En direct

Bigarren Kafea

Asier Hernandez: «Batzuetan pertsonaiak pegatuta geratzen zaizkizu»

Audio_placeholder

Asier Hernandez: «Batzuetan pertsonaiak pegatuta geratzen zaizkizu»

Loading player...

 Asier Hernandez Landa aktorea ezaguna da bere paperek izan ohi duten kalitatearengatik. Aktore lanetan hasi zenetik, Euskal Herriko telesail ezagunenetarikoetan ikusi eta entzun ahal izan dugu; Lehen aldiz telebistan lan egiteko aukera 1991n izan zuen, 'Bi eta bat telesailean' (muxu ematen hitz egiten baino denbora gehiago pasa omen zuen, hasteko modu polita!) eta gero beste hainbatetan ikusi izan dugu: 'Balbemendi', 'Benta berri', 'Goenkale', 'Amaren etxea' edo 'Hondar ahoak', besteak beste.

Horrez gain, ezaguna da lankideen artean azaltzen duen eskuzabaltasunarengatik. Bere hitzetan, «pareko aktoreak lanaren erdia egiten du gutxienez, parean duzunari entzun eta begiratzearekin nahikoa izaten da». Esker onekoa ere bada, «batzuetan ingurura begiratzen dut eta hainbeste talentuz inguratuta egotea…plazera da». Berarentzat badago sorkuntza prozesuan erraz azaldu ezin daitekeen zerbait: «gero eta gehiago sinesten baduzu, benetan erlaxatuta eta konfiantzan bazaude, energia berezi bat etortzen da eta pertsonaia errebelatu egiten da, pertsonaiari sartzen uzten badiozu, berak egiten du». 

Baina garbi dauka publikoaren partaidetzak ere magia horrekin zerikusi handia duela, «publikoak egiten du antzezlan bakoitzean lan bakoitzaren portzentaje handi bat». Pertsonaiak sortzeko bere metodologiaren inguruan «lehen intuitiboki prestatzen nituen», dio, «Corazzan tresna ezberdinak jaso nituen eta horiek erabiltzen ditut zenbaitetan. Beste batzuetan, irakurtzen duzun bitartean irudiak etortzen zaizkizu pertsonaiaren inguruan… nere buruarengandik hasten naiz pertsonaia existituko ez balitz bezala». Baina sortzea bezain garrantzitsua da pertsonaiatik desegitea:«Batzuetan pertsonaiak pegatuta geratzen zaizkizu. Germanen pertsonaia egitean adibidez, bukatu zenean, kriston hutsunea izan nuen, profesionala ere bai. Konturatu naiz denborarekin pertsonaia horrek pisu handia izan zuela nigan, gainetik kentzea urteak kostatu zitzaidan».

Bere ibilbidearen inguruan aritu gara Bigarren Kafean.

Jaurlaritza Logoa