En direct

Hegoi Belategi-Sara Iriarte

Mobilizazio herritarra Zumarragako osasun zentroa 24 orduz berrireki dezaten

2020ko udaberrian, pandemia argudiatuta, Zumarragako Osasun Zentroan Etengabeko Arreta Gunea bertan behera utzi zuen Lakuako gobernuak. Zerbitzua berrezartzearen aldeko ‘Osasun Zentroa 24/7’ platafomako kideekin izan gara.

Audio_placeholder

Mobilizazio herritarra Zumarragako osasun zentroa 24 orduz berrireki dezaten

Loading player...
Osasun Zentroa 24/7 plataformako ordezkariak
Osasun Zentroa 24/7 plataformako ordezkariak (Naiz Irratia)

Zumarraga eta Urola Garaiko herritarrek Zumarragako osasun zentroan 24 orduko zerbitzua berrezartzea nahi dute. Eta berrezarri diogu, 2020ko udaberrira arte, osasun zentro horrek Etengabeko Arreta Gune gisa lan egiten zuelako. Ondorioz, «Osasun Zentroa 24/7» dioten banderolak Zumarragako balkoi askotan ikus daitezke. ‘Osasun Zentroa 24/7’ plataformak abiatutako ekintzetako bat da, Osakidetzari presioa egiteko. Plataformako lau kidek, Rosa Fernandez, Maria Luisa Mujika, Amaia Agirre eta Arantxa Corralesek eman digute egoeraren berri.

2020ko udaberrira arte Zumarragako Osasun Zentroak Etengabeko Arreta Gune gisa lan egiten zuen, baina pandemia dela-eta eten egin zen zerbitzua, Osakidetzaren esanetan langileak beste jarduera batzuetara desbideratzeko; eta ondorioz, 2020ko martxotik hona anbulatorio baten ohiko ordutegian jarduten du. Egoera horrelakoa izanik, herritarrek hilabeteak daramatzate mobilizatzen.

Garrantzitsua da zehaztea Zumarragako Osasun Zentroak, Zumarragaz gain eskualde osoari ematen diola zerbitzua, baita Legazpi, Gabiria, Ezkio eta Itsasori ere. 10000 biztanle inguru ditu Zumarragak, 25000 inguru Urola Garaiak.

Ordutik bi alternatiba izan dituzte bertako biztanleek gauez arreta medikua behar izanez gero: Beasaineko osasun zentrora joan, Zumarragatik 10 bat kilometrora dagoena, edota Zumarragako ospitaleko larrialdietara jotzea, hauen kolapsoa areagotuz.

Osakidetzak dio hainbat langile bideratu behar izan zituztela covid zerbitzu berezietara, baina Osasun Zentroa 24/7 plataformaren iritziz hori aitzakia bat besterik ez da. Izan ere, Lakuako Osasun Sailak egoera hobetzerakoan zerbitzua berriz ere martxan jartzeko konpromisoa hartu zuen, baina, gaur gaurkoz, ez da aldaketarik izan eta Jaurlaritzak ez du argudiorik aipatu.

Plataformak hilero manifestazio bat antolatzen du, bi kontzentrazio, ia 8000 sinadura bildu dituzte eta beraien banderolak edonon ikus daitezke. Eskualdeko pertsona ezagunak ere saiatu dira haien babesa ematen, eta hala ere, ez dago erantzunik agintarien aldetik, baina dena den, herritarren erantzuna paregabea izaten ari da.

Jaurlaritza Logoa