En direct
Bi proiektu berri eta aspaldiko baten itzulera ekarri dizkigu aste honetan Jon Eskisabel kazetariak ‘Badok’ tartera.
Proiektu horietako bat aurkeztuz hasi da bildutako uzta aurkezten Eskisabel, Mainlander proiektu berria. «Musikan arituak diren arren aurretik ere, Mainlander talde azpeitiarra proiektu berria da. Sufrimenduaren inguruan idatzitako zazpi abestiz osatutako lana, estilistikoki katalogatzen zaila dena. Aipatu Gaztelupeko Hotsak zigiluarekin atera dutela eta aspaldian ez genuela diskoetxe honetatik pop edota rock doinuak jorratzen zituen talde baten diskorik jaso», esan du Eskisabelek.
Informazio askorik ez duen Bihar proiektua izan da bigarren tokian aurkeztu duena. «Proiektu pertsonal baten aurrean gaudela dirudi daukagun informazio apurragatik. Hiru kantu aurkeztu ditu eta horietatik bat Jurgi Ekizarekin batera egindako ‘Demain’ izan da. Elementu elektronikoak, saxofoia, euskara eta frantsesaren erabilera… Ikusi beharko dugu zer ekarriko duen, baina lagina interesgarria da inondik ere», dio lasartearrak.
Bukatzeko, Xutik taldearen itzulera kontatu digu Badok atariko arduradunak: «Zpeiz Mukaki deituriko elektrotxarangatik sortutako taldea da Xutik, Hendaian, 2008an. Disko batzuk atera zituzten hasi eta gutxira, baina 2015ean azkena atera zutenetik nahikoa isilean egon da talde lapurtarra. Orain, ‘Kantu berrien azalean’ izenekoa atera dute eta aurreko estiloetatik jarraitzen du edaten taldeak: rocka, reggaea, ska… Festa girora eramaten gaituen musika egiten du Xutikek».
Hauek dira, berez, Jon Eskisabelen aste honetako hiru kantuak:
– Mainlander - Esterminioa
– Bihar ft. Ekiza - Demain
– Xutik - Kantu berrien azalean