En direct

NAIZ Irratia

«500 urteren ostean hemen gaudela aldarrikatuko dugu, oztopo guztien gainetik»

Aberri Eguna gertu dela, Amaiurretik 500 urtera Euskal Herrian oraindik ere «herri bat badela» dio Izar Hernando EH Bilduko gazte idazkariak. Pandemia osteko erronkei, gazteek bizi duten «prekarietateari» kasu, «herri akordioekin» eta «ikuspegi estrategikoarekin» erantzun beharraz mintzatu da.

Audio_placeholder

«500 urteren ostean hemen gaudela aldarrikatuko dugu, oztopo guztien gainetik»

Loading player...
Iruñean ospatutako Aberri Egun baten artxibo irudia. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
Iruñean ospatutako Aberri Egun baten artxibo irudia. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Amaiurko gatazkatik, Nafarroako Erresumaren azken erresistentziatik, milurteko erdia igaro den arren, orduan bezala gaur egun ere, herri bat bizirik jarraitzen duela aldarrikatuko du EH Bilduk Aberri Egunean. «500 urteren ostean hemen gaudela aldarrikatuko dugu, oztopo guztien gainetik» adierazi du Izar Hernando EH Bilduko gazte idazkariak. Halako egun berezian, atzera begirakoa egitea derrigorrezkoa den arren, Hernandok azaldu duenez, koalizio abertzaleak efemeridea hau «aurrera egiteko» baliatu nahi du. Finean, apirilaren 17an Iruñean ospatuko duten Aberri Eguna, «ezkerreko subiranista, abertzale eta euskaldun guztiak batzeko une bat» izatea nahi dute, EH Bilduko ordezkariaren arabera.

Ikuspegi sozioekonomikotik, une zailean dator aurtengo Aberri Eguna. Pandemiaren ondorioak hortxe daude oraindik, krisi energetikoa eta azken hau areagotu duen Ukrainako gerra. «Atsekaberako arrazoiak badauden arren», garai zailotan, burujabetza posible izateaz gain, inoiz baino beharrezkoago dela ere ziurtatu du Hernandok, «herri honek erakutsi du autoantolatzeko gaitasuna». Uste du Hernandok Euskal Herriko tokiko erakundeek eta batik bat udalak direla burujabetasunerantz urratsak ematen ari direnak, besteak beste arlo energetikoan.

Baina udal administrazioez harago, maila gorengoan ere euskal eredua indartu beharraz hitz egiten du EH Bilduren ponentzia politikoak. «Herri honek herri akordioak behar ditu aurrean ditugun erronka potolo horiei aurre egiteko eta ez partxeak» azaldu du Hernandok. Horretarako «aliantzak zabalak» eratzearen alde egiten du, «ikuspegi estrategikoarekin».

Euskal Herriak dituen erronka nagusien artean, gazteek bizi duten «prekarietatea» aipatu du Hernandok. «Positiboki» baloratu du adibidez osasun mentala lehen lerroan jarri izana, baina dio ikuspegia zabaltzea beharrezkoa dela sakoneko arazoei erreparatzeko. «Gutxi dira bizitza proiektu autonomo bat garatzeko gaitasuna duten gazteak. Nik uste dut horri begiratu behar zaiola», ondorioztatu du Hernandok.

Jaurlaritza Logoa