En direct

Peru Atxa

Sofa taldearen itzulera iragarri digu Iker Bárbarak ‘Zarata’ tartean

Zuzenekoak abiada hartzen ari diren honetan udaberriko loraldia ere oparoa izaten ari da. Horren adibidea da Iker Bárbarak ekarri digun azken hautaketa.

Audio_placeholder

Sofa taldearen itzulera iragarri digu Iker Bárbarak ‘Zarata’ tartean

Loading player...
Eñaut Gaztañagaren estudioan grabatu du lan berria Sofa talde zarauztarrak.
Eñaut Gaztañagaren estudioan grabatu du lan berria Sofa talde zarauztarrak. (SOFA)

Asteburu indartsu eta intentsitate altukoa izan da azkena kontzertu aldetik eta, horrez gainera, sorkuntzak etenik ez duela aldarrikatzen hasi dira taldeak: «Talde asko hasi dira beren proiektuak kaleratzen, egoera hobera doala dirudielako eta horrek asko laguntzen du. Azkeneko asteburuetan kontzertuak ikusteko plan ugari izaten ari dira eta aukeratzea zaila egiten zaidala esan behar dut», aipatu digu Iker Bárbarak.

El Columpio Asesino taldearen itzulerarekin hasi du asteroko ‘Zarata’ tartea: «Azken disko oso berezia kaleratu duen taldea da, soinu elektroniko eta sintetizadore askorekin eta berria ere bide beretik joango dela dirudi. Talde honen letrak oso landuak izan dira beti eta hitzen mezuak oso esanguratsuak direla esan dezakegu, metafora asko sartuz. Taldeak izugarrizko maila du, kalitate handiko lanak sortuz. Batera urte asko daramatzate eta, beren adinarekin, entseguak eta birak egiteko denbora ateratzea zaila izaten den arren, aurrera jarraitzen dute».

Las Selvas taldea izan da kazetari bilbotarraren bigarren proposamena: «Talde gazte honek, bost urte daramatza musika sortzen eta hasieran single pare bat argitaratu zituzten arren, duela urtebete beren lehen EPa kaleratu zuen taldeak. Oraingoan ‘Nausea’ izena duen single berria aurkeztu dute, beren Californiako surf estiloaren doinuz bustita. Aurreko abesti gehienak edo ia dena ingelesez abesten zituzten, oraingoan, gazteleraz idatzitako lehen abestia bideoklip batekin argitaratu dute ordea. Talde honen musika poperoagoa zelakoan nuen buruan eta gitarraren soinu rockeroa entzutean, asko harritu naiz».

Bueltan datorren Sofa taldearekin jarraitu du Iker Bárbarak tartea: «Zarautzen sortutako talde honek hamar urte betetzen ditu aurten eta beren urteurrena ospatzeko, apirilaren 8an hirugarren diskoa kaleratuko dute, ‘Krispetak’. Sorpresa ugarirekin datorren taldea da. Alde batetik, orain arte talde instrumental bat izan arren, lan berri honetan ahotsa sartu dute beren abestietan, eta, bestetik, Gaztain estudioan grabatu dute disko berri hau Eñaut Gaztañagaren eskutik, Bonberenea Ekintzak eta BCore zigiluen babesean kaleratuz. Lan berri honetan, Sofa berri bat ikusteko aukera izango dugu, soinu eta letren aldetik batez ere».

Tarteari itxiera emateko, beren lana Bonberenea Ekintzak zigiluarekin argitaratuko duen beste talde bat, Dena, proposatu digu Iker Bárbarak: Ondarroan sortutako talde gaztea da Dena, 17-19 urte dituzte taldekideek. Harrigarria iruditzen zait, hain gazte izanik hirukoteak jorratzen duen musika estiloa eta bakoitzak duen jotzeko modu egokia. Duela bi urte, 2020an, aurkeztu zuten beren lehen diskoa eta oraingoan bigarrena kaleratzekotan den honetan, ‘Mugadun hutsune’ izena duen lehen aurrerapen abestia kaleratu du taldeak. Erritmo bereziak jorratzen ditu hirukote honek, rock-a eta post-hardcorearen bueltan. Trebetasun handia duten musikariak dira eta bigarren diskoa izanik, izugarrizko etorkizuna duen taldea dela esan dezakegu».

Hauek dira, beraz, aste honetako lau abesti hautatuak:

– El Columpio Asesino - La niña chica

– Las Selvas - Nausea

– Sofa - AlegrergelA

– Dena - Mugadun hutsune