eta haien familientzako bizimodu hobe baten bila. Europar Batasuneko gobernuen politiken emaitza da gertatzen dena, sarbide guztiak ixten dituztelako, mugak militaritzatzen dituztelako, eta giza eskubideak errespetatzen ez dituztelako», adierazi du.

Izan ere, Europar Batasuneko estatu kideen migrazio politikak salatu ditu SOS Arrazakeriak igande honetan Donostian deitutako elkarretaratzean. Muga hilgarrien aurrean, altxatzera deitu du elkarteko koordinatzaileak, «ezin dugu isilik egon sarraski hauen aurrean». Arratsaldean Bilbon ere entzun da salaketa. Astelehenean Gasteizen egingo dute protesta. 

Bilbon eginiko protesta. (Monika DEL VALLE/FOKU)

Jaurlaritza Logoa