En direct

Amaia Zurutuza / Ainara Rodriguez

«Gainkostu bezala ikusten da autismoa, ez aberasgarritasun bezala»

Aintzane Muguruzaren etxean aspalditik elkarbizi dira autismoarekin. Semeak 3 urte zituela jaso zuten behin-betiko diagnostikoa, eta ordutik «lezio konstantea» bizi izan dute. Autismoaren Nazioarteko eguna igarota, mezu argia zabaldu nahi izan du: «Bat gehiago dira, ez zaie beldurrik izan behar». 

Audio_placeholder

«Gainkostu bezala ikusten da autismoa, ez aberasgarritasun bezala»

Loading player...
Iruñeko autismo eskola, artxiboko irudi batean ( Iñigo URIZ / FOKU)
Iruñeko autismo eskola, artxiboko irudi batean ( Iñigo URIZ / FOKU)

«Eneko oso konziente da bere autismoaz. Nahiko harroputza da, esan nahi dut ez duela konplexurik gutxiago denik... berak badaki azkarra dela, gauzak erraz ikasten dituela, eta hori asko baloratzen du. Baina kontrara, harreman galerak pena handiz bizitzen ditu: eskola utzi behar izan duenean eta lagunak galdu dituenean, min handia sentitu du». Edozein neraberentzat bezala, lagunak gauza garratzitsua dira, «gazte hauentzat ere bai», bere ama Aintzane Muguruzak dioenez. 

Bere etxean aspaldian elkarbizi dira autismoarekin. Enekok 3 urte zituenean jaso zuten behin-betiko diagnostikoa, nahiz eta amak aspaldian igarri zerbait ez zela «ohikoa» semearengan: «Ikusten nuen bere portaera ez zela nik espero nuena, ez zuen asmorik erakusten beste umeekin harremanak sortzeko, eguneroko egoeretan jarrera bereziak agertzen zituen...». Harremantzeko modua, horixe izaten da pertsona autistengan, behar bada, gehien bereizten den ezaugarria; uste denaren kontrara, Muguruzaren ustez «harremantzeko gogo handia izaten dute» pertsona autistek, nahiz eta momentu batzuetan «espero dugun jarrera beharrean, ezberdina izaten duten». 

Ikusgarritasun beharra

Ikusgarritasuna bada gaitz honek behar duen faktoreetako bat normalizazioaren bidean, baina horretarako badira gainditu beharreko hainbat langa, eskolakoa esaterako: «Enekok baditu nahikoa gaitasun hitz egiteko, irakurtzeko... baina bere portaera tarteko, 14 urterekin eskolatik irten behar izan zuen. Horrek etena suposatu du berarentzat; besteok kuadrila eskolan sortu badugu, berarentzat ezinezkoa da». Pertsona autistek eskolan jarraitzeko baliabideak falta direla uste du Muguruzak, ekonomikoak baina baita trebakuntzakoak ere, baina arazoa da «gainkostu bezala ikusten dela, eta ez elementu aberasgarri bat moduan». 

Horren aurrean zer egin beharko genukeen galdetuta, Muguruzak argi dio «ezberdintasunak badaudela» ulertu behar dugula: «Jende ezberdina dago gure artean, bizitzeko aukera berdinak izan behar dituenak. Ulertu egin behar dugu hor daudela, beldurra galdu eta ezagutu egin behar ditugu». «Ezberdintasun guztien aurrean sentitzen dugu beldurra», dio Enekoren amak, baina «eskubidea dute hor egoteko... Non daude bizikidetza arauak malgutzeko aukerak?»

Autismoa duten pertsonek «irakaspen, lezio ugari» ematen dituztela dio Muguruzak, beharbada ikasi beharko genuke gehiago haiengandik. Berarentzat, behintzat, «oso aberasgarria» ari da izaten Enekoren ama izatea. 

 

Jaurlaritza Logoa