En direct

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria

‘Gaztelu beltza’ bideoklipean elkarlanean Brigade Loco eta Nabarralde

2022 honetan 500 urte betetzen dira Amaiurko setioa eman zela eta, apirileko Gazte Martxan «500 eta zutik!» lelopean ibili ostean, orain, Brigade Loco taldeak ‘Gaztelu beltza’ kantuaren bideoklipa egin du Nabarralderekin elkarlanean. Ekainaren 2an, ostegunrekin, estreinatuko dugu NAIZen.

Audio_placeholder

‘Gaztelu beltza’ bideoklipean elkarlanean Brigade Loco eta Nabarralde

Loading player...
Brigade Loco taldeko eta Nabarralde elkarteko kideak pozik daude egindako lanarekin.
Brigade Loco taldeko eta Nabarralde elkarteko kideak pozik daude egindako lanarekin. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Memoria historikoko ariketa bat izanik eta gai zentrala Amaiurren kokatuz, Brigade Loco taldekoak harremanetan jarri ziren Nabarraldekoekin “Gaztelu beltza” kantuaren bideoklipa egiterakoan. «Zerbait berezia egiteko aukera ikusten genuen 500. urteurren honen aurrean. Izan ere, saiatzen gara gure abestietan memoria historikoa lantzen. Aukera hau mahai gainean jarri genuenean, Nabarralde bezalako elkarte batekin aritzea egokia ikusten genuen, gure proiektuari kutsu historiko bat emateko eta lanketa sakonago bat egin ahal izateko. Haiekin harremanetan jarri ginen eta kantu hau birmoldatzea planteatu genuen, berriz ere grabatu dugu abestia eta bideoklipa egin dugu», kontatu digu Manex Egaña Brigade Locoko bateria-jotzaileak.

Iragana eta oraina uztartzeko ahalegina egin du musika taldeak. «Historiaren transmisio hori irudikatzea zen gure nahia, belaunaldiz belaunaldi egin beharrekoa. Talde bakoitzak edota sektore bakoitzak badu bere publikoa eta badakigu zer terminotan hitz egin behar dugun, eta nik uste dut saiatu garela epika hori bilatzen. Konkistarekiko epika hori sortzea garrantzitsua dela iruditzen baitzaigu gero atzetik gehiago sakondu ahal izateko, eta talde batzuk letra sakonagoak eta metaforaz beterikoak egin baditzakete ere, guk beste modu honetara egin nahi izan dugu», azaldu digu Manex Egaña bateria-jotzaileak.

Amaiurren bertan grabatu dute “Gaztelu beltza” kantuaren bideoklipa eta herritarren parte-hartzea handia izan da. «Lehendik ere oso identifikatuta daude Amaiurkoak bertan gertatu zenarekin, proiektu horretan duten inplikazioa eta egin duten lana sekulakoa izan baita gaur arte», kontatu du bere aldetik Anjel Rekalde historialariak. Ekainaren 2an estreinatuko da bideoklipa NAIZeko webgunean.

Bide berri batean «lehen saiakera» da hau Nabarralderentzat ere, aurrerantzean beste talde batzuekin ere lan egiteko prest agertu baitira Euskal Herriko historia zaintzen duten elkartekoak. «Zirrikitu hori zabaldu da eta aurrera egingo dugu bide horretatik, nola ez dakigu, baina jorratu beharreko arloa da», ohartarazi du Iñigo Gonzalez de Larramendik.

Transmisioaren garrantzia

Gazteek historiarekin duten interesaren inguruan ere mintzatu da Anjel Rekalde. «Nik uste dut historia oso garrantzitsua dela baina gaztea zarenean ez zarela konturatzen. Inguruko arazoak edo zure kezka propioak dituzu, hortaz gai hauetaz arduratzen direnak, normalean, edadekoak dira. Guk ezagutu dugu edadeko beste jende bat eta orain gu gara edadeko horiek. Dena dela, hemen garrantzitsuena transmisioa bermatzea da, hori da memoriaren gakoa eta landu beharrekoa», gaineratu du.

Brigade Loco taldea eta kaskamotz mugimendua, oro har, egiten dira halako ahalegin eta saiakerak memoriaren kontserbaziorako. Kontzientziatan eragiteko letrak dira eta gazteengana «edukia iristen dela» esan digu Lander Aznal taldekideak: «Gero edukiari gorputza ematea beste gauza bat da. Neurtzeko oso zaila den zerbait da, eta ez dakit gazteria duela 10-15 urte baino kontzientziatuagoa dagoen edo itzalita dagoen. Baina transmisio hori, gainazalekoa bada ere, bai ematen dela».

Gainazaleko transmisioa aipatu du Aznalek, eta Nabarraldeko Gonzalez de Larramendik xedea hori dela baieztatu: «Hazi bat ereitea da helburua. Argi dago gauza batzuetan sakontzeko adin batera iritsi behar duzula, baina horretara iristeko zimenduak lantzea garrantzitsua da.

Taldekideek ere gazteago zirenetik gaur egunera nabaritu dute aldaketa hori. «Gure ingurunera begiratu besterik ez dago horretarako. Taldeek halako gaiak geroz eta gehiago jorratzen dituzte eta, esaterako, Amaiurreko konkistaren inguruko abesti bilduma bat egiteko asmoa dago, hamar, hamabost, hogei, ez dakit zenbat talderekin. Hor ikusten da jendeak interesa baduela eta kontzientzia badela», aipatu du Oier Aperribai musikariak.

Hamar urtetik hona aldaketa hori ere sumatu dute Nabarralden, eta Rekalderen hitzetan «gero eta argiago dago gure herrian euskaldunen historia Nafarroan egon dela. Egun Baionan edo Bilbon, hirietan egongo bada ere, baina argi daukagu aurrekoa Nafarroan egon zela. Gero beste faktore batzuk ere badaude, baina Amaiurko gaia oso egokia eta garbia da. Epikoa den istorioa da, beren herria garbiki defendatu zutenen historia kontatzen delako».

 

Jaurlaritza Logoa