En direct
«Diskoa azkenean atera da» esan digute Liher taldeko Iñigo Etxarrik eta Lide Hernandok elkarrizketa hasi eta berehala. Eta hori bada bitxia, aurrekoa, ‘Hemen herensugeak daude’, atera zutenetik urte eta erdi soilik pasa delako. Diskoaren grabaketen inguruan eguneroko bat ere osatu zuten NAIZen webgunean. Andoaingo Garate estudioan grabatu baitzuten ‘Eta hutsa zen helmuga’ diskoa 2021eko udan.
Ander Berzosa baterian, Iñigo Etxarri gitarrarekin, Lide Hernando gitarrarekin eta ahots nagusian eta Joshka Natke baxu-jotzailea izan dira disko honetako bizkar-hezurra. Baina «arima eta giharra» Jon Lujanbioren eskutik etorri dela azpimarratu dute Liher taldekoek: «Bera gabe ez litzateke ez talderik ez kontzerturik egongo. Bolo asko lortu dizkigu, furgonetan eramaten gaitu… eta dena muxutruk. Bosgarren taldekidea da, ez du ezer ere kobratzen, eta besteok bezalaxe taldeari dion maitasunagatik dago hemen».
Arrakalak urrez beteta
Nork bere burua zaintzearen garrantziaz hitz egiten dute ‘Urre hauts’. Sormena zaintzarako garrantzitsua izaten da askotan artistentzat. «Terapia bat izan da, nonbaitetik atera behar zen barruan pairatzen ari ginen guztia. Hori egiten dakigunez, mendira joateaz aparte kantuak egin ditugu», esan du Iñigo Etxarrik. Lide Hernanok ere antzeko bideari eutsi nahi izan dio: «Etxarrik terapia moduan kantuak sortzeari ekin zion itxialdian eta nik hari jarraika idatzi nituen abestien hitzak». Musikalki eta harmonikoki diskorik konplexuena dela gaineratu du Etxarrik eta berak nahikoa lan zuenez, Lide Hernandoren eskutan geratu da hitzak idaztearena: «Joshkak edota Etxarrik eman izan dizkidate ideiak aurrekoetan, edo zatiren bat idatzi, baina oraingoan ez dut uste beste inork ezer idatzi duenik, eta hala bada, barkatu baina ez dut gogoratzen».
‘Kintsugi’ kontzeptuarekin irekitzen dute diskoa. Japoniatik datorren terminoa, aurretik ere Euskal Herrian beste izen batekin ikusi duguna. «‘The man in the high castle’ telesaila ikusten ikasi nuen kontzeptu hori. Ikusten hasi eta ez bukatu telesaila, atsekabetuko zaituzte. Momentu horretan kontzeptu hori bizitzen ari ginen, eta diskoan joan behar zuela argi neukan. Izatez arte japoniarreko teknika bat da kintsugia, portzelanazko objektuak apurtzean urre kolorezko kola batekin itsasten dituzte, hausturak agerian utziaz, orbainak bailiran. Hori adierazi nahi genuen. Bilaketak egin ostean, ikusi dut termino hori dezente erabili dela batean eta bestean eta baita Euskal Herrian ere, Maria Riverok erabili zuelako», aipatu du Hernandok. Pandemiak Liher taldeari emandako zapladari egindako kantua da ‘Kintsugi’.
Disko harmoniatsua
Ahotsek protagonismo hartu dute ‘Eta hutsa zen helmuga’ diskoan, nahikoa korala dela esan dezakegu. «Harmonia bilatzearen ariketa eginaz ibili naiz denbora guztian. Ahotsetan, gitarren artean, gitarra eta baxuaren artean… Kolore paleta aberatsa lantzen saiatu gara, aurreko diskoan dena blokean joan zelako akaso eta monokromoago. Bada, oraingoan elementu bakoitzarekin linea bat lantzen saiatu gara eta horrek koral itxura eman dezake», aipatu du Iñigo Etxarrik. Horrez gainera, Lide Hernandok aurrerapauso nabarmena eman du gitarrarekin. Hilabete eskaseko tartean agurtu zuten aurreko diskoa eta berria aurkeztu, eta aldaketa nabaria izan da: «Hobeto ez dakit, baina ardura gehiago hartu dut gitarrarekin. Bakarkako momentu gehiago ditut edota punteo txikiren bat, baina solorik ez, hori bost disko barru akaso, kar-kar. Etxarrik tentatu egiten nau eta beti esaten diot ezetz hasieran, baina gero konbentzitzen nau. Amodio-gorroto erlazio bat sortzen da hor, gitarrak abesterakoan esklabotzen nauelako». Gitarra berriarekin agertu zen Intxaurrondoko oholtzan eta Etxarrik honakoa gaineratu du: «Amodio gehiago dio nik uste gorrotoa baino… Beste gauzekin bete daiteke gitarraren espazio hori eta Lideren ametsa badakit gitarra gabe abestea dela, baina linea horiekin bikain geratzen dira abestiak».
Etxarrik berak ere gitarrarekin jolaserako tarte zabala izan du diskoan: «Izan dugun bidelagunak, Kaki Arkarazok, elikatu du munstroa. Uste nuen hamar aukera banitu, bi onenak hautatzeko esango zidala, baina ez. Hamar aukera baziren, hamabi sortzen zituen mikro, gitarra eta anplifikadoreekin. Prozesuan behar izaten dut norbait zatiren bat kaka bat dela eta kanpora uzteko esango didana, baina Kakik %95a sartu du».
Lau gehi lau ez dira beti zortzi izaten
Kolaboratzaile bikainak izan dituzte ahotsetarako Liher taldekoek: Noa Egiguren, Lidia Insausti, Alain Martinez eta Miren Narbaiza. ‘Hasi’ kantuan ahotsek entzuteko pausa bat eskatzen dute. Lide Hernandok eta Lidia Insaustik soul ukitu nabarmena duen abestia landu dute, nahiz eta americana estilora ere jotzen duten Izkander Fernándezek MusikHaria saioan aipatu zuen moduan. Beren ibilbidean beste mugarri txiki bat da ‘Hasi’. «Aurretik pentsatu gabeko abestia da, sortu zen momentutik hor mantendu dena. Abesti batzuk diskotik kanpora geratu dira, baina hau Garatera joan arte mantendu da. Beti egiten dugu abestiren bat gure estilotik ihes egiten duena, eta gerora ez dakigu zer gertatuko den baina ate bat zabaltzen dugu», aipatu digu Iñigo Etxarrik. «Melomanoak gara eta diskoaren ildotik ihes egiten duen kanturen bat beti sortzen da bidetik, eta hemen hau sartu behar genuen, abesti kuttun bihurtu delako», gaineratu du Hernandok.
Emakumeek sehaska kantez harago indartsu eta eztarria urratuz abestu dezaketela egin du aldarri Liherrek Noa Egiguren laguntzaz ‘Ain't no lullaby’ abestian. Sekulako presentzia izan zuen Intxaurrondon egindako aurkezpen ekitaldian Egigurenek. «Ahal duen guztietan eta nahi duen guztietan ondoan izango dugu Noa. Berak eta biok askotan hitz egin dugu suabe abestea gogoko dugula, baina baita fuerte abestea ere. Hala, beti etortzen da norbait, ozen abestu ondoren, suabe abesten dugunean hobeto egiten dugula esanaz», dio Hernandok. «Gizon bezala molde askorekin apurtu beharra dagoela argi eduki behar dugu eta tartean aipatu duten hau ere badago, egin dezatela nahi dutena!», gaineratu du Etxarrik.
‘Arrastaka’ kantua «entsalada» moduan aurkeztu digute Liherrekoek. Oihuka, ahotsa urratuz eta metal gogorrenaren ukituak dituen abestia da. «Naizroxaren garaitik datorren kontua da, barruan gas bat duzunean eta bota beharra sentitzen duzun une hori, badakizu? bada hori atera zen», esan digu Iñigo Etxarrik. «Birziklapena, lagun!», gaineratu du umorez Lidek. «Eneko Goikoetxea gitarra-jotzailearekin martzianada asko egin genituen eta publikatu gabe zeuden, bada hau hor sartu da». Exijentzia handikoa da Liderentzat gisa horretara abestea: «Teknika handia eskatzen du, orain arte nik erabili gabekoa. Horrela kontzertu osoa abesten dutenak miretsi egiten ditut, nik zati bat baino ez dut egiten eta kosta egiten zait, pentsa! Eztarria zainduz, tripatik abestu behar da hori».
Sampler ugari ere entzun dira disko honetan. Negu Gorriak taldean Kaki Arkarazok berak asko sartu izan zituen diskoetan. Ideia berea ote da? «Kakik ez ditu entzun interludio horiek, bukaera arte ez ditugulako sartu. Beti gustatu izan zait halako mundu hori, Negu Gorriaken Kakik berak sartzen ziten eta Matxetek ere Naizroxan gehitzen zituen halakoak. Gisa horretara, diskoa pausarik gabe entzun zitekeen. Lidek kintsugiak zirela esaten zuen, burutazio hori justifikatuta geratzen zen horrela, eta nik kantu bakoitzeko bizpahiru kontzeptu eskatzen nizkion eta haietatik burura etortzen zitzaizkidan soinuak sartu. Gero, denbora bat pasata, esaten zidan «hemen zer sartu duzu?» eta nire erantzuna zen, «zer dakit ba nik!», baina hor daude», esan digu Iñigo Etxarrik.
Oteizaren lana ardatz
Jorge Oteiza presente izan dute disko honetan Liherrekoek sorkuntza garaian. «Oteizaren aurpegia ez genuen jarri nahi argi eta garbi diskoaren azalean. Entzuleak bere hausnarketak egin ditzala», hasi da Etxarri. Atzetik Hernandok hitza hartu eta azaldu digu Oteizaren nondik norakoa: «Diskoaren bi zutabeak dira kintsugiak eta Oteiza. Ez zuen disko oso baterako ematen kintsugiaren kontzeptuak eta hausturatik hutsera dagoen tarte hori lotu nahi izan dugu. Hala, Oteizak hutsari buruz egindako guztia aintzat hartuta, bi kontzeptu horien bueltan dago egina diskoa».
Miren Narbaizaren ahotsaren tinbre bereziak bustitzen du ‘Orri zuri batek’ abestia eta bertan entzuten da hizketan Oteiza bera ere. Sormenari buruz ari dira kantuan Liherrekoak, zer da, ordea, sortzea haientzat? «Batzuetan liberazio bat da baina beste batzuetan lotura, zerbait sortzeko konpromisoa hartzen duzulako eta karga bihurtzen delako. Baina prozesua bera ederra izaten da bukaeran. Hasieran, gogorik gabe-edo hasten bazara ere, sortzen duzun hori entzun eta gogoko duzunean, ederra da egindako bidea», esan digu Lide Hernandok. «Lideri esaten diot, ea zer egiten dugun marroi hauetan sartuz eta gero atzetik zerbait berria etortzen da. Beste taldekideek ez dakite, ez nazatela entzun, baina kantu berri bat sortu dut orain egun gutxi. Beti pausatzeko esaten didate, lasaiago hartzeko, baina terapia moduko bat da sortzea niretzat eta nola hala bada ere, grabatu eta gordeta dago abesti hori», segi du Etxarrik.
Disko honetako beste berezitasunetako bat ‘Porlan’ kantuan Etxarrik ahotsean protagonismoa hartzen duela da. Abestiaren sarreran pasaitarra entzun dezakegu abesten. Gero, gainera, kantuak gainera badu halako lelo itsaskor bat: «Pikutara zure auto-gupida». Orain arte, ordea, ez du sekula lehen planoan halako agerpenik egin Etxarrik ahotsean: «Lehenengo aldiz utzi dit Lidek bakarrik abesten… txantxa da. Dena egin nuen «nanana guotximeri» estiloan eta linea hori atera zen, hori da guztia». Hernandok horri hau gaineratu dio: «Melodia zegoen tonuan egonda, zerbait desberdina eskaintzeko aukera ematen zuen eta aprobetxatu genuen». Lelo itsaskorrarena, ordea, ez diegu guk bakarrik esan: «Qvernoko Alainen aburuz, gure bizitza osoan egingo dugun abesti baten zatirik hoberena dela auto-gupidarena», esan digute barre artean. ‘Mairubaratza’ kantuan hartu du parte Alain Martinezek eta ukitu berezia eman kantuari: «‘Glam’-a gehitu dio diskoari, bera izan da purpurina itsatsi diona, maketa bidali zigunetik hori nabaritu dugu kantuan eta pozik gaude».
‘Arrastaka’ kantuan galtzen ez dakienaren inguruan aritu ostean, zeinen negartiak garen diote ‘Porlan’-en. Baina atzetik bigarren irakurketa bat ere badu Hernandok esan digunez: «Berez animalien ikuspuntutik idatzitako abestia da. Gu konfinatuta ginela animaliek hiriak hartu zituzten eta haien azalean jarri nintzen. «Pikutara zuen auto-gupida, utzi negar egiteari gu askoz ere okerrago gaudela!», hori da nire irudimenerako animaliek ziotena».
Kontzertuak martxan
Harrespil bat ikusi daiteke ‘Eta hutsa zen helmuga’ diskoaren azalean. Zein harrespil den galdetuta, «Windowseko pantailakoa da kar, kar», erantzun digu Etxarrik segidan. «Guk harrespila nahi genuen diskoaren azalerako eta Fran Rodriguezen (@lacabezaenlasnubes) Instagram orrialdean ikusi genuen bat. Harremanetan jarri eta esan genion hortik tiratzeko azala sortzeko eta hori da emaitza», esan digu Hernandok. Diskoa ohiko saltokietan jarri dute eskuratzeko moduan: «Oiartzungo Prycako eskuineko aldean, Ken zazpiren lehen diskoaren alboan, Elkar dendetan eta Fnacen», aipatu digu ironiaz Etxarrik. Horrez gainera, aurrez aurre ere salduko dutela gaineratu du Hernandok: «Durangoko azokan ere izango gara eta bertatik bertara eskuratzeko modua egongo dela espero dezagun»
Iragarri dituzte dagoeneko hainbat kontzertutarako hitzorduak. Euskal Herrian azaroaren 26an Amurrion, azaroaren 28an Ondarroan eta abenduaren 8an Durangon izango dira. Tartean, ordea, kontzertu sorta luzea emango dute kanpoan: «Ez ditugu aurreko diskoarekin bezala 30 kontzertu iragarri, oraingoan 10-12 datako afixa atera dugu eta eguneratzen joango gara. Nork esango zigun Valentzian aurkeztuko genukeenik diskoa? Bada bertan hasiko gara», bukatu dute Liherrekoek. Helmuga hutsa zela esan dute, baina espero dezagun diskoak helmuga urrun izatea eta bidean kontzertu ugariz gozatzea, bai haiek eta baita guk ere. Asteburu honetan hasiko duen ibilbidea, Valentzian eta Castellón.