En direct

Transkripzioa:
Ander:
«Etxe bat bezala balitz nire bizitzaren armairua...»
Ioar:
Egun on, Ander. Kantari zatoz gaur!
Ander:
Aspaldi ez nuen Izaro kantariaren Om diskoa entzuten, eta abesten jarri nau. Horregatik nator hain pozik.
Ioar:
Musikak badu eguna alaitzeko gaitasuna. Eta Izarok ere bai.
Ander:
Asko maite ditut Izaroren abestiak eta doinuak. Bizipoza ematen didate, bizitzari kantuan hasteko moduan.
Ioar:
´La felicidad´ kanta arrakastatsuaren aurretik ere abesti alaiak egin zituen. Ni ere asko entzundakoa naiz. Horretan bat gatoz.
Ander:
Aitortu dizut bizipoza ematen didatela haren abestiek. Maitasuna, gozamena, zoriona... Azken aldian Donostiari eta bizitzari egin zaizkion abesti biribilenak iruditzen zaizkit.
Ioar:
Donostian bizi al da Izaro?
Ander:
Ikaslea zenean etorri zen, bai; eta hemen bizi da gaur egun. Baina uste dut bizkaitarra dela sortzez.
Ioar:
Badaezpada ere Wikipedian begiratuko dut. Hemen dago. Honela dio: “Izaro Andres Zelaieta edo Izaro (Mallabia, Bizkaia, 1993ko abenduaren 31) euskal abeslaria eta musikagilea da”.
Ander:
Zein urtetan hasi zen musikan?
Ioar:
2004an. Harrezkero disko batzuk kaleratu ditu. Om izan zen lehenengoa. Hankapuntetan izena zuen bigarrenak. Donostiari eskainitako Eason diskoa atera zuen gero. Eta laugarrena da Limones en invierno.
Ander:
Zer egingo ote genuke Wikipediarik gabe!
Ioar:
Bai, bai... baina... zer egingo genuke irratirik gabe?
AUDIOA-1 | IZARO ANDRES
Ioar:
Musikari batek, kantuan hasten denean, ez du jakiten zer bide egingo duen. Gitarra hartu, akorde batzuk jo, letrak gehitu eta plazara atera nahi izaten du.
Ander:
Eta, halako batean, gogoan itsasten zaigu abesti atsegin bat.
Ioar:
Kanta bat barruraino sartuz gero, hor hasten gara musikariaren sorkuntza lanak deskubritzen.
Ander:
Hori da!: ba ote daukan diskorik, non diren kontzertuak...
Ioar:
Irrika pizten da.
Ander:
Ez da erraza izaten musikari ezaguna bihurtzea, baina orain musikari berri piloa entzuten ari naiz.
Ioar:
Zuk gogoan al duzu non izan zenuen lehenengoz Izaroren berri?
Ander:
Durangoko Azokan. Maketa bat saltzen zebilen han, stand erdi baten. Bi-hiru neska zeuden postuan, eta hurbildu egin nintzen. Ordurako kantaren bat entzunda neukala uste dut.
Ioar:
Ba nik irratian entzun nuen. Garai batean sarritan jartzen zuten. Izaroren ahotsa eta melodiak erraz sartu zitzaizkidan.
Ander:
´Om´eta ´Hankapuntetan´ diskoen ondoren, ´Eason´ izenekoa atera zuenean, gure inguruan mundu guztiak entzuten zuen Izaro. Makina bat buelta eman dizkiet disko horiei.
Ioar:
2018. urtean izan zen hori. Sekulako arrakasta izan zuen Izarok. Eta badakizu zer gertatzen den batzuetan, berehala denen gustukoak bihurtzen diren taldeak eta musikariak gutxiago estimatzen ditugula.
Ander:
Arrakasta? Zuk uste? Ez dakit nik gurean arrakasta izatea horrenbestekoa den. Zalantza daukat. Arrakastarik lortu ote dezake euskal kantari batek?
Ioar:
Nire ustez, bai. Batzuetan, gainera, garesti ordaintzen da arrakastaren efektua.
AUDIOA-2 | IZARO ANDRES
Ander:
Euskaldunok, horretan, espainolek bezala jokatu ohi dugu.
Ioar:
Nola?
Ander:
Nabarmendu egiten denari edo ospe ona duenari egurra ematen diogu. Gupidarik gabe. Gure jarrera hori ez dut batere maite.
Ioar:
Beharbada ez gara konturatzen musikariak, artistak, aktoreak gure antzeko pertsonak direla. Guk bezala, haiek ere beren kezkak, buruhausteak, arazoak eta zauriak izaten dituzte.
Ander:
Hobe bai, Ioar, tentelkeriak eta aurreiritziak alde batera utzi eta musika gehiago entzungo bagenu!
Ioar:
Aurrera. Zein kanta jarriko duzu, biok batera abes dezagun?
Ander:
´Paris´ kantatuko dugu: «dantzan dantzan, musuen hondartzan... arimen balantzan, Notre Dameko plazan»
Epilogoa - Beti ikasten
Ander:
Zer ikasi dugu gaur?
Helburuzko perpausa.
Solasaldiaren amaieran Ioarrek galdetu baitit:
—«Zein kanta jarriko duzu, biok batera abes dezagun?».
Ioar:
Izan ere, helburu bat dauka menpeko perpaus horrek: biok batera abestea.
Horregatik deitzen zaio helburuzko perpausa.
—«Zein kanta jarriko duzu, biok batera abes dezagun?».
Esaldia modu xumeago batean osatzea baneukan. Honela:
—«Zein kanta jarriko duzu, biok batera abesteko?»
Helburuzko perpausa da beste hau ere:
—“Biok batera abestearren jarri dut ´Paris´ izeneko kanta».
Hemen entzun dezakezue Izaro Andresi egindako elkarrizketa.


