En direct

NAIZ IRRATIA

Izortze Santin: Itxialdia murriztean «ebidentzia zientifikoak ez dira kontuan hartu»

Covid-19an positibo emandakoek edo txertatu gabekoak positibo baten zuzeneko kontaktu badira konfinatuta eman behar duten denbora zazpi egunera murriztea ez da ebidentzia zientifikoetan oinarritutako neurria eta «arriskutsua» izan daiteke, Izortze Santin ikerlariak ohartarazi duenez.

Audio_placeholder

Izortze Santin, itxialdia murriztearen inguruan

Loading player...
Emakume bat PCR proba egiteko zain. (Idoia ZABALETA I FOKU)
Emakume bat PCR proba egiteko zain. (Idoia ZABALETA I FOKU)

Covid-19an positibo eman dutenen isolamendua zazpi egunetara murriztea erabaki du aho batez Estatu espainiarreko Osasun Publikoaren Batzordeak, Pedro Sanchez gobernuburuaren hitzetan, «iaz baino hobeto eta babestuago» dagoelako gizartea txertoei esker. Halaber, positibo baten zuzeneko kontaktu izan diren txertatu gabeko pertsonek ere hiru egun gutxiago eman beharko dituzte etxetik atera gabe.

Izortze Santin EHUko biologia eta biokimika molekularreko ikerlaria NAIZ Irratiarekin izan da Gobernu espainiarraren norabide aldaketaren inguruko balorazioa emateko. Bere ustez, «ebidentzia zientifikoak ez dira kontuan hartu».

«Badakigu infektatzen garenetik bi edo hiru egunez birusak inkubatu egiten duela eta hortik aurrera, hamar egunetan zehar, kutsakorrak izan gaitezkeela. Egia da kutsatzeko puntu gorena laugarren edo bosgarren egunean izaten dela eta hortik aurrera, gure karga birikoa jaisten doan heinean, gure kutsatzeko gaitasunak ere behera egiten duela. Hala eta guztiz ere, hamar egunera arte kutsakorrak izan gaitezke», agertu du.

Santinek ohartarazi du Sanchezen Gobernuak hartu duen erabakia «arriskutsua» izan daitekeela, transmisioa are gehiago emendatzera bultza lezakeelako.

EHUko ikertzaileak esan du, halaber, nahiz eta txertatze tasa oso altua den Estatu espainiarrean (%90etik gora), horrek ez duela esan nahi birusa transmisioa murrizten denik. «Egia da esaten dutela txertatuta gaudenok gaitasun handiagoa daukagula birusa nolabait garbitzeko, horrek esan nahi du kutsatzeko arriskua denboran laburragoa dela», baina, gaineratu du, «argi dago txertatuta gaudenok kutsatzeko gaitasuna dugula».

Erresuma Batuari jarraitu

Izortze Santinek defendatu du Erresuma Batuak hartutako bidea izan daitekeela egokia. Zazpi egunera murriztu da konfinamendu aldia han ere, baina baldintza batekin: itxialdiaren azken bi egunetan antigeno proba banatan negatibo eman behar dute herritarrek kalera ateratzeko.

Modu horretara, Santinen esanetan, «ziurtatuko litzateke kutsatzeko gaitasuna oso-oso txikia daukagula kalera ateratzen garenean».

Jaurlaritza Logoa