En direct
Motown zigiluak sekulako ospea lortu zuen mundu mailan 60. hamarkadan beren tokia egin zutelako musikaren industrian. Marvin Gaye, The Supremes, Stevie Wonder, The Jackson 5, Diana Ross edota Lionel Richie bezalako artisten aterpe izan zen. Guztiek gauza bat zuten komunean: beltzak izatea eta musika beltza jorratzea. Bada, haien bidean sartuta dago egun Afrika Bibang musikari algortarra. «Motown estiloa bilatze zen nahia», aipatu digu MusikHaria saiora egin duen bisitan. ‘Nomada’ 2019ko diskoan akaso bazegoen ukitu hura, baina oraingoan akaso puruago nabari zaio ‘Ispiluaren aurrean’ lanean. «Soinuak soul gehiago du. ‘Nomada’-n agian hip-hop gehiago dagoela esan daiteke, baina orain soinu beltzagoa, soulagoa, bilatu dugu», esan digu Afrikak.
Ingelesez abestera ere ausartu da, bi kantutan entzun dugu hizkuntza horretan abesten. «Disko honetan ingelesez abestu dut lehenengoz, kanpoan asko ibili naiz eta hizkuntza horretan asko abestu dut herbestean. Bartzelonan hasi nintzen, gero Ibizira jo eta handik Berlin, Paris, Mexiko New York, Txina, Thailandia… Toki askotan ibili naiz eta guztietan abestu dut», esan digu Bibangek. Non geratuko litzatekeen galdetuta, argi dauka ordea zein izango litzatekeen bere herrialde kutuna: «Japonia ezbairik gabe. Dena da desberdina, jendea, soinuak, usainak musika… Halako usain bat badago, ez dakit soia edo den, baina bertako usaina da».
‘Alone in my own’ da erabat ingelesez abestu duen abestia. Bakardadean egoteari buruz mintzo da bertan: «Bakarrik beti bizi naiz pozik. Bikotean edota erlazio batean nagoenean ez nago hain pozik, ni neure buruarekin hobeto bakarrik nago eta askeago. Autonomia sentimentala dut. Noiz edo noiz bakarrik egon behar gara nolakoak garen konturatzeko eta zer dugun gustuko jakiteko, besteak beste. Nomada izateak horretan ere lagundu dit eta konturatu naiz bakarrik hobeto bizi naizela».
Bere musika estiloak orkestrazio handia eskatzen du, big band moduko bat, eta horrekin ere amesten du Afrikak: «Ez gara gutxi gu, zazpi gara oholtzan, baina saxoak eta tronboiak eta halakoak falta dira. Hori bai, Afrika Bibangetik Afrika Big Bandera pasako nintzateke. Rock Lee ekoizleak eta biok egin dugu diskoa hala ere, Rock Lee maisua delako eta gai delako guztia grabatzeaz. Hala ere, Rafa Acevesek, ‘Guam’ musikariak, Sara Oñatek eta Ribetaso Esubak ere hartu dute hainbat abestitan. Masterizazioa Brightonen egin dugu, QM Studio-n, nik bilatzen nuen soinua berak duelako».
Ispiluari begira jarri eta maita gaitezen
Ispiluaren aurrean gogoetak egitera bultzatzen gaitu lan honek eta Afrikak ere hainbat gogoeta egin izan du ispiluaren aurrean. «Eta zenbat ditugun egiteko… Jendea gonbidatzen dut ispiluaren aurrean eseri eta beren burua onartu eta maitatzera. Nik neuk ispiluaren aurrean jartzen naizenean ez dut musikan hasi nintzeneko Afrika ikusten. Helduagoa naiz, ideiak eta sentimenduak argiago dituena. Nahikoa harro sentitzen naiz bihurtu naizen pertsonagatik», dio Bibangek.
Hasiera haiez ere hitz egin dugu, izan ere oholtza gainean euskaraz abesten duen emakumea beltz bakarra izan da urte askoan. «Arraroa izan zen hasiera. Emakume izatearena ez zen hain arraroa, ordea, Sorkun eta Aiorarekin (Renteriarekin) beti izan dudalako talde moduko bat, oso lotuta ginen. Baina beltza eta euskalduna izatearena bai, frogan jartzen ninduten ea euskaraz banekien jakiteko eta abar. Ikusten ninduten eta esaten zidaten: «zuk ezin duzu euskaraz jakin, ea nola esaten da hau euskaraz» eta horrelako kontu pila bat. Baina Etsaiak taldearekin aritzen nintzen orduan eta errespetua lortzen nuen oholtza gainean. Hori bai, haien euskara hasieran ez nuen ezer ulertzen. Gerora, pixkanaka ondarrutarrez hasi nintzen hizketan, hasieran Keu eta Mikelekin mugitzen nintzelako kontzertuetara. Gero, gainerakoen lekeitiarra ere nahastu eta horrela hitz egiten dut gaur egun, dena nahasiz. ‘Faraona’ deitzen zidaten Etsaiakeko kideek», gogoratu du Afrikak.
Bide luzea egin du ordutik aurrera musikaren munduan eta bigarren lana badu Euskal Herrira itzuli denetik. «Ez nuen usteko hainbeste urte iraungo nuenik euskal eszenan, eta alde egin nuenetik are gutxiago. Baina begira, sekula ez zaio uko egin behar ezeri eta hemen nago, disko berria aurkezten», esan digu irribarrez.
Norbera maitatzeko bidean, diskoaren ildoa hori baita, bere burua onartzen laguntzeko zein gomendio emango liokeen norbaiti ere galdetu diogu Algortako abeslariari: «Denok daukagu botere bat edo zeozer polita dena gure baitan, gaitasunen bat. Ez da jatorra, guapoa edo diruduna izan beharrik zure burua maitatzeko, denok daukagu zeozer barruan eta hori topatzen dugunean geldiezinak bihurtzen gara».
Hauskorra dela ere erakutsi digu, ordea, ‘Kristalezko kaiola’ abestian kontatu duenagatik: «Gehienetan hauskor sentitzen naiz, horregatik idazten ditut kantu hauek. Jendeari abestietan esaten diodan hori lehendabizi niretzat beharrezkoa da. Hasieran ezetz esaten diot nire buruari zerbait berriaren aurrean topo egitean, ez naizela gai, baina gero indartu eta aurrera egiten dut. Borrokalaria naiz, egunero borrokatu behar da zerbaiten aurrean».
Emakumearen dotorezia eta askatasun beharra
Estetika landua eta bereziarekin agertu da ispiluaren aurrean Afrika Bibang. Laura Martinovak zuzendutako ‘Emakumeak’ bideoklipean ere dotorezia hori hasieratik bukaeraraino zaindu dute: «Eleganteak izaten saiatu gara eta sekulako ekoizpena du atzetik bideoklipak. Aloixe Olabarrik esan zidan merezi nuela kategoriako bideoklip bat. Esan nion bere esku zegoela dena, ez neukala indarrik ez gogorik horretan hasteko. Eta nik puntuala izan eta neurea egitea besterik ez nuen egin behar izan. Argiztapenekoak, arte zuzendariak, jantzitegikoak, dantzariak, makilatzaileak… auskalo zenbat jende zegoen bertan, La Bilbainan grabatu genuen eta Beyoncé banintz bezala sentitu nintzen. Edozein kontzertutan baino jende gehiago behar izan genuen hori aurrera ateratzeko, baina zoragarri geratu da».
«Fuck the rules, we wanna change the world» (pikutara arauak, mundua aldatu nahi dugu) esanaz, aldarrikapen argia egin du emakumeen mesedetan Afrikak kantu horretan: «Arauak aldatu egin behar dira, emakumeenaganako batez ere. Bortxaketa bat ematen denean zu zara erruduna, legeek eta epaileek eta… ez dizute laguntzen. Ikusten dugu zer gertatzen den eta suabea izango naiz honi buruz hitz egitean, punki jartzen naizelako. Emakumeek ez dute adierazpen askatasunik, «nola zoaz horrela jantzita», «jatorregia zara», «gona hori janzten baduzu»… horrelakoak esan eta atzetik gehitzen dute «normala da bortxatzen bazaituzte». Normala da? Nik beldurrik gabe bizi nahi dut eta emakumeok adierazpen askatasun gehiago behar dugu oraindik ere».
Diskoa aurkezteko kontzertuak ere martxan dira, dantzarako gonbita luzatu digu gainera Afrikak: «Azaroaren 12an Donostiako DOKAn eta 14an Atarrabiako Totem aretoan izango naiz. Gainera oso motibagarria da denak dantzatzen ikustea hasieratik bukaeraraino, ni neu ere hala izaten naiz-eta». Ispiluaren aurrean jarri beharrik ez dago horretarako, baina aurretik etxean praktika dezakezue plataforma digitaletan entzuteko moduan dagoelako ‘Ispiluaren aurrean’ diskoa.