En direct

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria

‘Z8rtziko’, bideoz lagundutako disko kontenplatiboa kaleratu du Telmo Trenorrek

Bakarkako hirugarren mixtapea da ‘Z8rtziko’, Telmo Trenor (Donostia, 1986) ekoizle eta DJak kaleratu berri duena. ∫ateliteak saioan bere gustuen berri izaten dugu, baina berak egiten duena aurkeztera etorri da oraingoan MusikHaria saiora.

Audio_placeholder

‘Z8rtziko’, bideoz lagundutako disko kontenplatiboa kaleratu du Telmo Trenorrek

Loading player...
Zortziko - Telmo Trenor
Zortziko - Telmo Trenor

Elkarrizketa bat egiteko modu bitxia hautatu dugu oraingoan MusikHaria saioan. Izan ere Telmo Trenorrek kaleratu berri duen ‘Z8rtziko’ hainbat pistatan banatuta dagoen arren, ordu laurdeneko bi pista bezala ulertu behar delakoan gaude. A aldea eta B aldea, bakoitza bere horretan. Hala, elkarrizketaren hasieran play botoia sakatu dugu eta haren gainean aritu gara solasean DJ eta ekoizle donostiarrarekin.

Euskal musikari keinua egin dion arren, musika espaziala jorratu de Trenorrek disko honetan. ‘Üxo Xüria’ kantuarekin hasten da diskoa eta ‘Segoviako ihesa’ pelikulatik hartuta dago hasieran entzun daitekeen zatia, Amaia Zubiriak eta Xabier Lasak egindako kantutik. Aurten bermasterizatu dute, gainera, 1981ean Imanol Uribek zuzendutako pelikula. «Albiste hori jakin aurretik egina neukan abesti hau, ‘Ia guriak egin du’ ez, ordea. Bilkura bat egin zuten pelikulako aktore eta zuzendariak eta joatekotan egon nintzen haiengana, gerturatu eta bertakoaz bustitzeko, baina ezin izan nuen», aipatu digu Trenorrek.

«Ez da aurrekoa bezain dantzagarri edota definitua disko hau, heteroagoa da, atmosferikoagoa», aipatu digu segidan, diskoaren nondik norakoaz galdetzean. Guztia bi bideoz jantzi du eta bertan euskal folkloreko iruditeria ere ikusi daiteke. «Zortziko hitz joko sinplea da, ez du ez euskal erritmoarekin ez doinuarekin zerikusirik. Diskoa zortzi pistatan dago eginda eta hortik sortu da gero bestea, dantzaria jartzearena eta hori guztia», azaldu digu donostiarrak.

Kantuen izenburuak, deigarriak dira ordea orokorrean: «Izenburu denak edo ia denak euskaraz daude, orain arte egiten ez nuen moduan. Erritmo frenetiko hori du makina erremintak eta hori irudikatzen nuen kantuarekin, makinak biraka eta abar, eta gainera zerbait oso gurea denez, titulu hori jartzea erabaki nuen». Erritmo bizia du abestiak, baxu robotiko bat eta xilofonoen hotsarekin iradokitzen du makina-erremintari buruzko dokumental baterako kantu izatea. «Diskoa borobildu nuenean irudiak eskatzen zizkidan eta Cristina Arrazola eta Arturo ‘Fito’ Rodriguezi eskatu nien bideoa egiteko», kontatu digu ekoizleak.

‘Dirua’ kantuan doinu urbanoetara gerturatzea izan da Telmo Trenorren nahia, diskoan entzun daitezkeen hainbat pasartetan bezalaxe: «Zortzikok euskal kutsua duen arren, espainiar rapa asko entzun daiteke. ‘Bi Minutu’ abestian Tremendo entzuten den bezala, hemen La Mala Rodriguez entzuten da eta tempo geldo horrekin gaur egungo estilo urbanoetara goaz».

Bigarren pelikula bati erreferentzia
‘Mamu txakur’ kantua hip-hop munduarekin lotuta dagoen ‘Ghost Dog’ deituriko pelikulatik dator, Trenorrek esan digunez, haren soinu bandan inspiratu delako. Eta atzetik datorren ‘In & Out French Fries’ abestiak aurreko diskoarekin lotura duela esan digu Trenorrek: «Kalifornia eta West Coast haren paisaia entzun daiteke kantu honetan, abesti ‘plaiero’ samarra dela esan daiteke. Bideoetarako bildu ginenean hau guztia pixka bat kontatu nien eta esaten nien zer iradokitzen zidan gauza bakoitzak, gisa horretara sortu dituzte ikus-entzunekoak eta hortik irudien arteko kontrastea». ‘In & Out French Fries’-en, gainera, ahotsa berak grabatua da, ‘talkbox’ gailuari hautsa kenduta.

Bere sorkuntzetan gozotasuna izaten da nagusi, nolabait ere aldarte onera eramaten gaituzten melodiak ekartzen dizkigu normalean Trenorrek: «Ez da esaten didaten lehen aldia. Ez naiz doinu ilun eta kirrinkariak sortzen dituena, musika goxoagoa edota ez dakit alaiagoa esan daitekeen egiten dudala, baina hori da pixka bat nire zigilua. Nire gustuen eta lan egiteko moduaren emaitza bat, ez da nahita egiten dudan zerbait». Ildo horretatik doa ‘Agote funk’ kantua ere, mistizismoz betea dagoen kantua: «Abesti funky bat da, baina ez da funkya. Baxuak eta erritmoak akaso hori iradokitzen du, baina inguruko aura horrek beste zerbaitetara eramaten gaitu. Nolabait esatearren, kontenplatiboa da diskoa, lasai entzutekoa eta kantu honek argi uzten du. Agote kuadrilla bat funkya jotzen irudikatzen nuen, landa-eremuko zerbait bezala, eta mistikoa; baina agote zortzikote bitxi hori musika estilo hau lantzen ere ikusten nuen».

B aldera salto
Eta A aldetik B aldera pasa gara segidan ‘Marakatú atomikoa’ entzunaz. A aldean 7 pista ditu eta B aldean 8, baten faltan bi zortziko osatzeko: «Gehiegi pentsatu gabe egindako lana denez, 15 minutuko bi aurpegi egin behar nituen. Lehenengoa egitean 15 minutukoa zen eta hala behar zuen bigarrenak ere, gero pistak mozterakoan horrela geratu da, baina izan zitekeen beste kopuru bat». Erritmo brasildarra da marakatu delakoa eta abestian argi entzun daiteke, nahiz eta hori baino gehiago ere baduen: «Sampler horretan asko erreparatuz gero, Airto Moreiraren kantua da eta «Ma-ra-ca-tu» esaten entzuten da. Orienteko kutsua du gero kantuak, ez du Brasildik askorik egia esanda».

Ddillemmahh’ kantuak badu jazz ukitu bat eta ez da harritzekoa behin jatorria jakin eta gero: «Nelly rapeatzaileak eta Kelly Rowlandek egin zuten kantuaren erremixa da. Bertan entzuten diren zati guztiak, ‘a capella’ abestutakoak dira eta modu makarra batean sartuta daude. Hala ere, soul ukitu hori badu egin dudan erremixak ere». Sampler asko ditu diskoak eta mundu horren maitalea denak asko jolastu dezake entzunaldi bakoitzean: «Diskoak hiruzpalau entzunaldi eskatzen ditu akaso, batez ere samplerrak maite dituztenentzat. Izan ere zortzi pistetatik sei samplerrak dira eta horrek eskatzen du halako entzumen ariketa bat».

Trantsizio moduko kantua da ‘Bat eta bi’ eta BPMek gora egiten dute gainera: «Ez dakigu kantu bat non hasi eta bukatzen den berez eta pistak egiterakoan erritmo aldaketekin eta jolastu behar da mozketak egiterako garaian». ‘Triski eta Biluma’ ere gogoan izan ditu eta haien izena jarri die abesti bati: «Euskal vintage zaleak direnek gogoratuko dituzte Ipurbeltz komikian agertzen ziren bi indiarrak, irla batean bizi zirenak: Triski eta Biluma. Rap britainiar baten samplerra entzuten da bertan eta egiari zor ez dakit zer dioten, musika ona dela eta entzuteko edo halako zerbait… Raperoen gauzak. Orain autotunearekin esaten dituztenak».

Euskal erreferentzia gehiago
‘Dilerrak’ kantuak 90. hamarkadako rap edota hip-hoparen kutsu nabarmena du: «Chirie Vegas rap abeslariaren samplerrak entzuten dira, binilo batean ‘a capella’ sekulako esaldiak ditu eta oso esanguratsuak dira. Asko gustatzen zaidan kantua da, duen edukiarengatik». Atzetik, berriz ere Amaia Zubiria entzun dezakegu eta «bat, bi, hiru, lau» zenbatzen norbait ‘Ia guriak egin du’ pistan: «Zenbakien kontua ere pelikulako samplerra da. Eszena batean, Txiki eta Otaegi fusilatu ostean, kartzelan kode baten bitartez elkarri mezuak pasatzen dizkiote eta bukaeran entzuten den oihua, kartzelako zaindariak harrapatu eta kolpatzen duen unekoa. Oihu horrek ‘Ia guriak egin du’ hori borobiltzen du».

‘Nahikoa’ pista, berriz, ‘La Soirée 2.0’ bezala bataiatu dugu guk. «Interesgarria, baina kantu honek ere badu bere jatorria. Lehenengotik azkenera daude sortuta abesti guztiak eta, ia bukatzean nintzela, 80-90. hamarkadako Nahiko taldearen disko bat ezagutu nuen. Biniloa erosi eta haien sampler bat gehitu dut diskora, zati hori eta sintetizagailuak ditu abestiak, beste ezer ere gehitu gabe, omenaldi bat baino ez da», azaldu digu Trenorrek.

‘Southside’ pistarekin bukatzen da ‘Z8rtziko’. Flamenko kutsu nabarmena duen kantua: «‘Despeñaperros’ deitu nahi nuen baina oso lokala iruditzen zitzaidan, hala, nazioartera begira titulua jartzearren darama izen hori abestiak. Andaluziara egiten dugu bidaia argi eta garbi», dio donostiarrak.

2022an zuzenean
Zuzenean diskoa aurkezteko asmoa badu, baina lanez lepo dabil Telmo Trenor: «Pelaxekin ditut hainbat kontzertu, beste istorio batean ekitaldu batzuk ere bai eta urtarrilerako utziko dugu disko honen aurkezpena. 2022an, Bergaran, aurkeztuko dugu diskoa eta gero Donostian eta Madrilen ere izango naiz, mixtape honen zuzeneko bertsioa aurkezten. Egingo dugun bertsio horretan, dantza egiteko aukera izango da, ez da hain kontenplatiboa izango».

Duela bi urte martxan jarritako ‘Haus of beats’ zigiluaren seigarren erreferentzia da hau eta azaroaren 12tik aurrera 100 kaseteko tirada labur batean eskuratzeko moduan izango da diskoa haien bandcamp orrialdean sartuta. Plataforma digitaletan entzuteko moduan ere jarri du diskoa entzuteko moduan, eta nola ez, bideoak ere sarean daude.

Jaurlaritza Logoa