En direct
Esaera batek dio bizitza ederregia dela makurturik emateko. Baina nola eutsi bizitza oso bat makurtu gabe, horrek dakartzan ondorio guztiekin? Aste honetako elkarrizketatuak ederki daki ondorio guzti horiez; ametsak gauzatzeko ahaleginen prezioaz. Izan da atxilotua, kartzelaratua, erasotua, jipoitua, jazartua… baina zutik eutsi dio beti. Gure historia garaikidearen lekuko eta hainbatetan protagonista izandakoa, herri hau hilzorian egotetik patuari aurre egiteko hautua egin zuen urrezko belaunaldi baten parte da. Aste honetako saioan, Itziar Aizpurua Egaña izango dugu gurekin.
Martxoaren 8aren harira elkarrizketatu zuten NAIZ Irratiko mikrofonoetan. «Gaur 53 urte izan ginen atxilotuak. Gogoan dut orduan martxoaren 8a ez zela ospatzen. Pauso handia eman da maila horretan eta pozik nago. Orduan feminismoa praktikara eramaten genuen, baina ez genekien feminismoa zenik», baieztatu du.
Emakumeek kartzelan pairatzen dutena ere azaleratu nahi izan du izan ere «badakigu saiatuko direla alde guztietatik min ematen» eta horren eredu jarri du oraindik espetxean dauden 27 emakumeak barreiatuta egotea, baina hau ere aspalditik datorrela nabarmendu du. «Gogoan dut bi dutxa 20 emakumerentzako genituela. Beste batean nire gorputza eta ontziak toki berean garbitu behar nituen. Animaliak bezala tratatu gaituzte. Ez gara pertsona bezala tratatuak izan». Hala ere, argi utzi du, «damua ez. Harrotasuna emakume izateagatik, abertzalea izateagatik eta ezker abertzalekoa izateagatik».
Damua izan du mintzagai, behin baino gehiagotan. «Ez dakit zeren damua behar den eta zergatik tematzen diren horretan. Herri batekoak gara, Euskal Herrikoak. Gure herriaren alde borrokatu gara eta borrokatuko gara, libre izan arte, gure eskubideak izan arte, gure buruaren jabe izan arte».
«Onartzen dut», jarraitu du. «Samina sortu dut eta kalte eta albo-kalteak sentitzen ditut. Baina nik nire bidea jarraituko dut. Eta bide hori jarraitzea ez duenari nahi samina emango badiot ere, egingo dut. Ez dugu atzera pausorik emango», adierazi du, ezker abertzalearen Urriaren 18ko Adierazpena zentzu horretan kokatuz.
Denbora honetan emakumeak borrokan eman duen aurrera pausoaz ere «harro» agertu da. «Emakumea altxa egin da eta oso pozik nago horrekin. Ez da damutu emakume izateagatik. Harro gaude. Gure aurka ez dira aterako ixilik egon behar garela egonen». Eta, era berean, azpimarratu egin du «gizona ere zanpatuta» dagoela, «ez dela libre».
Presoak, «bahituta»
Duela mende erdi baino gehiago atxilotua eta Burgosko prozesuan epaitua izan zen Aizpurua. Egoera ez dela hainbeste aldatu iritzi du. «Burgosko prozesuan gerra presoak ginen. Momentu honetan ere badira. Gerra ez da bakarrik lubaki batean tiroka egitea. Une honetan gure herria gerran dago. Bahiturik dituzte gure preso guztiak», adierazi du.
Presoen auzia oraindik konponduta ez egotearen arrazoiak argi ditu debarrak. «Badakite zer samin, hutsune eta behar sentitzen dugun». Horren aurrean, «maila guztietako borroka eta lana» aldarrikatu ditu, «instituzioetan, kalean, lantegietan, ikastetxeetan, baita gure arteko eztabaidetan, beti aurrera begira».
Horregatik, bere «poz handiena» irudikatzerakoan, preso-ohi guztiak elkarrekin mobilizazio batean irudikatzen ditu, denak libre. «Lehenbailehen», eskatu du.
Horrez gain, astero bezala, preso ohi batek gatibu zela idatzitako altxor bat partekatuko du entzule guztiekin eta presoentzako zorion eta agur mezuak ere izan ditugu, Euskal Herritik ezezik nazioartetik ere jasoak.