En direct

Patxi Uranga | Ion T. Barrena
Entrevue
Iñaki Zugadi
Jon Crespo eta Iñigo Gutierrezen abokatua

«Arineketan ibili dira Iñigo Gutierrez espetxeratzeko, inoiz ikusi gabekoa»

Iñigo Gutierrezen hirugarren graduari helegitea jarri eta hiru aste eskasean ebatzi zuen Fiskaltzaren alde Auzitegi Nazionalak, «inoiz ikusi gabekoa», dio Iñaki Zugadi bere abokatuak. Espetxe Zaintzako Auzitegia etxeratzeko prozesuari jartzen ari zaizkion trabak salatu ditu Etxerako Kunda saioan. 

Audio_placeholder

«Arineketan ibili dira Iñigo Gutierrez espetxeratzeko, inoiz ikusi gabekoa»

Loading player...
Jon Cresporen espetxeratzea salatzeko pankarta bat
Jon Cresporen espetxeratzea salatzeko pankarta bat (Aritz Loiola | FOKU)

Hilabete gutxian hirugarren gradutik bigarrenera itzularazi eta espetxera bidali dituzte Unai Fano, Iñigo Gutierrez eta Jon Crespo euskal preso politikoak. Azken bien abokatua da Iñaki Zugadi eta Etxerako Kundan azaldu du presoek legezko bideak erabiltzeko hautua egin zutenetik aukera horri etengabe oztopoak jartzen ari dela Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Auzitegia. Bide hori oztopatzeko borondatearen adierazle Iñigo Gutierrezen kasua, «Fiskaltzak hirugarren graduaren aurkako helegitea jarri eta hiru aste eskasera ebatzi du epaitegiak, inoiz ez dut ikusi halako azkartasunik, gauzarik sinpleena ebazteko ere hilabeteak behar izaten dituen epaitegi horren aldetik, arineketan ibili dira». 

Hilabete gutxian zigorra osorik beteko du Iñigo Gutierrezek, ama ere espetxean duen Izadi txikiaren aita da, presoei biktimekiko egiten zaizkien hainbat eskakizun bete ditu, legedi arruntak jasotzen dituen baldintza denak asie betetzen ditu... eta hala ere espetxeratu egin dute berriz, «Espetxe Zaintzako Auzitegiaren ebazpenean gainerako baldintza guztiak bete egiten dituela dio eta bapatean, esaldi bakarrean oinarrituta ematen dio arrazoia Fiskaltzari, 'no consta perdón expreso'».

Fano, Gutierrez eta Cresporen egoera berean aurkitu daitezke laster preso gehiago, honen inguruko xehetasunik ez du aurreratu nahi izan abokatuak baina azpimarratu du alderantzizko bidean etorri beharko liratekela erabakiak, «preso mordo bat dago hirugarren graduan egon beharko litzatekeena, eta gehien-gehienak baimenekin kalera irteten egon beharko lirateke». 

Salbuespen legedia 

Ohiko legedia betetzea nahikoa litzateke Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kide gehienak kalea zapaltzen egoteko, abokatuaren esanetan. Presoek legeak ematen dituen aukerak baliatzeari ekin ziotenetik bi oztopo nagusi aurkitu dituzte, beste testuinguru batean eraikitako salbuespen legedia eta honen irakurketa makurrena egiteko prest dagoen Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Auzitegia, «arazo nagusia da testuingurua erabat aldatu den arren, presoei salbuespen legedia aplikatzen jarraitzen zaiela».

Jaurlaritza Logoa