Zuzenean
«Asko sufritu nuen garai hura; gaurko begiradatik, oso ondo etorri zitzaidala uste dut»
Ito eta kito, biak ditu bere baitan Islabat proiektuaren ‘(K)ito’ diskoak. Disko kontzeptuala da Asier Olabarrieta bilbotarrak egin duena, nahiz eta talde moduan aurkezten duen egin duen guztia. Silvia Hernandez eta Josu Erviti izan ditu grabaketetan ondoan eta MusikHaria saioan aurkeztu digu.
«Asko sufritu nuen garai hura; gaurko begiradatik, oso ondo etorri zitzaidala uste dut»
Lehendabiziko galdera, zer moduz zaude?
Ondo, hilabete hauek ez dira errazenak niretzako baina ondo, oporrak hasteko desiatzen.
(K)ito deituta diskoa, zuk aurkezterakoan nola diozu deitzen dela?
Nik kitto esaten dut, niretzako diskoa bukatu da. Baina badauka kontzeptualki lotura eta izenburuak oso ondo azaltzen du zer gordetzen duen bere baitan.
Noiztik ari zinen lan honekin bueltaka?
Buruan aspalditik. Nire idea zen abeslari bat topatzea eta talde formatuan lantzea, baina azkenean nik egin dut ia-ia dena. Horrela izan da eta horrela bukatu da. Urte asko neramatzan soinu aldetik gauzak lantzen eta azken urteotan bukatu dut dena.
Badirudi hasieran kontatzen den istorioa kostaldetik barrura doan norbaiti buruz ari dela, olatuek eramaten dutela diozulako. Baina zu Bilbon bizi zara eta Elgoibarren bizi zara, hartara, olaturik ez Bilbon.
Laster jarriko dugu hondartza ere, kar-kar. Azkunarekin dagoeneko jarrita egongo zen baina orain akaso ez.
Diskoan behin eta berriz dagoen sentsazioa da itotzearena. ‘(K)ito’ kantuan zer da itolarria sortzen duena, atzera begira jartzeak?
Disko guztia nik duela 10-12 urte bizi izan nuen egoera larri bati buruz dabil hizketan. Aldaketa asko izan nituen nire bizitzan eta, bat-batean, nire buruarekin gaizki aurkitzen hasi nintzen, lo egiteari utzi nion… Garai hartako sentsazio asko elkartu eta disko bat osatzea izan da nire nahia. Garai hartan bizi izan ditudan gauza potenteak gero idatzi izan ditudan kantuekin lotu nahi izan ditut eta horrela sortu da diskoa.
Kantu hau atmosferiko samarra da, zarata batzuk badira izurdeak edota baleak bailiran. Soinu aldetik zein zen helburua, kontatzen ari zinenarekin kontrastea egin eta ez hain itota sentiaraztea entzulea?
Guztiari testuingurua ematea zen gauza. Itsasoaren kontzeptuarekin lotzeari eman diot garrantzia eta hor Unai Villenak asko lagundu dit hitzak idazterakoan-eta. Intro kontzeptual moduan sortu da kantu hau, zinema munduan trailerrekin eta egiten den moduan.
Behin baino gehiagotan entzuten da halako arnasestu baten soinua. Zer da, susto bat edo itolarria?
Susto batek ematen duen itolarria, esplizituki. Nire buruarekin sekulako sustoa eraman nuen bere garaian, zurrunbilo ilun eta sakon batean sartuta nintzela ohartu nintzelako. Itota sentitzen nintzen uneoro.
Horregatik segidan datorren kantuaren titulua?
‘Gainezka’ kantua da eta ez du denbora gehiegi. Bada kanturen bat, ‘Norbera’, duela 20 urte abiatu zena riff batetik.
Metalaren eta black metalaren eraginak baditu ahotsean, baina erritmikan post-rockean kokatzen dela esan daiteke.
Niri betidanik gustatu izan zaizkit post-rock edota post-hardcore erritmoak. The Mars Volta esaterako betidanik sekulako erreferentzia, eta Josuri esan nizkion zeintzuk ziren nire erreferentziak. Egiari zor, bateria lineak ere bidaltzen nizkion, baina gero berak bere modura jotzen du.
Grabaketak Josu Ervitirekin egin dituzu.
Tira, grabatu berez nire etxean egin nuen. Ezin nintzen estudio batetara mugitu pandemian ginelako, beste ekoizle bat nuen hasieran buruan baina datekin ezin izan genuen ados jarri eta kasualitatez Josu Ervitiren berri izan nuen. Oso profesional eta langilea den pertsona da eta uste dut sekulako zortea izan dudala. Hori bai, nahastearen eta horren guztiaren ardura ere berak hartu du.
Berriz ere abestira itzuliz, ‘Gainezka’ kantuaren bukaeran kotxe batetara sartzen zara. Egoerak ihes egitera bultzatzen gaituela irudikatuz edota hurrengo kantuaren preludio moduan entzuten dira keinukariak?
Izatez hirugarren kantuaren preludioa da, baina diskoa kontzeptuala dela izan behar da kontuan. Hau da, diskoa jarraian entzutea da ideia eta mozketak, bada, ahal diren txukunen egiten saiatu gara.
Segidan datorren ‘Eten etengabea’ kantuan ahotsa modu berezian tratatu duzue. Gau txarra pasa eta lanera joan behar duzun unea etortzen zait burura, horra bidaiatu dut.
Insomnioa bizi dugun jendearentzat egunerokotasuna konplikatu egiten da. Garai hartara arte ondo egiten nuen lo eta une horretatik aurrera dena aldatu zen. Egun batean lorik egin ez eta hurrengoan ere ez. Eta kotxean lanera joan etorrian ibili behar, sekulako arriskua sortuz. Horra jausten zara eta nora zaramatzan konturatzea zaila izaten da, denborarekin ikusten duzu zer nolakoa zen nire bizimodua.
Diskoa nabari da atzera begira egindako lana dela, terapia moduko bat izan da zuretzat edota deseroso sentiarazi zaitu une batzuetan?
Niretzako behar bat zen. Bere garaian terapia egin nuen eta eskerrak, hortaz dena beste modu batetara ikusten dut dena. Egoera horrek asko eragin zidan bizitza, nire ikuspegia aldatu zuen eta asko sufritu nuen garai hura, gaurko begiradatik, oso ondo etorri zitzaidala uste dut. Hortaz, zauriak ixteko eta aurrerapausoak emateko balio izan dit. Hori bai, une gogor batzuetara eraman naute eta kasua ezagutzen dutenei ziurrenik ere bai. Niretzako beharrezkoa zen eta egin dut.
Beste batzuei buruan klik bat egiteko ere balio dezake orain.
Hori da! Gai horiek beti dira hain ezkutuan gordetzen direnak, ongi dagoela azaleraztea ere. Sozialki beti une onak bizitzen ari gara eta gauza txarretarako ez gaude prest eta ez dugu hitz egiten horri buruz. Eta, nire ustez, hitz egin behar da horren inguruan ere. Pandemian ohartu nintzen garai hartako hainbat gauza berriz ere bizitzen ari nintzela, beste modu batera izanda ere, eta jende asko antzera bizitzen ariko zela uste nuen. Bizitza une batetik bestera aldatu zitzaigun eta ez dakizula noiz itzuliko den normaltasunera, hortaz, diskoak ere badu nolabaiteko lotura azken urteotako egoerarekin.
Liburuxkako zuriaren eta beltzaren arteko kontrastea ere ez dut uste kasualitatez emango zenik.
Propio bilatua izan da, jakina. Disko honetan dena nik egin dudala esan daiteke eta ez dut ondo eramaten protagonismo hori. Abesten ere disko honetan hasi naiz eta kanpoko jendea behar nuen. Dena beltzez dago eta orriialde zuri horretan kanpoko baten esanak sartzen dira, kontrastea horregatik dago bilatuta.
Protagonismo horretatik urrunduz proiektuaren izena bere ere. Isla bat edo Islabat esan behar dugu? Zure buruaren isla delako edo beste nonbaitetik dator?
Dena jarraian, Islabat da. Baina islaren kontzeptua lagun bati komentatu nion eta gustatu zitzaigunez, horrela geratu da. Askotan izenak erdi kasualitatez edo sortzen dira. Gauza da Isla jarriz gero ez zaituela inork ere topatuko eta Islabat jarrita, errazagoa dela, hortaz, hori ere badago.
Diskoko kantuek ere badute epizidade puntu bat. Lehendabizi doinuak sortu dira eta gero hitzak edota nola sortu dira abesti hauek?
Normalean musikatik abiatzen naiz. ‘Gainezka’ adibidez hasi nintzen Goizaneren poesia zati batekin eta gero eman genion forma guztia. Baina orain hasi naiz letratik abiatuta kantuak sortzea eta gogoko dut, berria da, ahotsik gabe eta letrarik gabe egin izan ditudalako abestiak orain arte.
Letristak ez dira bat eta bi izan, gehiago ere egon dira tartean.
Bai bai, Unai Villena eta Aitor Gomez gertukoak nituen, Unairen letrak izatea nahi nuen gehienak baina ezin izan da. Nire anaia, Goizane… nire lagunei laguntza eskatuz sortu dira hitzak. Nire istorioa kontatu eta joan gara abestiak eraikitzen.
Ingurukoen babesaren eta onespenaren beharraz hitz egiten du ‘Isilune’ abestiak. Hala ere, babes hori eskatzea asko kostatzen zaigu, bizitzan itotzen gaituen beste momentu bat.
Bai, ezkutuan eramaten duzun momentua gaizki zaudenean. Beti galdetzen dugu edo galdetzen digute ea zer moduz gauden, eta gaizki zaudenean asko eragiten dizun galdera da. Blokeatzen nintzen egoera horien aurrean.
Kanturen batean atentzioa eman dit, batez ere honetan, ‘Isilune‘ abestian, tinbalek egiten dituzten hainbat jolas eta soinuengatik. Kasu honetan, hori guztia zuk Josuri iradoki zenion edota bere ekarpena izan da?
Abesti honetan justuki, nik oso erritmo arraro bat pasa nion Josuri. Gero beste bertsio bat ere pasa nion, zaharragoa zena. Azkenean esan zidan, «begira, nahi dudana egin dut», eta niri gustatu zitzaidanez, bikain iruditu zitzaidan.
Bakardadea bere purutasunean kontatzen diguzu ‘Bakarri gaur’ kantuan. Musikalki post mugimendukoa, epikoa eta hunkitzen duena da.
Jende askok aipatu didan zerbait da azken hori eta, jendeak badio, izango da.
Orain jendearekin batu, taldearekin alegia, eta jendaurrera ateratzeko garaia izango da noski. Kontzerturik begi bistan?
Orain, abuztua bukaeran, Elgoibarko jaietan, emango dugu kontzertua gazteen egunean. Gero abenduan Bilboko taberna batean izango da lotuta dugun hurrengoa. Gauza gehiagorekin ere ari gara lanean, poliki-poliki, erritmo egokian.
Saturatzea ez da komeni, bestela berriz ere gainezka egin daiteke.
Dosifikatzea, hori da urte hauetan ikasi dudan gauza garrantzitsuenetakoa. Guk egiten dugu dena eta ez baduzu horrela hartzen, gainezka egin dezakezu.
Diskoa kontzertuetatik aparte eskuratzeko modurik bada?
Izatez bandcamp orrialdetik dago horretarako aukera eta bestela www.islabat.net orrialdean sartu eta bertatik ere iritsiko zaigu eskaera mezua.
Gozatu bideaz eta ez dadila azkena izan.
Eskerrik asko, Iker.