En direct
Ostegunero legez, proposamen interesgarriak ekarri dizkigu Izkander Fernandezek. Aste honetan, Euskal Herriko taldeen artean murgildu da Lemoako musika aditua: «Aurreko asteko ostirala oso aberatsa izan zen nazioartean, argitalpen itxurosoak etorri zirelako, baina, hurrengo egunean, Uger taldea ezagutu nuen eta diskoa entzutean sekulako diskoa iruditu zitzaidan».
Uger talde bizkaitarra izan da hartara Izkanderren lehenengo proposamena: «2016an Bilbon sortutako taldea da. Bertsioak ere jotzen dituzten arren, jadanik bi disko ditu talde gitarrero honek. Abesti orekatuak sortzen ditu taldeak, kanten barruan dinamika oso onak lotuz. Alemanian rock progresiboa jorratzen duen CAN taldearen influentzia ‘Xedea eta Fedea’ kantan ere nabari daiteke eta izerditzeko musika egiten dute, abestietan indar berezi bat sortuz».
Elizabeltz taldearen inguruan ere hitz egin du Izkanderrek: «2019ko Gabonetan ezagutu nuen talde hau eta umore beltza oinarri duela esango nuke haien hitzei begiratuz gero. Hard Rock eta Heavy Metala estiloak nahasten dituen taldea da, oso korala, melodia desberdinak sortuz eta aldaketa bortitzak eginaz. King Diamond bezalako taldeak ekartzen ditu gogora eta antzerkiarekin paralelismo moduko bat du, Erdi Aroko satanismoaren iruditeria lantzen baitute. Proiektu interesgarria iruditzen zait, gure artean entzuten ez den musika izan arren. Ekoizpen aldetik oso ondo landuta dago beren lana, eta, nahiz eta planteamendu gogor batetik hasi, pop distiratsuaren ukituak ere badituela esan dezakegu, ABBA bezalako taldeak ekartzen baititu burura».
Shibari taldearen inguruan ere azalpen batzuk eman dizkigu Izkander Fernandezek: «2020an Ondarroan sortutako hirukotea da, Aritz Carrasco, Urki Gojenola eta Ruben Bernedo musikariek osatua. Izenarengatik, talde honek Japoniarekin lotura duela esan dezakegu eta post-hardcore edota post-metal estiloak jorratzen dituzten arren, emotik ere influentzia jasotzen duen taldea da, iluntasun puntu bat adieraziz. Disko berria kaleratuko dute aurten».
Keia taldea izan da Izkanderrek ekarritako laugarren eta azken taldea: «Beste taldeekin zerikusi handirik ez izan arren, rock pausatuago bat garatzen duen taldea da. Ane Arruti, Iñigo Ibarrondo, Egoitz Olalde eta Iker Martinez musikari ezagunek osatzen duten taldea da eta eragin aldetik, proiektu oso zabala dela esan dezakegu. Iñigo Irazokirekin grabatu duten lan berri honetan, Ane oso ondo egokitzen da bere ahotsarekin abesti guztietara eta disko osoa entzun ondoren, gehiago entzuteko nahia sortzen duen taldea da».
Hauexek dira Izkander Fernandezek ekarri dizkigun lau abestiak:
– Uger - Xedea eta fedea
– Elizabeltz - Black mass
– Shibari - Galderen mundu eroa
– Keia - Damua