En direct
Ostegunero legez, MusikHaria saiora etorri zaigu Izkander Fernández. Aurrekoan, ‘When we were young’ jaialdiaren inguruan hitz egin ondoren, oraingoan ere beste jaialdi asko daudela azaldu digu: «Gaur egun, pandemiaren ondorioz, berrikuntza asko izan dira emanaldien inguruan eta Mexiko inguruan, gurutzaontzietan izaten ari dira kontzertuak». Horrez gainera, neguko jaialdiak geroz eta gehiago dira, adibidez, Baqueira-Beret eski estazioan Polar Sound jaialdia edota Tomorrowland jaialdiaren neguko bertsioa Alpe D'Huez-ko pistetan. «Pandemiatik poliki-poliki irteten ari gara, areto eta kartel askotan nabaria izaten ari da. Horren adibide bat da Bilbon udan izango diren makro-kontzertuak, San Mamesen egingo den Metallicaren kontzertua barne», gaineratu du lemoaztarrak.
Talde desberdinen abestien proposamenak ekarri beharrean, oraingoan My Morning Jacket taldearen etapa desberdinen inguruan hitz egin du Izkander Fernandezek: «1998an Estatu Batuetako Kentucky hirian sortu zen talde hau. Musika talde honen izenaren jatorria, Jim James gitarra-jotzailearen istorio batengatik dator, bere taberna kutunetariko bat erre zenean, berokia ahaztu zuen eta bere bila sartu zen tabernara. Horren ondorioz, 1999an ‘The Tennessee Fire’ diskoa kaleratu zuten, bertan pasatakoaren omenez. 2001ean berriz, ‘At Down’ diskoa kaleratu zuten eta 2003an, ATO Records diskoetxearekin sinatu eta ‘It Still Moves’ diskoa argitaratu zuen taldeak. Estilo definitu gabea zuen taldea zen eta, indiearekin hasi ziren arren, Neil Youngen gisako riff indartsuekin talka egin eta hortik aurrera beren pertsonalitatea garatzen hasi ziren. Prom jaialdi alternatibo bat egongo balitz, bertan parte hartzeko talde apropos bat izango litzateke».
Beren ibilbidearen hasieran kaleratutako diskoak garrantzi handia hartu zuen Estatu Batuetan musika adituak azaldu digunez: «‘It Still Moves’ lan luzea, Estatu Batuetan taldearen diskorik entzunena izan zen. 2003-2006 urte tartean, taldeak Bonnaroo jaialdian lau urtez jarraian jo zuen eta talde bakarra izan da jaialdi honetan lau aldiz jo duena. 2005ean ‘Z’ izeneko lan luze berria argitaratu zuen taldeak, soinu aldaketa nabaria izanik, erreberberazio asko erabili zuten eta disko oso ilun bat sortu. Urte berean, jam saioak egiten dituzten taldeen bueltan kokatu zirela esan dezakegu eta, 2006an Azkena Rock jaialdira etorri zirela gogoratzen dut. Jaialdian egon nintzen, urte hartan oraindik irailean egiten zen eta bigarren oholtzan jo zutela gogoratzen dut. Bi mila edo hiru mila lagun hasi ginen My Morning Jacket taldearen emanaldia ikusten, baina, azkenean, 500 lagun egon ginen kontzertua bukatu arte, ondoren jotzen zuen taldea Pearl Jam zelako eta jendea lekua hartzera joan zelako. Baina akaso My Morning Jacket-ena izan zen edizio hartako kontzerturik onena».
Izkander Fernandezek kontatu digunez, musika estiloaren aldaketekin jarraitu zuen taldeak beste disko bat aurkeztuz: «2008an ‘Evil Urges’ diskoa argitaratu zuen taldeak eta Estatu Batuetako prentsak izugarrizko kritika txarrak publikatu zituen Kentuckyko taldearen aurka. Disko horretan, hard rockera bideratzeko erabili zuten teklatuaren soinua nabaria da eta Michael Jackson artista famatuari omenaldia egiten dion abestirik ere bada. Hiru urte beranduago, 2011n, ‘Circuital’ lan berria kaleratu zuen taldeak eta kritikek berriz ere positibotasunerako bidea hartu zuten, hasierako bidera itzuliz».
Hasierako estilora salto egin ostean, beste disko batekin berriz ere musika estiloz aldatu zuen My Morning Jacket taldeak: «2016an argitaratutako ‘One Big Holiday’ diskoan indietik berriz ere urruntzen dira, baina estatubatuarrak kritikak egiterakoan oso melodramatikoak direla esan dezakegu. Aldaketa asko egon ez arren, taldearen urratsak noranzko batetara eginak direla ematen du, baina diskoa entzutean, ez du sentsazio hori hainbeste transmititzen. Talde honen berezitasunetako bat, dena oso ondo enpastatuz aldaketa izugarriak egiten dituztela da. Zentzu horretan Uger taldea gogorarazten dit, espero ez dituzun gauzak egiten dituztelako baina oso ondo ezkontzen direnak».
Mexiko aldean da Izkander Fernandez jaialdiaz gozatzen, baina guri My Morning Jacket taldearen lau kanta hauek gomendatu dizkigu:
– One Big Holiday
– Gideon
– I'm Amazed
– Holding on to black metal