En direct

Ainara Rodriguez

Buruntza: gurutze frankistarik gabeko mendiaren kronika

Buruntza mendiak oso bestelako irudia du pasa den asteburutik. Tontorrean ez dago 1939tik zutitzen zen gurutzearen arrastorik, Ernai-k eraitsi egin baitu ekintza baten bidez. Andoainen denetariko iritziak eragin ditu; Naiz Irratian herriko alkatearenak eta memoria taldearenak jaso ditugu. 

Audio_placeholder

Buruntza: gurutze frankistarik gabeko mendiaren kronika

Loading player...
Buruntza mendiko gurutzea eraitsi du Ernai-k. (Argazkia: @Aiurri)
Buruntza mendiko gurutzea eraitsi du Ernai-k. (Argazkia: @Aiurri)

Gurutzearen oinarrian rotaflex batez egindako ebakiek eman zuten pista duela egun gutxi; bazirudien Buruntza mendiko gurutzea eraisteko ahaleginean zela norbait, eta hala egiaztatu zen pasa den larunbatean. Ernai gazte antolakundeak hartu zuen beregain ekintzaren egiletza, arrazoituz 1939an eroritako matxinatuak gurtzeko Frankismoak altxa zuen gurutzea zela. «Herri honen askatasunaren bidean, gazteek ez dutela faxismoaren gorazarrerik onartuko» zioten ekintza aldarrikatzeko bideoan.

Eraisteak denetariko iritziak eragin ditu Andoainen, tartean gurutzearen historiaren inguruko ez-ezagutza azalera ekarri ere bai Oroituz Andoaingo elkarte memorialistako Xabi Lasak azaldu digunez; baina badago ez-ezagutza horretarako motibo bat: «Errora joaten bagara, 78ko erregimeneraino joan behar gara. Franco hil ondorengo prozesuan dekretatu zutena amnesia da, eta inpunitate horren ondorioz gauzak ahaztu egin dira». 

Kontua da gurutze hori 1939ko abuztuan altxa zutela matxinatuen bandoan eroritakoak gurtzeko; hori ukaezina den egitate bat da. Ez zuten gainera kokalekua ausaz hautatu, guztion bistara lekurik ikusgarriena aukera baitzuten gurutzea jartzeko. Buruntza mendia bera gerra zibileko borroken zuzeneko gotorleku izan zela kontatu du Lasak.

Alta, eraistea ez da izan gurutzeak jasan duen ekimen bakarra, 60ko hamarkadan ere gurutzearen ondoan zegoen gurtze-plaka kendu egin zuten; hori kendu izate hutsak bere hastapeneko kutsua galdu zuela azaldu du Andoaingo alkate sozialista Maider Lainezek, eta horregatik, ez dator bat eraisteko moduarekin; «denok etor gaitezke bat monumentuarekin ez ginela ados, baina inork ez du azken urteetan eskaerarik egin botatzeko». Duela 15 urte Espainiako Gobernuak onartutako Memoria historikoaren legeak dionari jarraiki, ordea, gurutzeak ez luke hor egon beharko; Lainezek dio «beharbada ezetz», baina gurutzeak «jende askorentzat balio sinboliko garrantzitsua zuela». 

Elkarbizitzarako oztopo

Gurutze frankista eraitsita bizikidetzari eta elkarren arteko errespetuari eragin zaiola uste du Andoaingo udal gobernuak. Aldiz, Oroituz elkarte memorialisak uste du gurutze horrek ez lukeela hor egon behar. «Plaka kenduta ere, guretzat sinbolo frankista izaten jarraitzen du. Jarri zutenak «hierarkia eklesiastikoak zuen nagusitasunaz baliatu ziren eta jendearen sentimendu erlijiosoez baliatu ziren gurutzea mantentzeko». 

 Kontuak kontu, eraistea nondik etorri den begiratzen jarri gabe, «berandu» etorri dela gehitu du Lasak; gurutzeek irudikatzen dutenaz leku askotan zalantzak sortzen ari direla ere gogoratu du, baina berak argi dio: «Gurutzeak jarri ziren irabazleak nortzuk izan ziren adierazteko eta biktimak umiliatzeko. Oraindik ere lanean segitzen dugu Frankismoko biktimekin ez dutelako ez egia, ez justizia, ez erreparaziotik izan».  

 

 

Jaurlaritza Logoa