En direct

NAIZ irratia

[01] Ruper Ordorikaren ´Amour eta Toujours´

Audio_placeholder

[01] Ruper Ordorikaren ´Amour eta Toujours´

Loading player...
Ruper Ordorikak gustura hartu du kontzertu berriak egiteko aukera.
Ruper Ordorikak gustura hartu du kontzertu berriak egiteko aukera. (Maialen ANDRES)

Transkripzioa:

Ander:
Kaixo, Ioar. Zer kontu dakarzu gaur?

Ioar:
Egun on, Ander. Argia urratu orduko ipini dut irratia. Eta... zaharrak berri.

Ander:
Baina zer moduz dago mundua?

Ioar:
Mundua..., gu baino hobeto ez. Gerra hotsa dabil. Beraz, hemen ez gaude kexatzeko. Aizu, zertara dator bat-batean munduaz arduratze hori?

Ander:
Beti zu ibiltzen zara niri galdezka, eta pentsatu dut aurrea hartzea gaur.

Ioar:
Gaur..., opari bat daukat zuretzat. Ezetz asmatu zer ekarri dizudan?

Ander:
Ez da izango! Opari bat, zuk niri? Harritzekoa bada, gero! Nolanahi ere pozten naiz, nitaz gogoratu zarelako.

Ioar:
Disko bat da.

Ander:
Utzidazu asmatzen... Willis Drummond taldearen zuzeneko diskoa Atabal aretoan?

Ioar:
Beharbada hori baino martxosoagoa irudituko zaizu.

Ander:
Dupla? Edo Chill Mafia agian? Badaukat dantzatzeko gogoa aspaldion. Ziur euskal regetoi apur bat ekarri didazula.

Ioar:
Aditu gabe, uste dut ez duzula erraz igarriko. Tira, itxi begiak. Diskoa jarriko dut, eta laster asmatuko duzu.

AUDIOA-1 | RUPER ORDORIKA

Ioar:
Ruper Ordorikaren azken lana ekarri dizut: Amour eta Toujours. Kubako doinuak ditu. Dantzagarriak iruditu zaizkit niri.

Ander:
Ruper Ordorika Kubako erritmoekin..., ezin dut irudikatu. Ondarroan esango luketen moduan, morroi horrek “eskobako palu” ematen du eta. Kuban grabatu al du?

Ioar:
Hemengo eta hango musikariekin egindakoa da. Kuban sortu omen zitzaion ideia, baina hamar urte geroago plazaratu du Euskal Herrian. Badirudi, bai, han grabatuta dagoela benetan.

Ander:
Zuk badakizu jakin, Ruperzalea naizela betidanik. Baina martxosoa zela esan didazunean, beste erritmo eta giro batzuk neuzkan buruan.

Ioar:
Entzundakoan esango didazu.

Ander:
Zuk ondo ezagutzen nauzu, Ioar. Biok gara musikazale porrokatuak, eta badakizkigu batak bestearen gustuak eta apetak.

Ioar:
Halaxe da, laguna. Ruperrek baietz Ander dantzan jarri!

Ander:
Abeslari eta sortzaile aparta da Ruper, eta beti musikari oso onekin inguratuta aritzen da. Horrek ematen dit konfiantza. Entzun dezagun oraintxe bertan.

AUDIOA-2 | RUPER ORDORIKA

Ander:
Eskerrik asko, Ioar. Lehen entzunaldian jokoz kanpo harrapatu nau. Baina, bigarren bueltan, disko biribila iruditu zait. Hasieran arraro, arrotz...

Ioar:
Mundu guztiari antzekoa gertatu zaio. Oñatiko musikariak konfort egoeratik atera gaitu denok. Hori da egin dezakeen onena, espero ez dugun diskoa egitea.

Ander:
Alde horretatik bada lorpena, bai. Eta zuk diozun moduan, beste leku batzuetara eraman gaitu disko honekin. Kubara, eta dantzara.

Ioar:
Musikari dotoreak bildu ditu inguruan. Atmosfera polita sortzen du. Badaude Kubako musikan ohikoak diren instrumentu eta giro batzuk: kontrabaxua, tres-a, erritmo dantzagarriak, perkusioak...

Ander:
Itxi begiak, berriro. Nongo musika ote den galdetuko baligute, ez genuke lehenengoan Euskal Herriko musikari baten lana denik esango.

Ioar:
Ruper Ordorikak ibilbide luzea dauka. Kontuan izan 1980. urtean plazaratu zuela estreinako diskoa: Hautsi da anfora. 40 urte baino gehiago daramatza diskoak egiten eta zuzenean jotzen.

Ander:
Haren diskoetatik gehienak etxean baditudala esango nuke. Rupertorio osoa kantatzeko gai naiz; baina hau ez nuen espero, ez.

Ioar:
Sorpresa bat eman nahi nizun. Eta lortu dut, ezta?

Ander:
Bai opari ederra egin didazuna! Dantzan hasteko gogoa pizten duen lana da.

Ioar:
Festa lasai baterako gonbidapen gozoa da musika honek iradokitzen duena.

Ander:
Gu bezala, beste ruperzale asko ere gure gorputzen erritmoan ibiliko direlakoan nago.

Ioar:
Ea zuzenean ikusteko aukerarik sortzen zaigun. Diskoan dagoen guztia oholtza batera eramatea ez baita horren erraza izango. Ruperrek horretan ere harrituko gaitu, ziur baietz.

Epilogoa - Beti ikasten

Ander:
Zer ikasi dugu gaur?
BAI esateko zeharkako modua.
Ioarrek bi bider esan du BAIETZ hitza:
—«Ruperrek baietz Ander dantzan jarri!»
Eta solasaldiaren amaieran:
—«Ruperrek horretan ere harrituko gaitu, ziur baietz».

Ioar:
BAI esatea eta BAI entzutea da gehien gustatzen zaiguna.
BAIETZ da euskaraz BAI esateko zeharkako forma:
Baietz aurten euskara ikasi!
Baietz esan diot tabernariari, joango garela festara.
—Esazu baietz, mesedez, etorriko zarela afaltzera.
Baietz uste dut, garagardorik ez dela faltako gauean.
Baietz eta baietz erantzun zidan, berak joko duela gitarra.

EZ esateko zeharkako forma EZETZ da:
Parranda aukerari ezin zaio ezetz esan.

Hemen entzun dezakezue Ruper Ordorikari egindako elkarrizketa.

Jaurlaritza Logoa