En direct

Peru Atxa

Goroldio eta Islabat taldeak aurkeztu dizkigu Jon Eskisabelek ‘Badok‘ tartean

Atzera begirada Mursegoren eskutik etorri da, kazetari lasartearrak Lourdes Iriondoren abesti bati eibartarrak egin dion bertsioa ekarri digu-eta.

Audio_placeholder

Goroldio eta Islabat taldeak aurkeztu dizkigu Jon Eskisabelek ‘Badok‘ tartean

Loading player...
Goroldio taldeak estreinako diskoa kaleratu du 2022an, ‘Briofito’.
Goroldio taldeak estreinako diskoa kaleratu du 2022an, ‘Briofito’. (GOROLDIO)

Urtea ez zen erritmo txarrean hasi disko berrien kaleratzearen inguruan baina hilabete honetan gora egin du nabarmen kaleratu den disko kopuruak. «Martxoan argitaratzeak garrantzia handia hartzen du, produkzioaren erritmo beti azkartzen da. Aurtengo martxoa oso beteta dator, hilabete honetan disko ugari argitaratuko direla badakigu, talde ezagunek izango dute tokirik, baina talde berriek ere beren lan interesgarriak argitaratuko dituzte», aipatu digu Jon Eskisabelek.

Aste honetan beren diskoa argitaratuko duten bi talde berri aurkeztu dizkigu Badok atariko arduradunak eta Goroldio taldea da izan da proposatutako lehena: «Nafarroan sortutako proiektua da, Baztan, Bidasoa eta Xareta inguruetatik. Proiektu berria izan arren, taldekide batzuk ezagunak direla esan dezakegu, Kaskezur taldeko Iñigo Beltzunegi eta Imanol Zubieta daudelako besteak beste Goroldio taldean. ‘Briofito’ izena duen lehen diskoa Atala estudioan grabatu dute Iñigo Irazokiren eskutik eta beren letrak kritika soziala dute ardatz. Baztan inguruko problematikaren inguruan ere hitz egiten dute, Aroztegiko aferari buruz kantatu dutelako eta ukitu kritikoa oso nabaria da orokorrean. Kaliforniako 80.hamarkadako punk rock doinuak antzeman ditzakegu baina lehen esan bezala, letrak beste alde batetik doaz. Zenbait kontzertu eskaini dituzte dagoeneko baina beren lagunentzako soilik izan dira eta disko hau zuzenean ondo aurkezteko gogoz da taldea».

Islabat taldea izan da Jon Eskisabelek ekarritako bigarren berrikuntza: «Aste honetan ezagutu dudan taldea izan da, Bilbon eskainitako aurkezpen kontzertuaren ondorioz izan dut haien berri. HH bezalako taldeetan aritu den Asier Olabarrieta musikaria da proiektu honen arima eta berarekin batera, Aitzol Mujika, Jesus Jimenez eta Andoni Alonsok osatzen dute taldea. Diskoa, Josu Ervitirekin grabatu dute Drum Groove estudioan eta, oraindik kalean ez dagoen arren, hilabete honetan ikusiko du argia. ‘Gainezka’ izena duen aurrerapen kantua aurkeztu du taldeak eta txura ona hartzen diot, pertsonalitatea duen taldea iruditzen zaidalako. Silvia Hernandez eta Goizane Aizpurua ageri dira kolaboratzaileen izenen artean, baita Ni proiektuko Xabier Agirre eta Amorante ere. Jadanik bi kontzertu iragarri ditu taldeak, alde batetik, martxoaren 19an Bergarako Seminarixoan, eta, bestetik, martxoaren 27an Elgoibarko Kultur Etxeko Sotoan».

Bertsio batekin bukatu du musika-kazetari lasartearrak aste honetako tartea: «Mursego musikariak ‘Lokatza’ podcast feministarentzat egindako sintonia argitaratu dute martxoaren 8an bueltan, ‘Hala Ere’. Lourdes Iriondoren klasiko baten moldaketa da, hainbat bertsio dituena. Abesti aski ezaguna da eta Lourdesek jarri zion doinua, gaur Mursegok bere eremura eraman du, bertsio interesgarri bat sortuz».

Hauexek dira, beraz, aste honetako hiru proposamenak:

– Goroldio - Elizak hustuz doaz

– Islabat - Gainezka

– Mursego - Hala ere