En direct

«Askotan hartuko genuke katana bat eskuen artean»

2018an atera zuten lehen lan luzea Onki Xin taldekoek eta 3 urte beranduago eta EP bat argitaratu ostean, ‘Hikikomori’ diskoa kaleratu berri du Fer Apoa eta Zigor DZ buru duen taldeak. Elektronika dantzagarria eta rockaren indarra uztartu dituzten albuma aurkeztu du Zigor DZk MusikHaria saioan.

Audio_placeholder

«Askotan hartuko genuke katana bat eskuen artean»

Loading player...
Bigarren lan luzea du Onki Xin taldeak ‘Hikikomori’ diskoarekin.
Bigarren lan luzea du Onki Xin taldeak ‘Hikikomori’ diskoarekin.

Asiatik datorren fenomeno bat da ‘Hikikomori’ delakoena eta horri eman diote diskoaren izenburua Onki Xin taldekoek. Klubetan eta dantzalekuetan jartzeko moduko kantuak dituen 11 abestiko lana, baina rockak bere pisua duena.

Fenomeno bitxia da ‘hikokomori’ delakoena, pandemiaz harago doan zerbait dela kontatu digu Zigor DZk: «Hikikomorien kasuan ez zara sentitzen sistema honen parte eta etxean sartzen zara, bakartuta. Denok izan gara pixka bat hikikomori pandemian, baina hortik aparte ere badugu geroz eta gehiago zabaltzen ari denaren sentsazioa. Denok modu indibidualen bizi gara, mugikorrak irentsita, eta norbera kolektiboaren gainetik jartzen da azkenaldian, horrek kezka sortzen digu Fer eta bioi».

‘2lasser’ kantuan ere antzerako bidetik jarraitu dute Onki Xinekoek. Elementu japoniarren aipamenak eta soinuak entzun daitezke, Valtonyc-i erreferentziaren bat… Baina musikari dagokionez EDM, House edota Techno estiloak nabari dira hainbat samplerretan. «Onki Xin elektronikoa eta elektrikoa da hasieratik. Abesti hau hip-hop azkar moduan ulertu daiteke, baina Ferrek ematen dio ukitu elektrikoa eta nik elektronikoa, nahiz eta gero batera edo bestera gehiago joaten garen askotan. Zuk aipatu duzun igoera hori edota ‘reverse’-ak, badira nolabait ere elektronika munduan erabiltzen diren hainbat truko eta gu haiek erabili zaleak gara», azaldu digu Zizurkilgo musikariak.

Izarrari jarraika dabiltzala aipatzen dute abestiren bateak, baina, beren iruditerian planetak, astronautak edota diskoko azalean espazioa ikusi ditzakegu. Unai Lizarza izan da artearen egilea, baina elkarlanaren ondorioa izan dela aipatu digu Zigor DZk: «Hiruon artean hitz egin dugun zerbait da. Ukitu elektronikoak espaziora eramaten gaitu eta letrek ere halako zerbait iradokitzen dute maiz, Unaik gero gure ideia terreno horretara eraman du. Duela 2 urte ezagutu genuen, ez lehenago, nahiz eta Villabonakoa den eta sekulako sortzailea dela ikusi dugu, oso pozik gaude». Hainbat ‘visualizer’ egin ditu Lizarzak eta bideo horien azpian kantuen hitzak eta data batzuk agertzen dira Onki Xinen YouTubeko kanalean. Data horien esanahia ere argitu nahi izan dugu: «Gehienak kantuak sortu diren egunak dira edota kantuaren sorrera prozesuaren datak. Momentu jakin batean bizitako gauzak dira eta bada zerbait berezia hori ere. Fer nahikoa detaile zalea da eta guretzako ederra eta bitxia da aldi berean istorio hori guztia».

Kapitalismoaren basakeria salatuz
‘Lady Katanna’ idatzita dagoen egun berean, 2020ko uztailaren 5ean, Serantes mendian EAJkoak bildu eta Urkullu Lehendakariak halako diskurtso bat eman zuen. Onki Xinekoek «Izan zu killer» edota «Gerra neofaxismoari» bezalako mezuak sartu ditu kantu horretan. Batak bestearekin loturarik ba ote du? «Ez dakit egun horretan gertatu zen horrekin lotuta dagoen, baina izan daiteke. Kapitalismoaren pisua eta faxismoaren gorakada, VOX bezalako alderdiekin, kezkagarria dira, gu ez gaude batere konforme eta askotan hartuko genuke katana bat eskuen artean», azaldu digu Zigor DZk.

Migratzaileen bizitza gertatzen diren hainbat tragedia salatuz idatzi dute ‘Medusse (Le radeau de la méduse)’ abestia, benetako tragedia batean oinarrituta dagoena: «Mugan bizi da Fer, Irunen, eta han migrazioaren tragediak askoz ere gehiago eragiten du Zizurkilen baino, nahiz eta kilometro gutxira egon». Koadro bat bada Louvren, ‘Le radeau de la méduse’ deiturikoa, honen inguruan sortua. XIX. mendeko Frantziako konkistatzaile batzuk Mauritania inguruan hondoratu eta halako almadia bat egin eta batzuk bizirautea lortu izana irudikatzen da. Onki Xinekoek hura abiapuntu bezala hartu dute eta drama gaur kontrako bidean pairatzen dutenei eskaini abestia. Musikalki drum&bass estiloan dago sortuta, erritmo indartsua benetan: «Drum & bassa dago batetik baina gero rockera ere pasatzen da abestia, bietatik edaten du. Kantu luzeak egiten ditugu, ez dira pop kantu ohikoak, estrofa-estribillo jolasean buelta batzuk eman eta bukatzen direnak. Erritmo batekin bukaera ematen minutu batez luzatu daiteke gure edozein abesti, norbaitek pintxatu nahiko balu nahasketak egiteko aukera ere izan dezan», kontatu digu Onki Xin taldeko sortzaileak.

Konposatze lanetan ez dute metodologia bera erabiltzen denbora guztian zizurkildarrak azaldu digunez: «Batzuetan erritmo batetik abiatzen gara, besteetan sampler batetik edota akorde batzuetatik hasten gara. Besteetan, kantu bat entzun eta hortik abiatu eta zerbait desberdina sortzen hasten gara… Hortik dator gure oparotasuna». Ostegun santuarekin, 2020ko apirilaren 9an, sortu zen t(ERROR 404) abestia eta sampler batean ‘sinisten dut’ esaten ote duen galdetu diogu Zigor DZri, erlijioari kritika moduko bat egin nahian-edo, baina ez: «‘System error’ esaten du samplerrak eta esaldi horretatik abiatu eta sortuta dago abestia. Interludio moduan pare bat kantu daude, hau da horietako bat, baina horiek ere ez dira laburrak».

Samplerren munduan asko jolastu eta denbora infinitua eskaini diezaioke zalea den edonork, guk Zigor DZ nola ibiltzen jakin nahi izan dugu: «Ni nahikoa praktikoa naiz eta segidan ikusten dut sampler batek balio dezakeen zerbaitetarako edo ez, ez badu nahikoa azkar bidea hartzen alboratu egiten dut. Zerbait baduela uste badut, gordetzen dut. Baina jolasean hasten zara eta orduak eman ditzakezu sampler batekin eta batzuetan ‘loop’ batean sartzen zara eta ez duzu biderik aurkitzen, kateatuta geratu zaitezke bertan».

Borroka eta erromantizismoa
Kutsu pop nabariena duen abestia ‘Bass-oa’ deiturikoa da. «Hala ere, pop kantu bat izateko oso luzea da, badu ukitu hip-hoperoa ere. Maitasun istorio bat kontatzen da bertan eta hori ere gustatzen zaigu, borrokarekin batera amodioa ere badagoelako gure ideietan». Kantu horretan entzun daitekeen sampler batean ‘I miss you’ esaten du, ‘faltan sumatzen zaitut’ alegia, baina euskaraz ‘amestu’ ere ulertu daiteke. Halako hitz joko dotore bat sortu dute uste gabe Onki Xinekoek: «Gu ez gara gogoeta horretara iritsi baina entzun daiteke diozun hori. Malenkonia puntua du, nahiz eta melodiak beste zerbait iradokitzen duen».

Berlingo Kreuzberg bada elektronikazaleentzat auzo aproposa. Z bat erantsi eta ‘Kreuzzberg’ kantua eskaini dio Onki Xin taldeak Alemaniako hiriburuko toki enblematikoari: «Elektronika, rocka… orokorrean underground zirkuitua gogoko duenarentzat auzo egokia da oporretan joateko. Auzo gaztea, lasai ibili daitekeena, Berlin bezalako hiri handi batean zaudenik ez dirudiena… Auzoari berari idatzitako amodiozko kantu bat da. Erik Aberehk hartzen du hemen parte, baxu rockeroa eskatzen zuelako abesti honek eta ez sintetizadorearena. Ferrekin du harremana, elkarrekin Estricallan jotzen dutelako eta, aktiboegi ez dauden arren, taldeari eusten diotelako». ‘Crashing down’ esaten duen sampler bat ere entzuten da eta esan diogu nahikoa apurtzaileak izaten direla Kreuzberg auzoko egonaldiak: «gehienetan bai egia esanda», erantzun du barrez Zigor DZk. Ume baten ahotsa ere entzuten da abestian, baina kasu honetan ez da sampler bat izan, Zigor DZren semea, Ondarru, izan da ahotsa sartu duena: «Nik ezer ere esan gabe, kantua entzun zuen eta koro hori etorri zitzaion bat-batean ezpainetara. Ordenagailu aurrean jarrita zegoen kantua sortzen nintzela eta hori egiten hasi zen, gustatu zitzaigun eta grabatu egin genuen etxeko ordenagailuari abesten zion bitartean», esan digu zizurkildarrak.

Erronka berriak onartuz
Halako disko bat sortu aurretik musika entzun eta ikerketan aritzen ote den ere galdetu diogu Zigor DZri: «Ni DJa naiz eta melomanoa. Ez nuke esango kantu bat sortzeko zerbait propio entzuten dudanik, baina ezer ez da sortzen ezerezetik. Hartara, kanturen batek edo beste batek izan dezake eragin nabarmenenen bat. Rock kantu bat egin nahi genuen disko honetan aurreko lanetan ere sartu dugun moduan, izan ere elektronikara joaten garen arren, rock zaleak ere bagara. Hala sortzen da ‘Kreuzzberg’. Tamalez, rockaren eszena zertxobait jaitsi da. Orain sintetizadoreak erabiltzea oso modan dago, 80. hamarkadako musikaren eragina oso handia izan delako munduan, indie musikan hasi zena zabaldu eta sekulako eztanda izan da. Eta hori sintetizadoreen mundua ez dela batere erraza».

Bere terrenotik atera dutena Anari Alberdi izan da. Musikari azkoitiarra rap errimak abesten jarri du Onki Xinek: «Ferrek gogo berezia zuen Anari gure diskoan izan zedin eta nik ere aspalditik ezagutzen dut. Guretzako plazer hutsa izan da eta bere testuingurutik atera dugu. Bere kutsu hori nahi genuen, Ferrekin batera abesten du eta iluntasun hori ematen dio abestiari. Berak hasieran probatu eta ikusiko genuela esan zuen, baina bizitza honetan erronka berriei aurre egin behar zaio eta gu behintzat oso gustura geratu gara ‘Abbisal’ kantuan egin duenarekin. Gainera, Onki Xinen kantu batean lehenengo aldia da abeslari batek bere ahotsarekin kantu osoan abesten duena». Letra bera Anarirena izan zitekeela gaineratu diogu eta Zigor DZk erantsi letra oso sakona duela, «2003an hasi eta 2021ean bukatutakoa. Oso barrutik egindakoa eta nahikoa gogorra dena, baina polita aldi berean».

‘Herri Mekanika’ kantuan, diskoaren sarreran Nina Simonerekin gertatzen den moduan, speech bat entzuten da. «Mario Savio da hizketan ari dena, pentsalari eta poeta estatubatuarra. Mundua aldatzeko engranajea pertsonak garela esaten du mezu horretan eta horregatik izena du kantak ‘Herri Mekanika’», azaldu digu Zigor DZk. Diskoa etorri aurretik ‘Antifa Dance Squad’ kantua ere kaleratu zuten, baina ez da ‘Hikikomori’ albumean ageri: «Kantu solte bat izan zen. Bizirik egoteko atera beharra genuen kantu bat zen eta faxismoaren igoera ikusita borrokatzeko grina genuenez, kantu hori sortu zen. Kantu oso elektronikoa da, indar handikoa. Diskoa egin genuen une berean sortu genuen, baina ez genuen sekulan ere diskoan planteatzen. Diskoa sortzerakoan ez ditugu 11 kantu horiek bakarrik egin, beste batzuk gorde egiten dira, batzuk bidean hil…».

Zuzenean gozatzeko aukera
Diskoaren ekoizpena eta konponketak Peio Gorrotxategik eginak dira. «Aieka estudioan grabatuta dago disko hau eta bertan Peiok asko lagundu digu izan moldaketetan edota akatsak genituen tokian zuzenketak egiten. Jon Ander Artolak grabatu ditu berriz ere bateriak, aurreko diskoan bezalaxe, eta oraingo diskoan azkenaldian gurekin dabilen Mikel Benitok grabatu ditu gitarrak. Zuzenekoetan hauek biak, Fer eta lauok izaten gara», aipatu du Onki Xin taldeko elektronika arduradunak.

Diskoa autoekoizpenean egin dute eta dagoeneko eskuratzeko moduan dago batean eta bestean. «Durangoko Azokan Musika Zuzenean-en standean jarriko dugu saltzeko. Baina dagoeneko Villabonako Rainbown, Lesakako Arranon, Irungo Kabigorrin, Iruñeko Katakraken eta horretarako propio sortu dugun webgunean eskuratu daiteke». Datorren kontzertua Tolosako Bonberenean emango dute urriaren 23an; gerora, azaroaren 26an, Legorretan izango dira eta, abenduaren 11n, Añorgako zine zaharrean: «Pandemia eta gero guztia martxan jartzea kostatzen ari da, zirkuitu batzuk erabat geldirik egon direlako. Estilo batzuetan gehiago kostatzen ari da buelta ematen honi guztiari, baina ari gara lanean».

«Ez duzu kapitalismoa gorroto, astelehenak gorroto dituzu» diote ‘Extraball’ abestian. Ostiralaren aldeko aldarrikapena duen abestia eta Unai Lizarzaren bideoklip berezia duena: «Bideoklipa erakutsi zigunean asko gustatu zitzaigun. Espazioa du, gure ideiarekin bat egiten du, badu borroka eta egur pixka bat eta Unairen sorkuntza lana bikaina izanda. Hala, bertatik abiatu dugu gainerako guztia ere»

Dantzalekuetan zein herriko plazetan gorputza mugitzeko proposamen bikaina Onki Xinen ‘Hikikomori’.

Jaurlaritza Logoa