En direct

«Maiteminduta nago euskararekin eta gustora etortzen naiz egunero klasera»

Zergatik erabakitzen du herritar batek euskaltegira joatea? Arrazoiak askotarikoak dira, noski, baina badira errepikatzen diren hainbat. Amurrioko euskaltegiko hainbat ikaslerekin izan gara.

Audio_placeholder

«Maiteminduta nago euskararekin eta gustora etortzen naiz egunero klasera»

Loading player...
Amurrioko AEKko ikasgela bat
Amurrioko AEKko ikasgela bat (Naiz Irratia)

Seme alabak edukitzeak eramaten ditu asko euskara ikasi edo hobetu nahi izatera. Robertok ikusi zuenean haurrek euskaraz idatzitakoa zuzentzen ziotela euskaltegira joatea erabaki zuen. Beak ere umearekin euskaraz hitz egiteko nahia du, baina baditu bestelako arrazoiak ere euskaltegira joateko, hizkuntza polita iruditzen zaio euskara, oposaketak egiteko asmoa du eta herritarrekin euskaraz hitz egin nahi du. Edurnek 12 urteko semeari etxeko lanak euskaraz egiten lagundu nahi dio. Baina euskara beti izan du presente etxean eta «ondo hitz egiteko» helburuz joan zen euskaltegira. Arantxak gure hizkuntza delako ikasi nahi zuen euskara, baina orain seme alabei laguntzeko ere hobetu nahi du maila. Ekain, Eneko eta Borja 18 urteko gazteek lan munduan murgiltzeko euskara tituloa eskuratu nahi dute. Asmo berdinak eraman zuen euskaltegira Aritz, baina 25 urte gazte honek aitortu digu hizkuntzara hurbildu ahala euskararekin maitemindu egin dela. «Hasi nintzen lanpostu askotarako eskatzen dizutelako euskara baina klaseak pasa ahala ikusi dut zein bitxia eta politika den gure hizkuntza eta maiteminduta nago orain, egunero gustura etortzen naiz klasera».

Euskara ikasteko eta hobetzeko prozesuaz, Robertok Amurrioko euskaltegiko giro bikaina nabarmendu du, baita irakaslearen aldetik jasotzen duten laguntza handia ere. Euskaltegian ezagututako pertsonekin gainera, era naturalean, euskarazko harremana sortzen dela baieztatu du. «Erraztasuna ematen dizute hemen, daukagun irakaslea izugarria da eta giroa oso ona. Eta ikasleak kalean ikusten geraneaneuskaraz egiten degu, niretzat hori da politena, ez dugu erdaraz pentsatzen, harremana euskararekin egiten dugu hasieratik». Edurneri, berriz, kosta zitzaion euskaraz hitz egiten hastea. «Nere gurasoek bizkaieraz hitz egiten dute eta kostatu zitzaidan batura aldatzea baina pozik nago eta gainera euskaltegian errazagoa da euskara ikastea, asko laguntzen digute».

Euskara zabaltzen

Amurrion euskara gero eta gehiago entzuten dela diote euskaltegiko ikasleek. Robertoren esanetan «txikia zenean ez zen ia euskararik hitz egiten» baina azken urteetan egoera «izugarri» aldatu da. Azaldu du bera txikia zenean jarri zela martxan Amurrioko ikastola eta bertan ikasi zuten askok ez ziotela euskarari eutsi baina «umeak edukita zerbait piztu zaigu eta gehiago hizt egiten dugu». Edurne Amurriora bizitzera joan zenean «ez zuen inork euskaraz hitz egiten baina gaur egun jende pila batek eta hori pozgarria da». Bearentzat zinez interesgarria da herrian euskarazko kultur nahiz bestelako ekimenak antolatzea, «eskertzekoa da».

Gazteak dira baikorrenak euskararen erabilerari dagokionean. Ekainen esanetan asko erabiltzen da kalean, «ez beti, baina beste lekuetan baino gehiago». Enekoren hitzetan Amurrio «Espainiatik hurbil egon arren» euskara nagusi da eta gazteen artean kalean asko entzuten da.

Jaurlaritza Logoa