En direct

«Oholtzetan geroz eta emakume gehiago gauden arren, ezin dugu erlaxatu segundo bakar batez ere»

Kontzientziari eraginez gorputzak astindu ditzagun sortzen dituzte kantuak Anita Parker taldekoek. Beren ibilbideko hirugarren lana kaleratu dute orain, ‘Reset’ deiturikoa, dantzara argi eta garbi gonbidatzen duena. Ane Martinez (Bilbo, 1990) taldeko abeslaria MusikHaria saioan izan da.

Audio_placeholder

«Oholtzetan geroz eta emakume gehiago gauden arren, ezin dugu erlaxatu segundo bakar batez ere»

Loading player...
HIruko moduan atera dute ‘Reset’ diskoa Anita Parker taldekoak. (David HERRANZ)
HIruko moduan atera dute ‘Reset’ diskoa Anita Parker taldekoak. (David HERRANZ)

Eta zu topatu kantuak ixten du ‘Reset’ diskoa eta Anita Parkerren bidean topo egiteko balio izan digu, pozteko albistea da, bizi izan dutena bizita denbora honetan. Nolabait ere «zatozte gurekin, goza dezagun elkarrekin» diote abestian eta horretarako gogoz sumatu dugu Ane Martinez taldekidea ere: «Argi izpi bat da ezta? Elkar topatu, gozatu elkarrekin edota jende berria ezagutzera». Akaso ahaztu ere egin zaigu nolakoa den erlazionatzea: «Lagun batek esan dit jendeari ahaztu zaiola nola ligatzen den eta jendea kalea erretzeko desiratzen dagoela, lehen genuen bizitza hori berreskuratzeko irrikaz gaude guztiok ere».

Disko elektronikoa zen aurrekoa baina akaso are gehiago da ‘Reset’: «Diskoa nahikoa dance kutsukoa irten da. Ez dago baladarik edota abesti oso lasairik, gehienak gorputza mugitzeko dira. Hori bai, beti ere hausnarketara bideratuta, barrutik ukitzen gaituzten gaiak kontatuz. Baina modu dibertigarrian, rollo onarekin, gorputzak astinduz kontzientziak ere astindu asmoz».

Zentsuraren zigorra
‘Azalak’ kantuarekin esan zuten disko berria kaleratuko zutela, pandemiaren erdian, eta uste gabeko saltsa batean ere sartu ziren Anita Parker taldekoak: «Mikel Clemente, David Herranz eta aLPhax-ek sekulako lanak egiten dituzte beti eta bideoklip honekin ere lan itzela hartu zuten. Ilusioz beteta ginen eta bat batean YouTube eta Instagramek zentsuratu egin zuen bideoa. Badakigu nolakoak diren enpresa horiek eta emakumeok gure titiburuak ikusten diren bakoitzean zentsura jasotzen dugu, gizonezkoek ez bezala. Baina harago goaz, hemen ez zelako titibururik ikusten, artelanak baino ez ziren ikusten, pentsa noraino iristen garen. Bigarren bertsio bat igo behar izan genuen, halako gurutze batzuk jarriz artelanen titiburu eta ipurdietan, zentsura hori salatu eta lotsagarri utzi asmoz».

Saxofoia entzuten da indartsu hasieratik eta energia berezi bat sortzen du horrek: «Disko honetako gauza berrietako bat Mikel Pirisen presentzia da eta punch berezia ematen dio saxofoiarekin, kantu bakoitzera bikain egokitzen da eta abesti honetan indartsu sartzen da». Hiruko moduan dira egun Anita Parker taldean, baina aurretik kidea zen Jon Zubiaga ‘Osoron’ egon da: «Ibilbide luzea du diskoak, pandemia aurretik hasi eta joan eta etorri asko izan ditu. Osoronek ekoizpenean, abestien sorkuntzan eta gitarrarekin lagundu du, baita ahotsarekin ere. Orain hiruon artean defendatuko dugun arren diskoa, bada, badira hainbat bidaide eta tartean dago Osoron». Hirugarren taldekidea Olatz Andueza da.

Kantu batzuek atzetik beste mezu bat izaten dute eta ‘Ez da azkena izango’ abestian hori egin dute gure usterako Anita Parker taldekoek: «Letrekin pixka bat iradokitzen dugu eta gero pertsona bakoitzak bere terrenora eramaten du, hori da artearen politena. Kantu honen mezua kulturaren sektoreak bizi duen krisialdiari buruz idatzita dago, nahiz eta aspalditik dagoen krisialdia kulturan. Bertatik irtetea nahi dugu eta gure duintasuna aldarrikatu nahi izan dugu, hau ez dela azkena izango esan nahi dugu, aspaldian isilik egon garen arren».

‘Zugarramurdin Josephine’ elektronika ilunaren adibide bat da, baina Ane Martinezentzat oraindik ere klixerik ba ote da bertan aipatzen diren emakume deabruenganako?: «Ni aspaldian juergarik egin gabe nago eta testuinguru horretan sartzea kosta egiten zait. Kantuari begira jarrita, elektronika ilun honen atzean energia izugarria dago dantzarako eta salto egiteko. Mikelen paranoia moduko batetik sortzen da, irudikatu zuelako Zugarramurdiko sorginen artean, bat-batean Josephine Baker agertzen zela. Arraroa da, baina mistikoa eta indartsua aldi berean eta dantzara bultzatzen duen abestia da inondik ere. Orain arteko kanturik desberdinena da akaso, diskotik kanpora geratu den beste baten pare, baina kantu honek duen baxuetako indarrak diskoko kantu desberdinena izatea dakar».

Hasierako electro-swinga presente
Yinga zen aurreko abestia eta haren Yanga ‘Egun inozoa’, argitasun handiko kantua eta Anita Parkerren jatorrietara eramaten gaituena: «Electro-swing estiloan beti lantzen dira umoretik kontatuko abestiak eta hemen hortik tira dugu. Egun ‘mierdoso’ bat duzunean eta dena gaizki ateratzen zaizun horietako batean kokatzen da, baina hala ere zure bizitza maite duzu. Horri gure oinarrian dagoen doinu mota gehitu diogu». Bigarren mezu bat ere badu abestiak, norbaiti «Ala, alde lasai» esaten diogunekoa: «Dena da kaka bat, kexatu eta kexatu zabiltza eta hala eta guztiz ere ez duzu inor behar, zure bizitza perfektua delako. Garrantzitsuena, norberaren bizitza, erdian jarri behar dela aldarrikatzen dugu».

Rockabilly doinuan dator, berriz, ‘Aizu!’ abestia, «Ez da ez» esateko sortu den abestia: «Guk ‘swingbilly’ deitu diogu gure artean kantuari. Eguneroko bizipenetatik idazten ditugu hitzak eta taldean hirutik bi emakumeak gara. Gure bizitzaren parte diren hainbat egoera salatu nahi izan ditugu. Hau egoera horietako baten adibidea da. Pentsa zer nolako komentarioak jasan behar izaten ditugun emakumeok: Sekulako argazkiak atera zizkiguten emanaldi batean, dena eman izanaren sentsazioa nuen gainera, eta argazkiak indarra zuen. Halako batean gizonezko batek esan zidan: «titiburuak nabaritzen zaizkizu». Benetan? Hori da ikusten duzuna oholtza gainean dena ematen ari den emakume bat ikustean? Noski titiburuak ditudala, eta belarriak, eta ahoa… Oso sexualizatuta gaude emakumeok eta oholtza gainean halako asko bizi behar ditugu oraindik ere», salatu du Ane Martinezek.

PMA kantuaren akronimoa azaltzeko ere eskatu behar izan diogu, eta barrez esan digu oso sinplea dela, kantuan bertan aipatzen delako: «Pose Merkeen Azoka titulu luzeegia iruditzen zitzaigun. Lakuntza eta Bilbo artean gaudenez taldekideok, sareetan egiten dugu asko lan eta, dena ez idaztearren, izenburuari akronimoa jarri genion eta horregatik da PMA». Gaurkotasunarekin lotura zuzena du, sareetan ikusten ditugun gauza askori kritika egiten diolako Anita Parker taldeak abesti honetan: «Autokritika bat da, kontuz, denok gaudelako murgilduta sareetan. Denak perfektu egon behar duela dirudi, super normatiboak gara, iritziekin kontuz ibiltzen gara eta ‘postureoan’ erortzen gara. Pose merkea da hori eta autokritika egiten dugu horren aurrean. Behintzat egiten badugu eta kontziente bagara eta horrek kontzientzian eragiten badu… bada zerbait», azpimarratu du Martinezek. Doinu dantzagarriak kontzientzian eragiteko, hori da funtsean ‘Reset’ diskoak eskaintzen duena.

Aldarrikapen xelebrea baina dotorea egiten dute berriz ‘Donald Trump-a’ abestian, espero ez den kolaborazio bat duela ere kontatu digu, gainera, abeslari bilbotarrak: «Esaldi mitiko hau hartu eta Mexikoko artista batek bikoiztu zuen Donald ahatearen ahotsa jartzeko, Trump barregarri utzi asmoz. Esne Beltzako Pinik kolaboratzen du gainera, munduko lider askoren egunerokotasunean ematen diren gauzak aipatuz. Agintariek itxurakeria asko dute eta hori ere salatu nahi genuen».

Botoia sakatu eta berrabiarazi
Haritz Harreguyrekin grabatu dute Higain estudioan eta Kataluniako Ultramarinos estudioan masterizatu diskoa. «Haritzekin grabatzea beti luxua da, etxean bezala sentitu gara. Aipatu baita ere Chromatic estudioak egin duen diseinua. Proposamen zoragarriak egin zizkiguten eta guk kolorea baino ez dugu aukeratu, ez dakigu zergatik, baina menta kolorea atera zen taldean eta haien diseinuetako bat aukeratu genuen kolore horretan jartzeko eskatuz. Reset botoia zen garrantzitsuena guretzat diseinuan, baina sintetizadore, anplifikadore eta halakoen kutsua ere gehitu nahi genuen», aipatu digu Martinezek.

Reset hori, ordea, azkeneko urteari erreferentzia ote?: «Ez da pandemian bakarrik sortutako zerbait. Buruan geneukan ideia zen reset botoia sakatu eta dena berriz hastearena. Sektore asko daude krisialdian: ingurumena, kultura, politika… eta hortik aparte bakoitzak askotan on egin ez dioten gauzak atzean uzteko lanak izaten ditu. Hortaz irudikatzen genuen botoi hori sakatu eta dena berriz martxan jartzearen momentua. Ideia hori geneukan buruan eta hortik etorri da diskoaren izena».

Kontzertu sorta luzea iragarri dute, denak ere areto txikietan. Haien webgunean ikusi daitezke guztiak, baina gertukoenak Durangon, Iruñean eta Arrasaten emango dituztenak dira. «Arrasaten eguberri egunean giro itzela izaten omen da eta bertako lagunek hori kontatuta data polita iruditu zitzaigun, sabela beteta dugula hori jaisteko modu bat da gurekin dantzatzea. Areto txikietan egitearen arrazoia da elkar babestearena, izan ere musikari eta talde gehienak halako espazioetatik pasa gara eta haiei esker izan dugu guk sortzen duguna erakusteko aukera. Haiengatik ez balitz, Euskal Herriko kultura are ahulago egongo litzateke. Kulturgintzako sektorearentzat gogorra izan da guztia eta gisa horretako aretoentzat zer esanik ez», gogorarazi du taldeko abeslariak.

Erlaxatzeko tarterik ez
Euskal eszenako talde asko eta areto txikiak ikusezinak izan dira nolabait ere denbora luzez, hein batean Ane Martinezek salatu duenez, baina diskoari irekiera ematen dion ‘Ikustezin’ kantuan ezkutuan utzitako emakumeei egiten diete erreferentzia: «Guk sei-zazpi emakume aipatu ditugu baina auskalo zenbat geratu diren liburuetatik kanpo. Eskolan ez ditugu emakume historikoen inguruko datuak ikasi, ez daukagu erreferenterik. Nik neuk ere gizonezko gehiago zerrenda ditzaket eta ikasi ditudan gutxi horiek gogoratzea ere kosta egiten zait, pentsa zein den egoera. Gauza handiak egin zituzten emakumeak dira kantuan aipatu ditugunak eta ez ditugu behar zuten moduan ezagutzen. Askotan beren senar edota ingurukoak lehenago ezagutzen ditugu emakume garrantzitsu horiek baino».

Euskal Herriko eszenan aldaketa nabaritu da emakumeen presentziari dagokionez baina berak nola ikusten duen galdetuta, erantzun gordina eman du Ane Martinezek: «Argi eta garbi dago gure belaunaldian geroz eta gehiago garela oholtzara igotzen garen emakumeak, baina oraindik lan asko dago egiteko. Oholtzara igotzean oraindik ere matxismo egoera asko daude bai goian eta baita handik kanpo ere. Oraindik emakumeok bizipen gogor asko bizi behar ditugu eta, orain, gazteen artean geroz eta emakume gehiago eta emakumezko talde gehiago gauden arren, ezin dugu erlaxatu segundo bakar batean ere».

«Ezin badut dantza egin, hau ez da nire iraultza» esan zuen Emma Goldmanek. Bada, pozik entzungo zituen hitzok eta pozarren dantzatuko zuen Anita Parkerren ‘Reset’ diskoarekin.

Jaurlaritza Logoa